GARIZUMAKO 5. IGANDEA (C) 2019-04-07

SARRERA

Senideok, Garizumako bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Erramu igandea izango dugu, hau da, Aste Santuaren hasiera.
Aste Santuan bete-betean ikusiko dugu Jesusen jarrera barkatzailea; baina, gaur ere, era zehatz batean beterik eta aplikaturik ageri zaigu barkazio hori: judu-agintariek adulterioan aurkitu duten emakumea hil egin nahi dute harrika, legeak hala eskatzen omen duelako; Jesusek esan die: «zuetan bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria».
Jesusek ez du zehaztu zein bekatu-motaz ari den bere erantzun horretan. Askotan badirudi, bekatu bakarra sexuarekin zerikusia duena izaten dugula. Baina ez. Jesusen esana entzutean, denek hanka egin dute, edozein bekatu dutelarik ere. Eta Jesusek emakumeari: «Nik ere ez zaitut kondenatuko».
Guri ere hamaika aldiz esan digu Jesusek: «Zoaz bakean, ez egin gehiago bekaturik». Gurutzean dela, otoitz hau egin dio Jesusek zeruko Aitari: «Barka iezaiezu, Aita; ez baitakite zer arin diren». Zer aitorpen handia izango litzatekeen gurea, hau esaten jakingo bagenu: Badakit, Jauna, zu maitasun hutsa zarela guretzat.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (43,16-21)

Aurreko igandeetan bezala, Jainkoa salbatzaile ageri da gaurko honetan ere: Israel herria Egiptotik askatu, basamortuan berari lagun egin, berari bizi berri bat hots egin…
Hain zuzen, hona zer dioen pasarte honek: «Begira, gauzak berri egitera noa, eta nire herriaren egarria aseko duk». Irteera berri bat agintzen digu, Exodo berri bat, askapen berri bat: gauzak berri egin nahi ditu Jainkoak. Egiptotik irteteko aukera eman zien bezala, Babiloniako erbestetik irteteko aukera aurresaten die. Kreazio berria izango balitz bezala mintzo zaie, eta zaigu.
Antzina Jainkoari izen hauek eman zizkioten: zuen santua, Israelen kreatzailea, zuen erregea, itsasoan bertan bidea irekitzen duena.
Gaur zein izen emango genioke? «Begira, gauzak berri egitera noa»; hauxe du izen berria: «mundua berri egin». Horra gure egitekoa: Jainkoaren aho, esku, hanka… izan mundua berri egiteko.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (3,8-14)

Efesoko kartzelatik atera ondoren, Filipora doa Paulo. Filipon ikusi du judu-kristau faltsuak ari direla kristauak bide zuzenetik aterarazi nahiz. Hitz gogorrak darabiltza Paulok halakoen kontra. Fedea handikeriazko moduan agertu nahi dute. Beren burua agertu eta nabarmendu nahiz dabiltza. Handikeria, jendearen artean agertu nahia. Protagonismoa.
Paulok baluke arrazoi bat baino gehiago, bere burua jende hori baino handiagotzat sentitzeko. Baina Jesusez izan duen esperientziaren ondoren, gizon berri bihurtu da. Gauza guztiak galeratzat jo ditu, Kristo ezagutzearekin konparatuz.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (8,1-11)

Entzungo dugun ebanjelio-pasarte hau ulertzeko, kontuan izan behar da, Itun Zaharrean ez dela ageri testu bakar bat ere adulteriogilea harrika hiltzeko esaten duenik. Ikus gaurko iruzkinean Sicre biblialariak dioena.
Bestetik, adulteriogile bat bakarrik hartu dute kontuan: emakumea. Eta gizonezkoa?
Nolanahi ere, Jesusi tranpa jarri nahi izan diote. Entzuna diote Jesusi mila bider errukiaz eta bekatarien alde hitz egiten. Eta orain ikusi nahi dute zer erantzuten duen tartean, beraien ustez, lege bat dagoenean; jakin nahi dute zeri emango dion lehentasuna: Moisesen legeari ala errukiari.
Jesus airoso atera da tranpatik. «Zuetan bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria». Beste behin, Jesusentzat, munduko lege guztien gainetik pertsona dago. Maitasuna, errukia.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztion alde: legeak lege, helburutzat maitasuna eta errukia jar ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.- Elizan kargu bereziren bat dutenen alde: lege guztien gainetik, errukiaren testigu argi eta garbi izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Aita Santuaren alde: esku artean dituen egiteko latzei irtenbide bat emateko, Espirituaren argia eta indarra gainezka izan eta onar ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure artean, maiseatzen, gaizki esaka, jendearen bizitza belzten aritzeko jarrera dugunon alde. Gaurko ebanjelioko Jesusen erantzuna kontuan hartzen ikas dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.