Jainkoaren maitasuna eta gizakiaren erantzuna
Garizumako 4. igandea B (2015-03-15)
Gaurko hiru irakurgaiak korrika batean irakurrita, erlazio argia dakusagu hiruren artean: Jainkoaren maitasuna. Lehenengoan, Babilonian erbesteraturik zirenen liberazioa eragin du. Bigarrenean, Paulok dio: «Jainkoak, errukian aberats, maite gintuen maitasun handiagatik». Ebanjelioan, Joanek idatzia da: «Jainkoak hartaraino maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion». Alabaina, testuak astiroago irakurtzen baditugu, gauza askoz sakonago bat sumatuko dugu: maitasun hori gorabehera desberdinetan ageri da eta arrazoi askorengatik barkazio bihurtzen delarik. Aldi berean, gure aldetik erantzun bat eskatzen du. Hobe izango dugu, hiru pasarteak idatzi ziren ordena kronologikoan irakurtzea. Horrengatik, azkenerako utzi dut Efesoarrei egindako gutuna.
Barkazioa juduentzat, emandako hitzarekiko leialtasunean oinarritua. Izango ote du erantzunik? (1. irakurgaia)
Lehen irakurgaiak Babiloniara garamatza, K.a. 539. urtera; juduek han mende erdi bat daramate erbesteturik. Hiria Pertsiako Ziro erregearen eskuetara igaro da, eta juduei askatasuna ematera eragin dio Jainkoak. Mendi erdi bat esklabo bizi izana arrazoitzeko, israeldarren bekatua aipatuz hasi da irakurgaia: ez da une bateko bekatua, baizik historia luzea du. Hasiera bateko idolatriari eta leialtasun-faltei, pazientziaz erantzun zien Jainkoak: mezulariak bidali zizkien bihotz-berritzeko deia eginez. Juduek, ordea, mespretxatu egin zituzten, eta burla egin zieten. Orduan, Jainkoaren errukiaren lekua haserreak hartu zuen, eta babiloniarrek su eman zioten tenpluari, erabat suntsitu zituzten Jerusalem inguratzen zuten harresiak, jendetza handia eraman zuten erbestera. Urte batzuk geroago, berriro aldatu zen Jainkoaren jarrera, eta juduak libre uztera eragin zion Pertsiako Zirori. Zer dela-eta aldaketa hau? Testamentu Zaharrean gehienik zabaldua zegoen burubidearen arabera, herria, zigorra jasan ondoren, bihotz-berritu egin da eta Jainkoak barkatu egin dio. Halere, gaurko lehen irakurgai honetan ez da ageri herria damutu izana. Hau da Jainkoak barkatu eta Zirori herria askatzera eragin izanaren arrazoi bakarra: herriari eman zion hitzari eutsi nahia. Amaren adibidera itzuliz, amak haurrari esango balio bezala: «Egiten duzuna egiten duzula, azkenean barkatu egingo dizut». Eta barkatu egin dio, haurra damutu gabe; guzti hori, emandako hitza betetzeko. Nola erreakzionatu dute juduek albistea entzutean? Testuak ez du esaten, baina ezaguna dugu: gutxi batzuk Judara itzuli dira, dena arriskatuz, zer aurkituko duten jakin gabe; beste batzuek nahiago izan dute Babilonian gelditu. (Zenbat afro-amerikar egongo litzateke prest Ameriketako Estatu Batuetatik beren arbasoen jatorrizko lurraldeetara itzultzeko?)
Barkazio unibertsala maitasunean oinarritua, onartua nahiz ukatua izan daitekeena (ebanjelioa)
Jainkoaren maitasunaren eta barkazioaren gaia era unibertsalean fokatzen du ebanjelioak. Ez da mintzo Israel herriari dion maitasunaz, baizik mundu osoari dionaz. Baina, uste izan zitekeenaren kontra, ez zaio gertatu bere maitasuna, ez erraza, ez erosoa: bere Semearen beraren heriotza ekarri dio. Gainera, asko azpimarratu du ebanjelioak gizakiaren erantzuna: barkazio horri harrera ona egin behar zaio fedeaz, Jesus hori Jainkoaren Seme eta salbatzaile dela aitortuz. Mila bider esan eta entzun izan dugu hau; agian, ordea, ez dugu sumatu harrera horrek apaltasun-ekintza handia eskatzen duela, hiru gauza aitortzera behartzen gaituelako:
a.- bekatari naizela, inoiz ere atsegina ez den gauza;
b.- ezin dudala neure burua salbatu; gure harrokeriarekin topo egiten duen gauza;
c.- beste bat dela, Jesus alegia, salbatzen nauena; duela hogei mende bizi izan zen hura, bere garaiko agintari politiko eta erlijiosoek heriotzara galdu zuten hura, gaur jende askok pertsona ontzat edo profeta handitzat bakarrik hartzen duen hura.
Ebanjelioaren metaforaz baliatuz, argi-foku indartsu bat gure gainera eroriko balitz bezala da, gure ahuldadea eta ezintasuna agerian jarriz. Denak ez dira hiru apaltasun-ekintza hauetarako prest. Nahiago dute fokuari ihes egin, ilunpean gelditu, beren burua engainatuz, ostrukak bezala beren burua lurrean ezkutatuz. Beste batzuek, berriz, nahiago dute argira jo, hartan salbazioa eta beren biziari zentzu bat bilatuz.
Paganoei barkazioa errukian oinarrituz: fedea eta egintza onak (2. irakurgaia)
Ebanjelioak agertu duen salbazio unibertsala zehazten du Efesoarrei egindako gutunak, jatorri paganoko elkarte jakin bati hitz eginez: Efeso hiriko elkarteari, alegia (gaur egungo Turkian). Bihotz-berritu aurretik, hilik zeuden bekatupean, astungarri batekin: Jainkoak ez zien egin inolako salbazio-promesik, Babilonian erbestetuak ziren juduei ez bezala. Halere, barkatu egin die. Zergatik? «Errukian aberats» delako, «maite gintuen maitasun handiagatik», «onginahi hutsez». Hauxe da San Paulok beste testuinguru batean izen hau ematen diona: «mende askotan Jainkoak ezkutuan ukan zuen misterioa»: paganoak ere bere seme-alaba dituela, israeldarrak bezain seme-alaba. Jainkoaren maitasunaren froga honek erantzun bat espero du, fedean eta egintza onak eginez zehazten dena.
Azken gogoeta
Garizumaren testuinguruak bekatuaren eta zigorraren alderdia azpimarratzeko aukera ematen digu; liturgiak, beste behin, oroitarazten digu, gure fedea «berri on» (ebanjelio) batean oinarritzen dela, Jainkoaren maitasunaren berri onean. Guk, efesoarren, korintoarren, tesalonikarren ondorengo garenok, haiek bezala aitortu behar dugu, dena Jainkoaren dohain dela eta ez gure merezimendu; fedeaz erantzun behar diogula Jesusi eta berak adierazi dizkigun «egintza onak» gauzatzeari emanik bizi.
José Luis Sicre