HIRUTASUN SANTU SANTUA C 2019-06-16
Urteko 11. igandea
HOMILIA

Anai-arrebok!

Hirutasun Santua. Jainkoa hiru pertsonen batasuna! Kristautasunaren muin-muineko irakaspena da. Baina ahaztu egin izan dugu, askotan, Jainkoa atzemanezina dela, ezin ulertua dela, ezin ikusia dela. Ahaztu egiten gara, Jainkoaz modu sinbolikoan bakarrik hitz egin dezakegula. Esaterako, Jainkoak hiru pertsonek osatua? Zer esan nahi du «pertsona» terminoak Jainkoari aplikaturik? Jainko Aita, ni, Dionisio, bezalako pertsona dela? Galdera bera Jainkoaren Semeaz eta Espirituaz. Jainkoaz era sinbolikoan bakarrik hitz egin dezakegu. Hirutasun hori, era sinbolikoan ez, baizik hitzez hitz hartze horrek eraman zuen Mahoma kristauok politeista garela esatera, jainko asko adoratzen ditugula esatera.

Hirutasunaz esaten duguna, esperientzia baten fruitu da. Baina esperientzia hori bera zail da definitzeko. Ebanjelioen arabera, Nazareteko Jesusek berak esperientzia berezia bizi izan zuen; Jainkoa Aita bezala esperimentatu zuen, berarekin esperientzia bizia eta berezia bizi izan zuen. Txikitan berak Joseri dei egiten zion bezala dei egiten zion Jainkoari: Abba, Aita. Eta sentitu zuen, Jainko hori indar askatzailea dela, hau da, Espiritu bizi-emailea dela. Eta bere bizitza seme baten bizitza bezala ulertu eta bizi izan zuen; bere uste guztia, Aitaren gogoa egitea izan zuen.

Fede horixe bera bizi dugu kristauok ere, eta izen sinbolikoak ematen dizkiogu Jainkoari: Aita da, maite gaituena, bere burua eman diguna gizon egini; Semea da, gu askatzera etorri dena; Espiritua da, guztioi indarra eta argia ematen diguna; arnas-emailea dugu. Hiru izen sinboliko: Aita, Semea, Espiritu Santua. Jainkoa ez da aita, gure aita Jose Antonio zena aita zen bezala. Aita Jainkoari aplikaturik, izen sinbolikoa da.

Kristau-fede honen arabera, pertsona deitzen dugun banako gara gizon-emakumeok, maitasun-harremanek batzen eta elkartzen gaituztenak; inor ez da bestea baino handiago; elkartasun horrek pluraltasuna du berekin: nik eta zuk, bakoitzak bere moduan pentsatzea, hitz egitea; baina hondo-hondoan zuk eta nik bat garela pentsatzen dugularik. Bakoiztasuna suntsitu gabe; batasuna desegin gabe. Bakoiztasuna sustatuz eta indartuz; batasuna sustatuz eta indartuz.

Alde honetatik, Hirutasun Santuaren misterio hau benetan uste eta sinesmen iraultzailea dugu. Gaurko mundu globalizatu honetan, zer esaten digu?

Zer-nolako globaltasuna ari gara egiten? Pertsona, bakoiztasuna, gero eta gutxiago hartzen da aintzat. Herriak, talde naturalak, gero eta gutxiago hartzen dira aintzat. Egiten ari garen globaltasuna suntsitzailea da, desegilea, hauslea.

Egia da, pertsona, bakoitza, ez dela aingerutxoa, ez dela izaten egoismorik gabea. Egia da, herri bat defenditzea ez dela izaten, batzuetan, egoismorik gabea.

Baina pertsonaren edo herriaren egoismoaren gainetik, modu infinituan, boterearen egoismoa dago. Eta, gu geu askotan konturatu gabe, defenditzen edo egiten ari garen globaltasuna, pertsona izateari uko egiten dion gizabanako batzuen boterearen, indarraren, bortxakeriaren fruitu da.

Askotan entzuten dugu, nazionalismoa kondenagarri dela. Hori diotenek ez dute esaten zer ulertzen duten nazionalismo hitzarekin. Ezkutatu egiten dute, nazionalismo horren alternatiba ezkutuan proposatzen duten hura indarrak eta botereak sortutako entitate bat dela.

Andre Mariak Magnificat kantikan ondo azaldu zuen esaten ari naizen hau: «Jaunaren handitasuna dut goresten…Bere mirabe ezerez honengan jarri ditu begiak; horregatik, dohatsu deituko naute guztiek…buru-harroak suntsitu ditu, ahaltsuak goi-postuetatik bota eta ezerezak jaso… esku-hutsik bidali aberatsak, lagun etorri zaio bere herri Israeli…».

Jainkorekin konparaturik, bere burua pertsona ezerez jotzen duen Maria aintzat hartu du Jainkoak. Mirabe ezerez den horrengan jarri ditu begiak Jainkoak; dohatsu aitortuko dute guztiek pertsona ezerez hori. Aitzitik, buru-harroak suntsitu egingo ditu Jainkoak; ahaltsuak bota egingo ditu beren postuetatik, aberatsak esku-hutsik utziko ditu. Laguntzat hartu du Jainkoak Israel herria; agin, Israel herri hau gizadi osotzat hartu behar da Itun Berrian; baina zergatik ez Israel herri berezi hura ere?

Hitz batean, Mariak, pertsonaren, bakoitzaren, garrantzia azpimarratzen du. Eta, jakina, jada Jainkoak egina duela esan duen hori, guretzat eginkizun da. Jainkoaren asmoa da hori; guri dagokigu asmo hori gauzatzea.

AITAREN egiten dugun bakoitzean, AINTZA AITARI otoizten dugun bakoitzean, gogora gaitezen Jainkoaren aintzaz, gogora gaitezen haren asmoaz. Gogora gaitezen San Ireneo martiriak esan duen honetaz: «Gizakia libre izatea da Jainkoaren aintza». Andre Mariak lagundu diezagula bere kantikan profetizatu duena betetzen.

Dionsio Amundarain