Garizumako 5. igandea C 2016-03-13
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehenengo irakurgaian, Isaias profetaren bidez, Jainkoak eskatzen digu, ATZERA BEGIRA ez egoteko. Erreparatzeko, orain egiten ari denari: DENA BERRI egingo dut.

Gaurko ebanjelioan argi eta garbi ageri da nola ari den betetzen bere hitz hori: DENA BERRI. Lege-maisuek eta fariseuek hil egin nahi dute bekatu egiten aurkitu dute emakume bat. Jesusek biziberritu egin du emakume hori bera. BERRITU.

Gaurko pasartearen aurretik, Jesusek esan zien: «Norbait egarri bada, etor bedi nigana, eta edan beza» (Jn 7,37). Kontrako erreakzioa eragin zuen horrek; Jesusengan sinesten zuen jendea txorotzat jotzeraino iritsi ziren fariseuak.

Gaurko pasartearen ondoren, Jesusen beste deklarazio bat dator: «Ni naiz munduko argia» (Jn 8,21). Beste eztabaida bat eragin zuen honek ere.

Aipatu bi deklarazio horien artean dator gaurko pasartea. Jesusen eta Israelgo buruzagi erlijiosoen arteko tirabira agertzen du. Buruzagi erlijiosoek ezin jasan dute Jesusen jokabidea; ezta hitz egiteko modua ere. Hargatik, Joanek berak esaten digunez, Jesus zepoan nola harrapatuko dabiltza.

Adulterioan harrapatu duten emakume bat ekarri diote Jesusi. Adulterioa egiteko gizonezko bat beharko zen, noski. Baina emakumea bakarrik ekarri diote.

Legeak agintzen duenez, diote salatzaileek, harrika hil beharra du emakume honek. Zuk zer diozu? Tranpa zitala zen. Hiltzeko esaten bazuen, Jesusek erabat galduko zuen bere ospea: predikatzen zuen errukia eta maitasuna hutsean geldituko ziren. Emakumea bakean uzteko esaten bazuen, berriz, balizko legearen kontra joango zen.

Tranpa haren aurrean, Jesus ez zen batere estutu. Lasai-lasai makurtu eta idazten hasi zen. Zer idazten? Auskalo. Salatzaileen bekatuak? Seguru sentitzen zela, eta ez ziela kasurik egin nahi salatzaileei? Gauza sinboliko bat?, adierazten duena, lurrean idatzia biharamunean ezabatua izaten dela?

Ikusirik, salatzaileak berean jarraitzen zutela, zutitu eta esan zien: Zuetan bekaturik gabe denak, bota diezaiola lehenengo harria. Eta guztiek, batak bestearen ondoren, alde egin zuten.

Eta Jesusek emakumeari: Inork ez zaitu kondenatu? Nik ere ez. Zoaz bakean; ez egin gehiago bekaturik.

Senideok, hiru erlijio monoteistek (juduenak, kristauenak, musulmanenak) sekulako astakeriak egin izan dituzte, eta egiten dituzte, Jainkoaren legeari leial izateko aitzakiaz. Jende askok agertu nahi izaten ontzat bere burua, barrua hilobi zikina duelarik.

Gaurko ebanjelioak eta aipatu ditudan beste bi testuek («Norbait egarri bada, etor bedi nigana, eta edan beza» eta «Ni naiz munduko argia») adierazten digute, Jesusek bakarrik argitzen duela jendearen bizitza eta bihotza; fariseuek baino mila bider hobekiago aplikatzen duela legea.

Jesusek ezin onartu du, bekatari den pertsona batek beste bekatari bat zigortzea. Pasadizo honek azaltzen digu, Jesus dela munduaren argia, bihotz barnea ikusarazten duena.

Azkenik, Jesusek ezin jasan du emakumea zigortzea, gizonezkoa bake-bakean utzirik. Ebanjelio guztian defenditu du Jesusek emakumea modu berezi-berezi batean. Ez, noski, emakumea delako; ez, noski, gizonezkoa baino ohoragarriagoa delako. Modu berezian babestu badu, gizarteak modu berezian zigortu eta zigortzen duelako da. Egoera pobreenean, zapalduenean, zigortuenean, miseria handienean… bizi direnak babesten ditu erarik berezienean Jesusek.

Senideok, Jesusek ez gaitu bakarrik utzi. Bere Espirituaren indarrez gure bihotzean jarraitzen du; Vatikano II.a Kontzilioak (Gaudium et spes konstituzioan) esan digunez, «ez bakarrik geroko biziaren egarria sustatuz, baizik eta, halaber, animatuz, garbituz eta sendotuz desira bihotz zabalak, zeinekin giza familia ahaleginak egiten ari baita bere bizitza gizakoi egiteko eta lur osoa helburu honetara bideratzeko». Beraz, Espirituak geroko biziari begira jartzen gaitu, bai; baina, aldi berean, geure mundu honi begira ere bat, gizakoiago egiteko. Ireki diezaiogun bihotza.

Dionisio Amundarain