AITAREN ETA SEMEAREN ETA ESPIRITU SANTUAREN IZENEAN
Hirutasun Santu-santua B 2021-05-30

Nola hitz egiten zuen Jesusek Jainkoarekin?, zer sentimendu sortzen zitzaizkion bihotzean?, nola esperimentatzen zuen Jainkoa egunez egun? Ebanjelioetako kontakizunek konklusio bikoitz batera garamatzate: Jesusek Jainkoa Aita sentitzen zuen, eta beraren Espirituaren eraginez bizi zuen hori.

Jesusek Jainkoaren «seme maite» sentitzen du bere burua. Berarekin hitz egiten duen guztietan «Aita» esaten dio. Buruak ez dio ematen beste izenik. Jesusentzat, Jainkoa ez da denek aipatzen duten «Santua» bakarrik, baizik eta «Errukitsua» da. Ez da tenpluan bizi, bihotz-garbiak eta esku-errugabeak bakarrik onartuz. Jesusek Jainkoa Aita dela atzeman du, bere maitasun errukitsutik inor ere baztertzen ez duena. Goizero hartzen du gozatu handi bat, Jainkoak eguzkia onentzat eta gaiztoentzat aterarazten duelako.

Aita horrek egitasmo handi bat du bihotzean: lurra etxe bizigarri egitea. Jesusek ez du dudarik: Jainkoa ez da aspertuko bere seme-alabak, elkarrekin, azken jai bat gozatzen ikusi arte. Ezin eragotziko du hori inork ere, ez heriotzaren krudeltasunak, ez gizon-emakumeen zuzengabekeriak. Udaberria iristea eta den-dena biziaz bete dezan inork ezin eragotzi duen bezala.

Aita honekiko leial eta beraren Espirituak mugiturik, Jesusek gauza bakar bati ekin dio: mundua gizatiarrago egiteari. Guztiek behar dute ezagutu Berri Ona, batez ere Berri hori gutxienik espero dutenek: bekatariek eta mespretxatuek. Jainkoak ez dauka inor ere galdutzat. Guztien bila dabil. guztiei die dei egiten. Ez da bizi bere seme-alabak kontrolatzen, baizik eta bakoitzari eta guztiei bidea ireki nahi die bizitza gizatiarrago baterantz. Norberaren bihotzari hondoraino entzuten dionak, berari ari da entzuten.

Espiritu horrek gehienik sufritzen dutenengana eragiten dio Jesusi. Bidezkoa da; izan ere, grabaturik ikusten ditu Jainkoaren bihotzean bakarrenik eta zoritxarrekoenik bizi direnen izenak. Guretzat inor ez direnak, horiexek dira Jainkoaren kutunenak. Jesusek badaki, Jainkoari ez diotela ulertzen handikiek, baizik txikiek. Beren malkoak nork xukatuko ez dutelako Jainkoaren bila dabiltzanek sumatzen dute beraren maitasuna.

Hirutasun den Jainkoagan sinesteko erarik hobena, ez da teologoen azalpenak ulertzen saiatzea, baizik eta Jesusen urratsei jarraitzea; Jesus, Jainko Aitaren Seme maite sentiturik eta beraren Espirituak eraginik, guztientzat mundu maitagarriago bat egiteari emanik bizi izan zen.

Jose Antonio Pagola