Hirutasun santu-santua Joan 16,12-15
ONBERATASUNAREN MISTERIOA
Urteko 11. igandea C 2019-06-16

Mendeen joan-etorrian, teologoak saiatu dira Jainkoaren misterioa ikertzen, haren izaera edo natura kontzeptualki sakonduz eta beren ondorioak hizkuntza desberdinez adieraziz. Alabaina, sarritan, agertu baino gehiago ezkutatu egiten dute misterioa gure hitzek. Jesusek ez du hitz askorik egin Jainkoaz. Soil-soilik eskaini digu bere esperientzia.
Jainkoari «Aita» deitzen dio Jesusek, eta onberatasun-misterio bezala esperimentatu du. Presentzia on bezala bizi izan du Aita, bizitza bedeinkatzen duena bezala, bere seme-alabei dei egiten diena bezala gizakiari kalte egiten dion ororen kontra borroka egitera. Fededunek «Jainko» deitzen dugun errealitatearen azken misterio hori Presentzia bat da Jesusentzat, hurbilekoa eta adiskidetsua, munduan, gurekin eta gure alboan, bide bat urratzen ari dena, gizatasun handiagoko giza bizitza sortzeko.
Mundua eraldatzeko bere egitasmoan, Jesusek ez du sekula aparte utzi Aita. Ezin hartu du Aita atzemanezineko misterioan triku eginik balego bezala, bere seme-alaben sufrimenduari atzea emanik bizi balitz bezala. Horregatik, Jainko horren misterio horri begira bizitzeko eskatzen die Jesusek bere jarraitzaileei, bere egitasmoaren Berri Ona sinesteko, berarekin bat egiteko guztientzat zuzenagoa eta zoriontsuagoa izango den munduaren alde, eta beti bila ibiltzeko bere zuzentasuna, bere egia eta bere bakea munduan gero eta errotuagoak izan daitezen.
Bestetik, Jesusek bere burua Jainko horren «semetzat» esperimentatzen du, lurrean jaio dena, Aitaren egitasmo gizatasunezkoa eragin eta gizakia bere behin betiko betearen betera, heriotzaren beraren gainetik, eramateko. Horregatik, Aitaren nahiaren bila ibiliko da beti. Harekiko leialtasunak haren seme-alaben ongia bilatzera eragingo dio beti. Jainkoarekiko Jesusen grina sufritzen duten guztiekiko erruki bilakatuko da.
Horregatik, Jesusen, Jainkoaren Semearen, bizitza guztia honetan gauzatuko da: bizitza sendatu eta sufrimendua arintzean, biktimak defenditu eta halakoentzat zuzentasuna eskatzean, onberatasun-keinuak ereitean, eta guztiei Jainkoaren doako errukia eta barkazioa eskaintzean, hau da, Aitagandik datorren salbazioa eskaintzean.
Azkenik, Jesusek beti Jainkoaren «Espirituak» eraginda dihardu. Aitarekiko maitasunak bidali du pobreei hots egitera bere egitasmo salbatzailearen Berri Ona. Jainkoaren hatsak mugiarazi du bizitza sendatzera. Espirituaren indar salbatzailea agertu du Jesusek ibilbide profetiko guztian.
Espiritu hori ez da itzaliko munduan Jesusek alde egitean. Jesusek berak hitzeman die hori ikasleei. Espirituaren indarrak Jesusen, Jainkoaren Semearen, lekuko bihurtuko ditu, Aitaren egitasmo salbatzailean lankide. Horrela bizi dugu kristauok, praktikan, Hirutasunaren misterioa.

Jose Antonio Pagola