Garizumako 5. igandea B (2015-03-22)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Garizumako azken igandea dugu gaurko hau. Datorren igandea Erramu igandea izango dugu. Gaurko ebanjelioan argi eta garbi nabari da Aste Santuaren hurbiltzea: Gari-aleak, lurrera erori eta hiltzen ez bada, ez du fruiturik ematen, esan digu Jesusek.

Jentil edo pagano batzuk hurbildu dira Jesusen ikasle Felipegana, eta esan diote: «Jesus ikusi nahi genuke». Felipek beste ikasle bati agertu dio jentil horien gogoa: Andresi. Eta biak joan dira Jesusengana gogo horren berri ematera.

Beste askotan bezala, Jesusek ez die erantzun zuzenean. Baizik jentil horien gogoari sakonagotik helduz hitz egin die. Ez du ematen, jentil horien gogoa, Jesus ikustekoa, jakin-min edo kuriositate hutsa izan denik. Sakonagoko zerbait dute beren bihotzean. Eta Jesusek ere sakonagoko gogo horri erantzun nahi izan dio

Gogora dezagun Zakeo baten gogoa eta irrika, Jesus ikustekoa. Lukas ebanjelariak (19,1-10) bizi-bizi kontatu digu. Gizon diruduna eta gizartean maila goi-samarrekoa izanik ere, mutiko batek bezala jokatu du; hartarainokoa zuen Jesus ikusteko gogoa: Jesus igaro behar zuen bide ondoko arbola batera igo da.

Gaurko ebanjelioko jentil horien eta Zakeoren kasuak bezalakoak asko eta asko izan dira gizadiaren historian, eta dira gaur egun ere. Dudarik gabe, mendebaleko munduan begi-bistako fenomenoa da erlijioa praktikatzearen galera dakarren sekularizazioa: jende asko eta asko ari da uzten erlijioari dagokion jokabidea. Alabaina, ezin ahaztu dira beste jende asko zerbaiten bila dabilela adierazten duten bestelako fenomeno erlijioso asko: Aro Berria izenekoa, mendekostal erako kultuak, kultu karismatiko izenekoak etab. Horrek guztiak agertzen du giza bihotzak, bere barru-barruan, bilatu behar bat duela. Gu geu ere, ez al gara elkartzen, neurri txikian bada ere, zer entzungo, zer biziko, zer biziberrituko, zer eguneratuko, zer gertaberrituko?

Erantzuna emateko orduan, gizakiak hondo-hondoan duen bilatu nahi horri erantzun nahi izan dio Jesusek. Eta zer esan du? «Iritsi da Gizonaren Semea aintzatua izateko ORDUA», esan du. Eta aintzatua izate hori zertan jarri du Jesusek? Hona: «Gari-alea, lurrera erori eta hiltzen ez bada, fruiturik eman gabe gelditzen da. Hiltzen bada, berriz, fruitu ugari ematen du». Jakina, Jesus bere buruaz ari da. Baina baita gutaz ere. «Nire zerbitzari izan nahi duenak, etor bedi nire ondoren».

Gurutzera jasoko dutenean izango da Jesus aintzatua. Jesusen aintzaren tronua da gurutzea Joan ebanjelariaren hitzetan. Gurutzeko tronu horretan biziko duen aintza, zer izango da? Jesusen aintza, gizakia salbatzea da, gizakia liberatzea, gizakia bere buruaren jabe egitea, zorioneko egitea.

Senideok, Jesus ikusi, gurutzean bakarrik ikus dezakegu benetan. Baina Jesus ez da masokista bat. Jesusek ez du gurutzea onartu sufritzeagatik. Bigarren irakurgaiak esaten digunez, garrasika eta malkoz otoitz egin dio Jainkoari. Jesusek, azkenean, maitasunak eraginda onartu du gurutzea. Jesus ez da masokista. Ezta sadikoa ere; bere burua maite duenak galdu egingo duela esaten digunean, ez digu esan nahi geure buruaren kontra jardun behar dugunik. Bere buruaz dioen hau bera esan nahi digu: gurutzera jasoko nautenean, mundu guztia erakarriko dut neuregana. Horixe izango du bera aintza Jesusek: mundu guztia beragana erakartzea, mundu guztia zorioneko egitea. Beste horrenbeste opa digu geuri ere: maitasunez gurutzea onartu eta besteak zorioneko eginez, nork bere burua zoriontsu egitea.

Gurutzea onartzea, azken batean, gizatasun ez den guztiari uko egitea da, maitasun zoroan murgiltzeko: norberaren, lagun hurkoaren eta Jainkoaren maitasunean bizitzeko. Orduan, Jesusek berak entzun zuen zeruko Aitaren ahotsa entzungo dugu: «Aintzatu dut eta berriro aintzatuko dut».

DIONISIO AMUNDARAIN