TRINITATE SAINDUAREN BESTA B
Lehen irakurgaia
( Gure Jainkoa Jainko bakarra da )
Deuteronoma liburutik 4, 32-34. 39-40
Moisek erran zion Izrael herriari:
32 Galda aitzineko eguneri, zu baino lehenagokoeri,
Jainkoak gizakia lur gainean egin zuen egunetik hasita;
galda, zerumuga batetik besteraino,
hain gauza handirik gertatu edo entzun ote den.
33 Ba ote da herririk, zuk bezala Jainkoaren mintzoa
suaren erditik hitz-egiten entzun eta bizirik gelditu denik?
34 Ba ote da jainkorik, herri bat beste baten menpetik libratu
eta beretzat hartzera etorri denik?
Egipton zuen begibistan hori egin zuen Jaunak zuen Jainkoak:
ezaugarri ainitz eman zituen, mirariak eta egintza harrigarriak egin;
borrokaren bidez, ahal handiz eta esku indartsuz libratu zintuzten,
etsaien baitan ikara sortuz.
39 Jakin beraz egun eta izan beti gogoan
Jauna dela Jainko, gainean zeruan, eta beherean lurrean,
eta ez da besterik.
40 Bete gaur emaiten dauzkitzutan lege eta manamenduak,
zuk eta zure semeek izan dezazuen zorion eta bizi luze,
Jaunak zuen Jainkoak emaiten dautzuen lurraldean.
Nor da Jainkoa ? Horra betidanik gizonek egin duten galdea. Testamendu Zaharrean, beti,
Jainko bakar bat dela errepikatu dute profetek. Alabainan Izraeldarren herri auzoetan jainko bat
baino gehiago bazela zen aldarrikatua. Testamendu Berrian agertzen da Jainkoa ez dela bakarrik
dagon norbeit bainan hiru presuna badirela haren baitan : Aita, Semea eta Izpiritu Saindua,
amodiozko lokarri batek dauzkalarik elkarri lotu eta itzuliak.
Jainkoa nor den ez bada errana pasaia huntan, Harek gizartearentzat egin dituen obrak
oroitaraziak dira : “Ba ote da jainkorik…ezaugarri ainitz eman zituen, mirariak eta egintza
harrigarriak egin…Jakin beraz…Jauna dela Jainko, gainean zeruan, eta beherean lurrean, eta ez
da besterik.”
Hemen Jainkoa agertzen da, ez norbeit zeru gainetan, urrun bizi den norbeit bezala, bainan
gizonari arras hurbil dagon norbeiten itxurarekin..
Salmoa 32
Leloa: Bai dohatsua Jaunak hautatu populua!
Jaunaren hitza beti zuzen, Huna bai Jauna dena begi,
Haren egintzek oneratzen. Hari daudenen zain egoki.
Zuzen legeak ditu maite, Jainko Jaunaren beha gaude:
Haren bihotzak lurra bete. Hura guk lagun, adiskide.
Jaunaren hitzak ditu egin Gure gainerat ager, Jauna,
Zeruak beren guziekin. Zure betiko bihotz ona.
Hitz bat erran du: horra lurra. Gure bihotza baita dena
Zer bizi eta zer indarra! Zuri osoki, Jainko Jauna.
Nor da Jainkoa ? Hau da, Trinitatearen besta huntan, irakurtzen ditugun testu guzien
gibelean sendi dugun galdea. Erantzuna, salmo huntan irakurtzen dena : Jainkoa Amodio dela! “
Haren bihotzak lurra bete.” Fede handi bat behar da horren erraiteko, ikusten delarik
zenbatetaraino mundu huntako legea den handienak ttipiena lehertzea, azkarrenak ahulena
menperatzea, eta hori gizonen munduan bezala kabalen edo basihizien munduan ere.
Izraelek bi ikusteko eta egiteko manera izan ditu. Bat Jainkoaren baitako konfiantzaz betea,
Jainkoak populuarentzat egin obretan finkatua. Bertzea Jainkoaren alderako mesfiantza, ez baitu
judu mundua etsaietik begiratu. Azken gerla denboran gertatuaren ondotik, erraiten da zenbait
juduek segurik lanak ukan dituztela beren arbasoen fedean egoiteko.
Dena den pasaia huntan ez da Trinitaterik aipu. Kristo jin eta da ikusi “Jaunaren hitz hori”
presuna bat zela. “Hastean bazen Hitza. Hitza Jainkorekin zen eta Hitza Jainko zen…Jainkoak
haren bidez egin ditu gauza guziak…”( Jn.1, 1-3)
Bigarren irakurgaia
( Jainkoaren haur eginak gira Izpiritu Sainduaren baitan )
Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 14-17
Haurrideak,
14 Jainkoaren Izpirituak gidatzen dituenak,
heiek dira Jainkoaren seme.
15 Ez duzue ukan esklabo egiten zaituzten izpiritua,
oraino beldurrean bizitzeko;
seme egiten zaituzten Izpiritua duzue ukan;
eta Izpiritu horren bidez “Abba..Aita! ” erranez
oihu egiten diogu Jainkoari.
16 Beraz, Izpiritu Sainduak berak aitortzen dio gure izpirituari
Jainkoaren haur girela.
17 Eta haur bagira, ondoko ere gira,
Jainkoaren ondoko eta Kristorekin batean ondoko,
harekin sofritzen badugu, aintzan ere harekin izaiteko.
Paulo-ren garaian gizartea bi zati egina zen: alde batetik jende libreak, bertzetik esklaboak.
Etxe batean esklabo edo hauien haurrak eta etxeko seme edo alabak ez ziren berdin tratatuak.
Jainkoaren seme eginez geroz denak, etxeko seme edo esklabo : Jainkoaren Izpirituak gidatuak,
heiek dira Jainkoaren seme eta nehork ez du “ beldurrean” bizi behar.
Izpirituaren garrantzi edo inportantzia azpimarratua da hemen. Horren bidez : “Abba…Aita!
erranez baitiogu oihu egiten Jainkoari.” Eta Izpiritu horrek dauku ere adierazten Jainkoaren haur
girela.
Lehen erakaspena hemen ikusten duguna hau da beraz : Jainkoak berak Izpirituaren bitartez,
daukula erraiten nor den eta ez gure adimenduaren argiak. Dudatzen dugunean Jainkoari berari zaio
galdetu behar mintza dakigun.
Bigarren erakaspen bat testu huntarik atera dezakeguna hau da: ez dugula Jainkoaz beldur
izan behar, gure “aitatto” deitzen dugunaz geroz, eta Haren alderat konfiantza osoz jokatu behar
dugula. Adamen bekatua Jainkoaz mesfidatzea izan zen. Ez da aitzinatzerik norbaitetan ez bada
konfiantzarik.
Bertzelakoa da Jesusen jarrera. Bere bizi guzia Aitari buruz itzulia ereman baitu. “Erraiten
zuen: Abba! Bazter zazu nereganik edari samin hau! Bainan egin bedi zure nahia, ez nerea!” (Mk
14, 36.)
Gure egun guzietako bizian, Jesus eredu hartuz, jakin dezagun aitzinatzen, haur batek bere
aitaren alderat dituen sendimendu berekin. Zato Izpiritua eta Jainkoaz mintza zakizkigu!
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ospe Aitari, Semeari,
Bai Izpiritu Sainduari:
Orai den eta betidanik zen Jainkoari,
Bai eta berriz etorri behar zaikunari!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Matiuren liburutik 28, 16-20
Bazko ondoan,
16 hameka dizipuluak joan ziren Galilearat,
Jesusek manatua zioten mendirat.
17 Ikusi zutenean, ahuspez eman ziren;
batzu, orduan, dudan zauden.
18 Jesus, hurbildurik, hunela mintzatu zitzaioten:
“ Eskubide guziak emanak izan zaizkit zeru-lurretan.
19 Zoazte beraz!
Eta egin herri guziak nere dizipulu
20 Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean bataiatuz;
eta manatu dautzuetan guzia begiratzen irakatsiz.
Eta ni zuekin naiz egun oroz
munduaren azkeneraino.”
Hemen kondatua zaukuna Galilean gertatzen da. Galilea deitua zen paganoen edo nazioen
bidekurutzea. Oraitik goiti apostoluak mundu guzirat igorriak dira. “ Zoazte beraz! Eta egin herri
guziak nere dizipulu…”
Zer dakar apostoluen mezuak ? Hauxe: Jainkoa mintzatu dela gizoneri, bere Seme Jesusen
bidez, eta bataiatzerat heldu direla « Aitaren, eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean”. Izena,
Biblian, pertsona da eta bataiatzea hitzak erran nahi du urperatzea, sartzea, beraz sartzea Trinitate
Sainduan.
Juduentzat Jainkoa bakarra zen. Hori errepikatu dute profetek mendeak zehar, auzo
herrietako Jainkoetarik populua beiratu nahiz. Ez da mirakulu juduek ez badute ere onartzen
Trinitatearen misterio hori. Jesusek errana zioten aitzinetik ez zela errex izanen haientzat zeren eta
juduek “ Zinagogetarik kanpo ezarriko zaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilen
zaituztenak Jainkoa zerbitzatzen duela usteko baitu.” (Jn 16, 2)
“ Eskubide guziak emanak izan zaizkit zeru-lurretan…” Beraz ahalak oro Harek dauzka eta Elizaren
geroa Haren esku da. Gizonek, apostoluek eta egungo fededunek egin dezatela egin behar dutena,
bainan Harek du hazia oziaraziko eta landarea handiaraziko. Egungo Elizaren egoeran on da hortaz
oroitzea! Bestalde badakigu gurekin dugula beti Jesus. “Eta ni zuekin naiz egun oroz munduaren
azkeneraino”