GARIZUMAKO 4. IGANDEA (C) 2016-03-06

SARRERA

Senideok, Garizumako 4. igandea ospatzen dugu gaur. Aurrera goaz, beraz, Garizuman. Gero eta hurbilago dugu Pazkoa. Galde genezake: egin al dugu ezer berezirik, orain arte, Garizuman? Otoitzean? Bibliako liburu bat irakurtzen? Lagun hurkoari laguntzen?
Garai batean, Vatikano bigarrena Kontzilioaren aurreko liturgian, «Laetare» deitzen genion igande honi, hau da, «Poztu zaitezte». Eta badugu pozteko eta alaitzeko arrazoirik asko. Hain zuzen, gaurko irakurgaiek hauxe azpimarratzen digute: Jainkoak, gure bekatuak kontuan hartu gabe, bere maitasuna eskaini digula. Adiskidetzera, berradiskidetzera, deitu gaitu. Jakina, Jainkoa ez da sekula haserretu. Gizakia da Jainkoagandik apartatu dena. Gizakia da Aitaren etxetik urrutira joan dena, gaurko ebanjelioko parabolako seme gazteena bezala. Baina Aita beti Aita da, beti zain-zain egon da eta dago; urrutira alde egin duen semea edo alaba noiz itzuliko zain. Senideok, itzul gaitezen Aitaren etxera. Besoak zabalik dugu hura gure zain.

LEHENENGO IRAKURGAIA Josueren liburutik (5,9a. 10-12)

Israel herriak Egiptoko esklabotzatik libratzea lortu zuen. Baina, ondoren, urte asko egin behar izan zuen basamortuan. Azkenean, ordea, Jainkoak Abrahami, Isaaki eta Jakobi hitzemandako lurrera iritsi zen. Eta, hara iritsi orduko, askatasunaren liturgia ospatu zuten han. Pozaren pozez eta esker ona agertuz. Lehenengoz ospatu zuten Pazko jaia: askapenaren jaia
Senideok, Itun Zaharreko gertakariak Itun Berrikoen aurre-irudi dira. Adibideak: batetik, Israel herria Egiptotik askatu izanak Jesu Kristok lortu digun askatasuna adierazten du; bigarren, Egiptotik atera ondoren Israel herria basamortuan ibili izanak guk bizi dugun mundualdia adierazten du; hirugarren, Israel herria agindutako lurrera iritsi izanak espero dugun zeruko zoriona adierazten du.
Hitzemandako lurrera iritsi orduko Israel herriak ospatu zuen askatasunaren liturgiak espero dugun zeruko poza eta atsegina adierazten du.
Baina, dagoeneko, neurri batean bederen, hori guztia bizi dugu geure Eukaristian: batetik, Jesusekin batean basamortuan ibili beharra, gure bizitzako gorabeherak; bestetik, Jesusekin batean, dagoeneko gu ere piztu izana.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (5,17-21)

Paulok esaten digu, sorkari edo gizaki berri garela. Bekatuzko egoera zaharra joana da. Egoera berria bizi dugu. Jainkoak, Kristoren bidez, eman digu eskura egoera berri hori. Bekatua kontuan hartu gabe, Jainkoak bere Semea bidali digu. Zertako? Maite gaituela adierazteko. Mezu horixe ekarri digu Kristok. Jainkoaren aldetik, dena egina dago. Guk onartzea falta da. Nolatan izan gintezke hain zoroak, Jainkoak luzatu digun eskua bete-betean ez onartzeko?

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (15,1-3.11-32)

Aita onaren parabola entzungo dugu segidan. Semeak, bereak hartu eta urrutira alde egin du, etxetik urrun. Halere, etxeak, familiak tira egiten dio. Ez du ideia handirik aitaren bihotzaz. Aita, berriz, zain-zain du, semea noiz itzuli zain da.
Seme zaharrenari, anaia gazteena den horren gauza bera gertatu zaio. Ezin ulertu du aita benetan aita dela; ezin ulertu du seme gazteenari egin dion harrera.
Parabola honekin, jakina, Jainko Aitaren jarrera adierazi nahi die Jesusek fariseuei eta gainerakoei. Tartean, guri.
Jainko Aitak ez du kontuan hartzen bekatua. Jainkoa ez dago haserretua inorekin. Gizon-emakume guztiak hark sortuak gara. Guztion Aita da. Hauxe nahi du bakarrik: onar dezagula maitasun hori. Libre egin gaitu, aske sortu gaitu. Gure askatasun horren kontra, gauza bakar hau du Jainkoak: bere maitasuna, bere errukia, bere onberatasuna.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristauon alde: Jainkoaren maitasuna gogoan dugula, munduan poza eta esperantza ager dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduan, bihotzean gorrotoa dutela bizi diren guztien alde: Jainkoaren maitasunak uki ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Goseak bizi diren guztien alde, lanik gabe bizi diren guztien alde: Jainkoaren argitasuna eta gainerako gizon-emakume guztien laguntza izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Beren etxean gaixorik eta bakarrik, zaharren egoitzetan gaixorik eta bakarrik, kartzela inoren bisitarik gabe bizi direnen alde. Eska diezaiogun Jaunari.