GURUTZILTZATUAK ERAKARRI
Garizumako 5. igandea 2015-03-22 Joan 15,20-33
«Greko»-talde bat, paganoak seguruenik, Jesusengana hurbildu da, eskari miresgarri hau eginez: «Jesus ikusi nahi genuke». Horren berri eman diotenean, Jesusek solasaldi biziaz erantzun die, bere bizitzaren zentzu sakona laburtuz. Iritsia da ordua. Guztiek, judu eta greko, sumatu ahal izango dute laster haren bizitzak eta haren heriotzak biltzen duten misterioa: «Ni, lurretik jasoko nautenean, guztiak erakarriko ditut neugana».
Jesus gurutzean jaso eta Golgota mendian gurutzean agertuko denean, guztiek ezagutu ahal izango dute Jainkoaren ezin ulertuzko maitasuna, konturako dira ezen maitasuna dela Jainkoa eta maitasuna soilik gizaki ororentzat. Gurutziltzatuak erakarririk sentituko dira. Jainkoaren Misterioa erarik gorenean agerturik ikusiko dute harengan.
Hartarako, jakina, erospenaren doktrinaz hitz egiten entzutea baino zerbait gehiago beharko da. Aste santuko elizkizun erlijioso batera joatea baino zerbait gehiago. Geure barne-begiak Jesusengan behar ditugu jarri eta hunki gaitzan utzi, sumatzen dugularik gurutze hori egunez egun egindako bizitzaren azken keinua dela, mundua guztientzat gizatarrago egiteko. Bere salbazioa Jainkoagan aurkituko duen mundu gizatarragoa.
Baina, seguruenik, orduan hasiko gara Jesus zinez ezagutzen: Aitari egin dion erabateko buru-eskaintzak eta haren seme-alabentzat bizitza zoriontsuagoa eskuratzeko jasan duen nekaldiak erakarririk, Jesusen beraren deia, era ahulean bada ere, entzunen dugunean: «Nire zerbitzari izan nahi duena betor nire ondoren, eta ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere».
Jesusen «zerbitzari izatean» du den guztiak bere jatorria, haren eginkizunean lankide izatean, soilik haren egitasmorako bizi nahi izatean, haren urratsei jarraitzean, ikusiko dugunean, modu askotan eta keinu ia beti pobrez, nola maite gaituen Jainkoak guztiok. Orduan hasiko gara haren jarraitzaile bilakatzen.
Hona zer esan nahi duen haren bizitzan eta haren zorian bat egiteak: «ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere». Hori da kristau izatea: Jesus zegoen lekuan egotea, hark egiten zuenaz arduratzea, hark zuen helmuga bera ukaitea, hura egon zen bezala gurutzean egotea, hura dagoen bezala gu ere egun batean Aitaren eskuinean egotea.
Zer-nolakoa izango ote litzateke Gurutziltzatuak «erakarritako» Eliza, soilik haren zerbitzari» izateko gogoak eragina izango balitz, hark esku artean zituen gauzez arduratuko balitz? Zer-nolakoa izango ote litzateke Eliza, jendea Jesusengana erakarriko lukeena izango balitz?
José Antonio Pagola.