TRINITATE SAINDUAREN BESTA C

Lehen irakugaia

( Haste hastetik Zuhurtzia Jainkoarekin da )

Erran Zaharren liburutik 8, 22-31

Huna zer dion Jainkoaren Zuhurtziak:
22 “ Jaunak bere egitateen hastetik beretzat sortu ninduen,
bere lehenbiziko egintzen aitzinetik.
23 Betidanik moldatua izan naiz,
haste-hastetik, lurra izan baino lehenagotik.
24 Itsas-leizerik ez zenean, ni sortua izan nintzen,
ez zelarik oraino iturririk jauzten.
25 Mendiak landatuak izan aitzin,
munoak baino lehen, sortua izan nintzen.
26 Jainkoak ez zituelarik oraino moldatuak ez lurra, ez landak,
ez eta munduaren ekeiak,
27 zerua finkatzen zuenean, ni han nintzen.
28 Ur-leizearen gainetik zeru-sabaia eman zuenean,
29 hodeiak gain hartan finkatu zituenean,
eta leizeko iturriak tinko ezarri,
itsasoari mugak jarri, urek ez ditzaten gaindi,
lurrari oinarriak sendotu ziozkanean,
30 haren ondoan nindagon, obra-gidari bezala.
Han nuen nere gozoa, egunetik egunera,
ixtant guziez haren aitzinean josteta
31 lur guzian josteta,
eta gizakiekin nuen nere gozamena.”

TRINITATE igandekari zauku
Jainkoarekin bai eta ere bere “gozamena” gizakiarekin. Hasiera liburuan emana denaren oihartzun
dira hitz horiek :” Eta egin zuen guzia biziki ona zela ikusi zuen Jainkoak …”( Has 1, 31 )
Bururatzeko, egina izan den guzian ZUHURTZIA ” obra-gidari ” izan bada , mundua ez da
desordonatua, ordrerik gabea. Hastetik, gizartea eta kosmosa ZUHURTZIAK derabiltza, ez dugu
beraz konfientzia galdu behar. Bertzalde fedeak erokeria hau sinestera garamantza : Jainkoa,
gizonen bizian, beti hemen dela eta oraino gehiago ” gizakiarekin duela bere gozamena ” .

Salmoa 8

Leloa: Zure izena, Jainko Jauna, zoin eder zaitan
Zeru lur zabal zabaletan.

Zuk eskuz egin zeru gaina,
Izarrak eta gau-ilargia ikustean,
Zer ote da ba, zer gizona,
Hartaz hartua izaiteko zu, hoinbertzetan?
Gutiz aingeru baten heina
Gutiz ez baitu, hanbat diozu dohain eman.
Munduan duzu jaun emana,
Lur guzikoak hari ezarriz oinen pean.
Harek azpiko dauka dena,
Ardi, kabala eta ihizi mendietan.
Airez, itsaspez dabilana,
Hegaztin, arrain, zeruan eta itsasoan.

Salmo hunek, Jainkoaren haunditasuna, Haren edertasuna du goresten : ” Zure izena, Jainko
Jauna, zoin eder zaitan…”
Bertzalde gizonaz da hemen solasa, hunen lekuaz munduan : ” Munduan duzu Jaun
emana…” Bainan dena Jainkoak du egina. ” Zuk eskuz egin zeru gaina …” Lur guzikoak hari ezarriz
oinen pean …ardi, kabala, airez, itsaspez dabilana , Hegazti, arrain , zeruan eta itsasoan…”
Hasiera-ko lerro hauek oroitarazten dituzte hitz hauek : “..Hara, zueri emaiten dauzkizuet lur
azalean diren hazidun landare guziak…Abere, zeruko hegazti eta lurrean narrastaka dabiltzan
bizidun guziak …”
Gizonaren haunditasunaren eta duintasunaren oinarrizko hitzak ditugu horiek. Nork dezake
negurtu, historian zehar, horiek izan duten eragina ?

Bigarren irakurgaia

( Izpiritu Saindua baitan Jainkoarekin bakean, Kristori esker )

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 1-5

Haurrideak,
1 fedeaz Jainkoak zuzen egin gaituenaz geroz,
bakean gaude harekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker,
2 eta harro gaude,
Jainkoaren aintzan parte izanen dugulako esperantzan.
3 Eta ez hori bakarrik, harro gira gure atsegabeetaz ere,
baitakigu atsegabeak iraupena duela ondorio,
4 iraupenak leialtasun frogatua, eta leialtasun frogatuak esperantza.
5 Esperantzak ez du enganatzen,
Jainkoaren amodioa ixuria izan delakotz gure bihotzetarat,
emana zaikun Izpiritu Sainduari esker.

Erroman gira, Neron inperadore dela, Kristo ondoko 57 edo 58an . Bertze asko hiritan
bezala, Erroman judu kolonia bat bada. Zenbaitek Nazareteko Jesusen baitan Mesias ikusi dute,
bertzeek ez. Orai juduak bi parte dira eta elgar gaitzesten dute batek bertzea heretiko bezala ekarriz.
Bertzalde giristinoetan badira ere lehen pagano zirenak. Haukien eta giristinotu juduen arteko
harremanak ez dira errexak. Paulok elgarrekin baketu nahi ditu. Zer erraiten diote ? Zuek,
giristinoak, lehen zer zinezten edo nundik heldu zirezten ez ahantz. Oroit orai denak berdin zireztela
salbamenduari buruz, Kristok baitzaituzte salbatzen eta harek bakarrik. Juduek bazakiten ez duela
mereximenduak salbatzen bainan bai fedeak. Bainan horietarik zenbaitek diote haiek direla
Jainkoak hautatu duen populu bakar hartako umeak, haiek direla Abrahamen ondokoak. Paulok
erantzuten diote Abraham ere, oraino pagano zela, Jainkoaren deia entzun zuenean zuzen egina izan
zela sinetsi zuela. Jainkoak erran zion : ” Utzi zure lurra, zure ahaideak eta aitaren etxea, eta zoaz
nik erakutsiko dauzutan lurraldera …” eta Abrahamek sinetsi zuen (Has 15,6) eta Jainkoak hura
zuzentzat onetsi “. Galaziarreri ( 3, 6 ) epistolan hauxe dio Paulok : ” Abrahamek sinetsi zuen
Jainkoa baitan eta horrengatik Jainkoak ontzat hartu zuen. Jakin zazue, beraz, fedetik bizi direnak,
horiek direla Abrahamen zinezko ondokoak …” Abrahamek sinetsi zuen eta hura da fededun guzien
aita.
Paulok azpimarratzen duena hemen hauxe da : ez gira gure mereximenduengatik salbatuak,
bainan bai Kristori esker salbamendua emana zauku : ” Jainkoaren amodioa ixuria izan da gure
bihotzetarat , emana zaukun Izpiritu Sainduari esker.”
Ez du horrek erran nahi beti errex izanen dela …Bainan ” harro gira gure atsegabeetaz ere
…horieri esker esperantzara baigoaz, enganatzen ez duen esperantzara …”

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ospe Aitari, Semeari, bai Izpiritu Sainduari;
Orai den eta betidanik zen Jainkoari,
Bai eta berriz etorri behar zaukunari!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 16, 12-15

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
12 “ Banuke oraino ainitz gauza erraiteko,
bainan ez duzue jasaiten ahal orai.
13 Etorriko denean egiaren Izpiritua,
egia osorat gidatuko zaituzte.
Alabainan ez da bere burutarik mintzatuko,
entzunen duen guzia erranen du,
eta gertatu beharra iragarriko dautzue.
14 Nere Jainko-aintza agertuko du,
jakinaraziko dautzuena nereganik hartuko baitu;
15 Aitak duen guzia nerea da; horrengatik erran dautzuet:
nereganik hartuko duena jakinaraziko dautzuela.

Testo huntan Jesus Trinitateaz mintzo da, amodiozko harreman misterio hortaz. Hemen
errana dena doi bat sesitzeko, gure bihotzek, Izpiritu Sainduaren eraginez, prestatuak izan behar
dute .
Azken afari denboran gira. Jesus bere adioen egiten ari da eta apostolueri erran dezozketen
guziak erraiten diozkate. Bainan haukiek ez dezakete dena konpreni : “Banuke oraino ainitz gauza
erraiteko …Etorriko denean, egiaren Izpirituak egia osorat eremanen zaituzte…”
Jainkoa ez da gizarteari, oso osoan, hastetik agertzen, bainan bai mailka, emeki emeki. Haur
bati bere beharren arau negurtzen zaio hazkurria. Berdin ari da Jainkoa gizonarekin munduaren
haste hastetik.
Testo huntan hitz bat azpimarratuko dugu : “Egia” hitza. Guretzat “egia” presuna bat da :
Kristo. Bainan egia hortan ez da bide intelektual batetarik sartzen. Ez, Izpirituak du hortarat ”
gidatzen “, harek du entzunen duena “erranen “, gertatu beharra ” iragarriko”, Jainko aintza ”
agertuko “, nere ganik hartuko duena ” jakinaraziko “. Ebanjelioko bertze pasaia batean irakur
ditaike nola Jesusek bere Aita eskertzen duen gauza horiek ttipieri agertu dituelakotz.
“…Eta gertatuko dena iragarriko dauzue …” Ez azti edo sorgin baten gisan; Jainkoaren projetua
urrunago doa : Gizarte osoa Trinitatearen intimitatean sartzea ! Hori da haste hastetikako helburua.
Jesus, lur huntan zeno, bere sortzetik kurutzeraino, Izpirituak ideki bidetik ibili da . Gu ere,
Izpiritu horrek gaitu ereman behar gure egitekoetan Trinitateraino. Trinitatez, gure gogoa ez doa
ezin zilatuzko misterio baten ikertzera, bainan egun hortan besta bat dugu ospatzen, azken
denboretan bere betean sartuko den besta bat : Gizartea Jainkoaren etxean sartzearen besta !