HIRUTASUN SANTUA C 2016-05-22
SARRERA

Senideok, ongi etorri Eukaristiara. Gaur, Hirutasun Santuaren jaia ospatzen dugu: Aita, Semea eta Espiritu Santua. Kristauok, Aita, Seme eta Espiritu Santu bezala ikusten dugu geure Jainkoa, eta hala bizi dugu eta hala dela hots egiten dugu. Aita edo Ama; Semea, Aitak gu salbatzera bidali duena; Espiritu Santua, bataioko uraren eta fedearen bidez Semeak gure bihotzean isuri duena.
Hirutasun Santu hori beti presente egon da munduan, gizadiaren historian. Aita maitasun huts bezala gurekiko: mundua kreatu du, gure kreatu gaitu, eta gizakia bere onetik erori denean bere Semea bidali du. Semea gizadiaren sorreratik egon da gizartean; gaurko lehen irakurgaiak horrela aurkezten digu: Aitak mundua egin zuenean, hor nengoen, eta gizon-emakumeekin jolasean pozten nintzen; eta Aitak erabaki duenean, guztiz esaneko agertu da gizadia salbatzera etortzeko orduan. Hasieratik beretik sartu zen Espiritua gizakiaren bihotzean, eta Espirituak ematen dizkigu aditzera, bai maitasunak zer eragin dion Aitari: kreazioa eta bigarren kreazioa, bai nola bete duen Semeak Aitaren borondatea.
Jainko hori bihotz-bihotzez onartzera dei egiten digute bai Aitaren maitasunak, bai Jesusen hitzak, bai Espirituaren arnasak.
«Aitaren» egiten dugun bakoitzean, adoratu eta gurtu dezagula Hirutasun Santu hori.
Eukaristia honek sor dezala gure bihotzean Hirutasunari buruzko maitasun sutsua. Eta maitasun horrek egin gaitzala gure artean gero eta senideago.

ESAERA ZAHARRAK liburutik (8,22-31)

Orain entzutera goazen irakurgaia Jainkoaren Jakinduriaz mintzo zaigu; ez da, jakina, mundu honetako jakinduria bezalakoa. Jainkoak beti berekin duen jakinduria da; bai mundua kreatzean Aitak berekin izan duen jakinduria, bai gizakiari bizitzan laguntzean, bai Kristoren bidez salbazioa ekartzean, bai Espiritu Santua bidaltzean.
Itun Berrian, hau da, Kristoren ondoko liburuetan eta tradizioan, Jakinduria hori Jesu Kristorekin parekatzen da: Jesu Kristo da Jakinduria, Jesu Kristo da Aitaren Hitza, Jesu Kristo da Aitaren maitasuna agertu diguna. Jesu Kristo da benetako Jakinduria.
Jakinduria horrek erakusten eta irakasten digu, bai Jainkoa zer den, bai gizakia zer den, bai mundua zer den, baina nola lor edo irits dezakeen gizakiak bere zoriona.

ERROMATARREI EGINDAKO GUTUNETIK (5,1-5)

Kristauen artean banaketarik ez egotea nahi du Paulok. Denok bekatari garela kontura gaitezen nahi du, eta gure merezimendurik gabe salbatu gaituela Jainkoak Kristoren bidez. Gure oinarria, beraz, Aitagandik datozen bakea eta maitasuna dira; bide horretan ez dira faltako nekeak. Baina bide horretan zati handia du maitasunak: kristauaren bizitzeko modua da, Jainkoaren bizitza bera da.

EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK (16,12-15)

Jesus badoa, eta, agur egitean, hau gogoratu die ikasleei: Espiritu Santuak jarraituko duela berak hasitako lana; Espiritu Santua izango dutela berekin. Baina Espirituak Jesusengandik hartzen du dena.
Beraz, ez du balio esateak niri Espirituak esaten dit hau edo hura; Jesusek esan duenarekin konforme ote dagoen ikusi behar da.
Espiritu horrek eramango gaitu Jesus erabat ezagutzera, Jesusen Egia geure egia egitera.
Jesusek Aita aintzatu duen bezala, guk ere gauza bera egin behar dugu. Eta hau du Jainkoak bere aintza eta bere poza: gizakia libre eta aske bizi dela ikustea, San Ireneok esaten duen bezala.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Aita Santuaren, gotzainen, apaizen eta diakonoen alde, erlijioso eta erlijiosen alde, kristau fededun laiko guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Herri-agintarien alde: legeak ezartzean eta gobernatzean, giza biziaren balioa eta duintasuna kontuan har ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Baztertuen, erbestetuen, presoen, indarkeria-mota guztien biktima direnen, etorkinen, langabetuen alde: haien deiadarra gizarteak entzun dezan eta guztion maitasunaren eta konpromisoaren erantzuna izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduan, beren erlijioagatik, pertsegituak diren guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.