Hirutasun Santuaren Festaburua B Mateo 28,16-20
Urteko 9. igandea 2021-05-30
Urte liturgikoa Abendualdiarekin eta Eguberrialdiarekin hasten da; azken honetan, Aitak bere Semea mundura bidali izana ospatzen da. Segidako igandeetan Jesusen jarduera eta mezua gogoratzen ditugu. Zerura igotzean, bere Espiritua bidali digu, joan den igandean ospatu genuen gertaera. Eta hor ditugu Aita, Semea eta Espiritu Santua. Hirurak jai bat berean ospatzeko aukera dugu: Hirutasun Santuaren Festaburua. Jai hau aski berandu sortu zen gure Elizan: 1334an; Joan XII.a aita santuak eratu zuen. Agian, (Corpus jaiarekin gertatu zen bezala) Jesusen jainkotasuna edota Espiritu Santuarena ukatzen zuten talde heretikoei nahi izan zieten kontrajarri jai hau. Irakurgaien hurrenkera aldatuz, haietako bakoitzak Aitarekin, Semearekin eta Espiritu Santuarekin duen erlazioa azpimarratu dut.
Jainko Aita (Deuteronomioa 4,32-34.39-40)
Logikoa denez, Deuteronomioko testu bat, Jesus baino mende batzuk lehenago idatzia, ezin mintzo da Hirutasunaz; Jainkoaz hitz egitera mugatzen da. Autoreak hiru jarrera eragin nahi ditu israeldarrengan:
a) miresmena, Jaunak beraiengatik egin duenaren aurrean, Sinai mendian agertuz eta horren aurretik Egiptoko esklabotzatik liberatuz;
b) aitorpena, Yahve dela Jainko bakarra, eta ez dela besterik; gure artean gauza arrunta ematen duena da, hiru erlijio monoteista handiak ditugula, baina garai hartan berritasun handia zekarren horrek;
c) leialtasuna Yahveren aginduekiko: ez dira zama jasanezineko, baizik eta zoriontasuna iristeko bide bakarra.
Jainkoaren Semea (Mateo 28,16-20)
Gaurko ebanjelioaren testua, Itun Berri osoko argiena da Hirutasunaren formulazioari dagokionez; aldi berean, bereziki nabarmen ipintzen du Jesusen garrantzia.
Bere ebanjelio osoan barna, Moises berri bezala aurkeztu du Mateok Jesus, hura baino askoz garaiagotzat emanez. Kontrasterik handiena, Moisesen azkena eta Jesusena konparatuz ageri da. Moises, bakarrik hil da, mendiaren gailurrean, eta Deuteronomioaren autoreak hileta-laudorio hau idatzi du: ez da Moises bezalako profetarik izan «zeinekin aurrez aurre hitz egiten baitzuen Jaunak, ezta haren antzekorik ere seinale eta gauza miresgarriei dagokienez…». Baina hil da, eta israeldarrek harengatik egin ahal izan duten gauza bakarra, hogeita hamar egunez negar egitea izan dute.
Jesusek, berriz, hain juxtu hil ondoren eskuratu du ahalmen osoa zeruan eta lurrean, eta orduan bermatu ahal izan die ikasleei, berekin izango dutela munduaren azkena arte. Israeldarrek ez bezala, ikasleek ez dute zertan negar egin Jesusengatik, baizik eta misiolari jo behar izan dute, mundu guztia ikasle berri egiteko. Eginkizun hau nola gauzatzen den? Bataiatuz eta irakatsiz. Bataiatuz Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean: delako pertsona hori Hirutasunari sagaratzea esan nahi du bataiatzeak. Geure izena liburu batean idaztean geurea dela adierazten dugun bezala, Hirutasunaren izenean bataiatzean, delako pertsona hori guztiz harena dela adierazten dugu.
Lehen irakurgaian, Jainkoak israeldarrei eskatu zien: «gorde nik agindutako arauak eta manamenduak»; nik agindu dizuedan guztia gordetzeren garrantzia azaldu du Jesusek ebanjelioan.
Jainko Espiritu Santua (Erromatarrei 8,14-17)
Formulazioa ez da ebanjeliokoa bezain argia, baina Paulok berariaz aipatu ditu Jainkoaren Espiritua, Aita eta Kristo. Ez du egin modu abstraktuan, geroagoko teologiak bezala, baizik eta azpimarratuz hiru pertsonetako bakoitzak gurekin duen erlazioa.
Aitaz azpimarratzen dena, ez da Jesusen Aita izatea, baizik eta gutako bakoitzaren Aita izatea, seme-alabatzat adoptatu gaituelako.
Espiritu Santuaz ez du esaten, «Aitagandik eta Semeagandik sortua dela sortze intelektualaz», baizik eta Jainkoari beldurra izatetik libratzen gaituela, haren aurrean esklabo sentitzetik askatzen gaituela, eta gogotik hots eginarazten digula: «Abba» (aita).
Eta Semeaz, ez da azpimarratzen Aitarekin eta Espirituarekin duen erlazioa, baizik eta gurekin duen zerikusia: gu «oinorde-kide Kristorekin, harekin baitugu sufritzen, aintzatuak ere harekin izateko».
Azken gogoeta
Hirutasun Santuaren jaiak, askaezineko misterio baten aurrean gauden sentsazioa sortzen du kristau askorengan; ez da liturgia-egutegiko jairik erakargarriena. Alabaina, hiru irakurgai hauek entzutean, asko aldatzen da ikuspegia.
Deuteronomioak, Jainkoaren mesedeak gogoan hartzera gonbidatzen gaitu, guztietan handiena den hartatik hasirik: bere burua Jainko bakartzat agertu izana. (Ez dezagun hartu hau, gainerako erlijioak kondenatze edo gutxiestetzat).
Ebanjelioak bataioa dakarkigu burura, Jainkoaren jabetza izatera eraman gaituena.
Erromatarrei gutunak ikusmolde pertsonalagoa eta gizakoiagoa eskaintzen digu Hirutasunaz.
Azkenik, hiru irakurgaiek konpromiso pertsonala azpimarratzen dute egia hauekiko. Hirutasuna ez da misterio bat bakarrik, kristau-ikasbidean eta Teologiako Fakultatean ikasten dena. Jesusek irakatsi diguna betetzea eskatzen du, eta harekin bat egitea sufrimenean eta aintzan.
José Luis Sicre