Hirutasun Santua B 2018-05-27
HOMILIA

Anai-arrebok!

Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari. Joan den ostiralean Beda santuaren eguna ospatu dugu. Beneditarra zen. 7. eta 8. mende artean bizi izan zen. Irakasle eta idazle handia. Gaixo zegoela eta hiltzeko zorian, ondoan zuen lagunari esan zion: «Bira iezadazu burua, kaperara begira egoteko». «Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari» otoitz egin zuen, eta «Espiritu Santuari» esatearekin, azken arnasa eman zuen. Baina aintza emate hori zer da, eta zeini ematen diogu aintza?

Askotan mintzo ohi gara Hirutasun Santuaz. Nik uste, hobe dugula Aitaz eta Semeaz eta Espiritu Santuaz hitz egitea. Ez dut ulertzen zer den Jainko bakarra eta hirukoitza delako hori. Aitaz eta Semeaz eta Espiritu Santuaz hitz egiteak zerbait baino gehiago esaten dit.

Itun Zaharrean Jainko bakarraz edo Jainko den Jaun bakarraz mintzo dira. Halere, Hirutasuna ere hein batean aipatzen da. Esaterako, Rublev pintoreak ederki asko deskribatu du Jainkoaren Mambreko agerpena (Hasiera 18,1-15): hiru pertsona agertu zaizkio Abrahami. Eliz Guraso batzuek Hirutasunaren misterioaren iragarpena ikusi dute horretan.

Halere, Jesusekin eta Jesusengan agertu zaigu benetako Jainkoa. Itun Zaharrean urruneko eta zorrotz bezala irudikatzen zuten Jainko hura, Abba, Aita bezala agertu digu Jesusek. Garrantzizkoa ez dugu Jesus Jainko dela esan eta aitortzea; garrantzizkoa, Jainkoa Jesus dela esatea eta aitortzea dugu; Jesus da gure Jainko: Jesusek agertu digu Jainkoa.

Gure Kredoaren funtsa honela azal genezake: Aitaren eta Semearen eta Espirituaren izenean.

Sinesten dut Jainko Aita, zeru-lurren kreatzailea. Geure arazo eta gatazken artean, ez gaude bakarrik. Ez da ahazten gutaz gure Aita maite hori. Maitasun hutsez kreatu gaitu, eta bihotza zabal-zabal bizi da gu gure erromesaldiaren azkenean bere baitan hartzeko.

Sinesten dut Jesu Kristogan, haren Seme bakarragan, geure Jaunagan. Honek agertu digu zer eta nolakoa den Aita Jainkoa. Jesusi begira jarriz, Aita ikus dezakegu. Jesus honek erakutsi digu anai-arreba arteko mundu bat nola egin. Jesus alde batera uzten badugu, norengana joan gaitezke? Pedrorekin esango diogu: «Zuk dituzu betiko bizirako hitzak».

Sinesten dut Espiritu Santua, Jauna eta bizi-emailea. Jainko misteriotsu hau ez da gugandik urrun dagoen norbait. Gutako bakoitzaren hondo-hondoan dago Jainkoa. Gure biziaren arnasa den Espirituaren bidez suma dezakegu Jainko hori. Maitasun bezala agertzen digu Espiritu honek geure Jainkoa, sufritzen ari den jendeagana bultza egiten digun Jainko bezala.

Gaurko liturgiak berak ere hiru puntu horiek azpimarratzen ditu. Jainko bakar bezala lehen irakurgaian (Dt 4, 32-34. 39-40); bigarren irakurgaiak esaten digu, Jainkoaren Espirituak bakarrik ematen digula bidea Jainkoaren misterio hori sumatzeko (Erm 8,14-17); eta ebanjelioa Bataioaz mintzo zaigu, eta nola bataiatu adierazten digu: «Nik bataiatzen zaitut Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».

Gure bizitzan hainbat aldiz aipatzen ditugu Aita eta Semea eta Espiritu Santua. Gogoan izaten al dugu zer esaten dugun? Gogoan izaten al dugu zer eginkizun eman digun Jainkoa zer den eta gizakia zer den agertu digun Jesusek? Egin ikasle herri guztiak, bataiatu, erakutsi betetzen nik agindu dizuedan guztia.

Jesus maitea, eskerrak eman diguzun hitzagatik, Aitaren gogoa zein den hobeto agertuz. Egizu, zure Espirituak argitu ditzala gure egintza guztiak. Egizu, izan gaitezela Andre Mariaren antzeko: zure hitza entzuteaz gain, bete ere bete dezagun. Aitarekin eta Espirituarekin bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Dionisio Amundarain