Hirutasun Santu-santuaren jaia
Urteko 11. igandea C 2019-06-16
Urte liturgikoa Jesusen etorrerarekin hasten da, eta Espiritu Santuaren etorrerarekin bukatzen; Aita presente dago beti. Arrazoizkoa da, beraz, jai bat eskaintzea Hirutasunaren ohorez. Jai honetarako hiru pertsonez, gutxienik hiruretan biz, mintzatuko liratekeen testuak aukeratu behar ziren. Baina ez dute helburu teologiako ikasgai bat ematea, baizik eta gorabeherarik ezberdinenetan Jainkoa aurkitzen laguntzea. Lehen irakurgaia, ederra eta baikorra, bizitzako txolarte zoriontsuetarako da. Bigarrenak, atsekabe-aldietan beretan, indarra eta esperantza eskaintzen dizkigu. Hirugarrena, duda-muda artean, argia emango diguna da.
Jainkoa presente pozaldian (1. irakurgaia: Esaera Zaharrak 8,22-31)
Itun Zaharretik Esaera Zaharrak liburuko pasarte bat hautatu dute; aro helenistako kulturarekin hika-mika dihardu: zein da jakinduriaren jatorria? Askorentzat, giza pentsamenduaren fruitu da, batez ere filosofo grekoek bizi izan duten bezala hartuz. Pentsaera honen aurrez aurre, Esaera Zaharrak liburuaren egileak baieztatu du, egiazko jakinduria gure gogoeta eta hausnarketak baino lehenagokoa dela; eta honela adierazi du: Jainkoaren ondoan aurkeztu digu jakinduria munduaren kreazio aurretik, den-dena kreatzean berari lagun eginez.
Zergatik hautatu dute irakurgai hau? San Paulok, Korintoarrei egindako lehen gutunean, dio, Kristo «Jainkoaren jakinduria» dela (1,24). Eta Kolosarrei gutunak dio, Kristogan «biltzen direla jakitearen eta ezagutzearen altxor guztiak» (Kol 2,3). Esaera Zaharrak liburuko zati honek pertsona bezala aurkeztu du Jakinduria, Jainkoari hertsiki loturik kreazioa baino lehenagotik eta, halaber, hertsiki loturik gizakiari («bere gozamena gizon-emakumeen seme-alabekin zuen»); hala, oso egokia dela ematen du jai honetan Aita eta Semea gogoratzeko.
Jainkoa presente sufrimenduan (2. irakurgaia: Paulok Erromatarrei 5,1-5)
Kurioski, testu honetan, hiru pertsonak argiro aipatzen dituen honetan, gu geu gara onuradun handiak, Paulok darabiltzan esapideek argiro adierazten dutenez: «hartu dugu», «lortu dugu», «loriatzen gara», «gure bihotza», «emana dugu». Ez du Hirutasunaz ikasgai bat emateko asmorik, jainkozko hiru pertsonetan barna sartuz, baizik eta hiru pertsonek gugatik egin dutenaz mintzo da: gu salbatu, gu Jainkoarekin baketu, berek duten aintza lortzeko esperantza eman, beren maitasuna isuri gure bihotzean. Paulorentzat, ideia hauek ez dira gogoeta edo espekulazio abstraktu, eragina dute atsekabez eta sufrimenez betea duen beraren eguneroko bizitzan. Badaki alde baikorrik ikusten halakoetan ere.
Jainkoa presente duda-mudetan (Ebanjelioa: Joan 16,12-15)
Ebanjelioak ere, Joanengandik hartuak, hirurak aipatzen ditu: Jesus, Espiritua eta Aita. Alderik handiena, ordea, Espirituari eskaini dio, gugatik egingo duena azpimarratuz: «egia beteraino gidatuko zaituzte», «etortzeko dena komunikatuko dizue», «iragarriko dizue».
Uste dut, testu hau hautatu, hiru pertsonen arteko harremanez mintzo delako hautatu dutela. Espirituak Jesus goratzen du, eta honengandik hartzen du dena. Bestetik, Aitak duen guztia Jesusena da. Joanek ere ez du Hirutasunaz ikasgai bat emateko asmorik, nahiz eta teologoei mendetan lana eman dieten gaiak aipatu dituen.
Testua ulertzeko, komeni da, Jesusek hitz hauek jaulki dituen unea gogoratzea. Agur-afarian gaude, nekaldia baino apur bat lehenago. Badaki, ikasleei zer ikasi asko gelditzen zaiela, berak ezin irakatsi izan diela guztia. Duda-mudak izango dituzte, eta eztabaidak. Baina aterabidea ez dute izango giza adimen hutsezko eztabaidan, Espirituaren fruitu izango da, honek gidatuko ditu egia beteraino.
Elizaren gaur eguneko kinkan, problema berri eta askabide zailekoak dituen honetan, erregutu beharra dugu Espiritu Santuari «egia beteraino» gida gaitzan.
José Luis Sicre