GARIZUMAKO 4. IGANDEA B 2015-03-15

SARRERA

Anai-arrebok: Gaurko ebanjelioa, Jesusek Nikodemorekin izandako elkarrizketaren zati bat da. Fariseu sonatua zen Nikodemo. Jesusengan jainkozko zerbait ikusi zuen. Baina ez zen ausartzen haren jarraitzaile zela agertzen.
Jesusek esan zion: «Egiaz diotsut: berriro jaiotzen ez dena ezin da sartu zeruko erreinuan». Berriro jaio. Nikodemok ez zion ulertu: Berriro jaio! Eta, guk, ulertzen al dugu zer esan nahi duen?
Joan den igandean, tenplutik salerosleak botatzen ikusi genuen Jesus: ez zuen ikusi begi onez Jainkoari kultua eskaintzeko modu hura. Gaurkoa hari bertsutik doa: Jesusek ez du begi onez ikusten fariseuek agertzen duten erlijioa. Eta, zer esango ote luke gure erlijioaz? Benetakoak al dira Jesusekin ditudan harremanak? Benetakoa: gizona edo emakumea osatzen duten osagai guztiak inplikatzen dituen harremanak al dira? Gogoa, bihotza, adimena, borondatea.
Gauzak beste modu batean ikustea esan nahi du berriro jaiotzeak. Gauzak ikusteko modua: ez modu materialistan, ez erosokeriaren irizpideaz, ez neure erlijioa egiazko bakartzat hartu eta beste guztia jo eta haustera naraman nazakeen irizpideaz. Berriro jaiotzeak esan nahi du, munduan eta pertsonengan ageri den gaiztakeriaren artean, badela alderdi on bat ere; pertsona guztiengan dagoela alderdi onik. Hau da kontua: edozein pertsonagan den alderdi on hori agerian jartzea, maitasunez, errespetuz, apaltasunez, egiazaletasunez, bihotz garbiz, nork bere burua eskainiz. Betiere kontuan izanik, Jainkoaren maitasuna guk irudikatu ere ezin dugun bezalako dela: maitasunak debekatu egiten dio Jainkoari ez maitatzea.
Gaur, bestalde, gure elizbarrutietan, Afrikan eta Hegoamerikan ditugun misioen eguna ospatzen dugu. Katoliko sentitzen garela agertzeko aukera ederra dugu. Aita Santuak aurten ikur hau eman digu: ebanjelioa elkarri ematearen poza: «Denok misiolari. Batak besteari nork bere burua ematearen poza».

LEHENENGO IRAKURGAIA Bigarren Kronika Liburutik (36,14-16.19-23)

Lehen irakurgai hau Bigarren Kronika liburuaren konklusioa da. Liburuaren idazleak darabilen eskema interpretatzailearen laburpena da; honela ikusten du autoreak Israelen eta Jainkoaren arteko historia: Jainkoaren deia – gizakiaren bekatua – Jainkoaren zigorra – Israelen damua – Jainkoaren barkazioa. Jesusekin goitik behera aldatuko da eskema hori: Bekatu egiten baduzu ere, azkenean ezikusia egingo diot nik zure bekatuari, agertzen digu Jesusen Jainkoak.
Nolanahi den, judu-herriaren historia hau Jainkoaren maitasunaren historia da, neurri batean. Itun Zaharreko idazleek herriaren gaiztakeriari leporatzen diote herri horrek jasan duen hondamendia. Jainkoak etengabe proposatzen dion bideari ─zuzentasunaren bideari─, zuzengabekeria handiagoak eginez erantzun izan dio Israel herriak. Horrek ekarri dio hondamendia, idazleen uztez. Halere, Jainkoak Jainko izaten jarraitu du, maitasun eta erruki izaten. Azkenean, herriarentzat Jainkoak nahi duen askatasuna, pertsiar errege batek emango dio Israel herriari. Ustekabeko askatasuna. Jainkoa beti ustekabekoa da.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (2,4-10)

Paulok, lehenengo kapituluan, fedearen dohaina eskertzen du. Gaurko pasartea hartu dugun bigarren kapituluan, berriz, bi aldi kontrajartzen ditu: heriotzaren eta piztueraren aldiak. Heriotzaren aldia bekatuzko bizitzari dagokio. Aldi honetatik atera gaitu Jainkoak, ez juduak bakarrik, baita paganoak ere; hain zuzen, «errukian aberats» delako. Piztueraren aldia, berriz, maitasunez bizitzearen aldia da. Har ditzagun kontuan bi aldiak: bekatuarena eta piztuerarena.Doakotasuna da Jainkoari dagokion terminoa: doan eman digu bizia, doan atera gaitu heriotzatik.
Horixe da, hain juxtu, Pauloren ideia nagusia: Jainkoak doan emana da salbazioa; eskaintza horren aurrean fedea eta konfiantza agertu behar du gizakiak.
Bizia doan eman digula esatean, hau adierazi nahi dugu: Jainkoak maitasun hutsez eman digula, guk merezi gabe. Gu libre gara eskaintza onartu ala ukatzeko. Hauxe da, zentzuz eta egoki jokatu nahi badugu, gure egitekoa: Kristorekin bizi, Kristorekin piztu, Kristorekin jardun, munduari salbazioa eskainiz.

EBANJELIOA Joanen ebanjeliotik (3,14-21)

Nikodemori bezala esaten digu guri ere Jesusek: Berriro jaiotzen ez bazara, ez zara gai zeruko erreinurako. Berriro jaiotzea, haga puntan jarri duten suge berriari, Jesusi alegia, begira bizitzea da: zer bizimolde egin du Jesusek? Bizimolde horixe da gizakiaren jaiotze berria ere. Errukiaz aberatsa den Jainkoak horretaraino maite izan du gizadia. Bere Seme bakarra gurutzean erailtzen uzteraino. Jainkoaren maitasuna, a zer-nolako misterioa! Era berean, gizon-emakumeoi eman digun askatasuna, a zer-nolako misterioa? Jesusek esana: Uste al duzue ezin niola Aitari aingeru-talde bat eskatu, ni zuen eskuetatik libratzeko? Baina ez. Jainkoak errespetu handia, egundoko errespetua izan dio gizakiaren askatasunari. Bere maitasuna agertu eta eskaini digu: hor duzue zeuen zoriona; onartu ala ukatu dezakezue; edozein kasutan, nik ez zaituztet eskutik utziko. Jainkoaren maitasun bizi eta misteriotsuan logika! Argia eta egia nahi dituenarentzat, ageri-agerian.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Afrikan eta Hegoamerikan ditugun misioentzat: Eska diezaiogun Jainkoari.
2.- Gizon-emakume guztiontzat: gora jasoa den sugean, gurutzean goratua izan den Kristogan alegia, geure salbazioa ikus eta senti dezagun. Eska diezaiogun Jainkoari.
3.-Munduan ekonomi krisiaren erantzule handienak direnentzat: ekonomiaz duten ikuspegia birpentsa dezaten, eta guztia pertsonaren onerako dela aitortu dezaten. Eska diezaiogun Jainkoari.
4.- Gaur munduan «garaia baino lehen» hiltzen ari diren haur eta helduentzat, «gurutziltzatuak» diren herrientzat: horientzat guztientzat askapen-seinale eta konpromiso izan gaitezen. Eska diezaiogun Jainkoari.

– Por los niños y adultos que hoy siguen muriendo “antes de tiempo”, por los “pueblos crucificados”, para que seamos para ellos señal y compromiso de liberación, roguemos al Señor…