GARIZUMAKO 3. IGANDEA C 2019-03-24
SARRERA
Senideok, Garizumako hirugarren igandea ospatzen dugu gaur. Gaurko gai nagusia, irakurgaietan, bihotz-berritzeko deia dugu: konbertsioa. «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete», entzungo dugu ebanjelioan.
Lehenengo irakurgaian, berriz, Moisesi Jainkoak egindako deia dator: «neure herria libratu nahi dut» esan dio Jainkoak, «eta zure beharra dut horretarako».
Horra bihotz-berritzearen muina: Jainkoaren lankide bihurtu, mundua askatzeko, mundua salbatzeko, mundua zorionera eramateko.
Gauza guztien gainetik Jainkoaren errukia nabari da: batetik, Israel herria askatzera bidali nahi du Moises Egiptora; bestetik, Jainkoaz duten uste faltsua agertu nahi du ebanjelioan; uste baitute, Jainkoa (letra handiz) bekatua zigortzen duena jainkoa (letra txikiz) dela.
Bila dezagun laguntza Eukaristian, munduaren egoera ikusi, aztertu eta aldatzen saiatzeko. Eta eska diezaiogun argia Jesusen Espiritua, Jesusen Jainkoa, sakonago ezagutzen joateko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (3,1-8a.13-15)
Jainkoak bere burua ezagutzera eman dio Moisesi. Hona horretarako eman dizkion ezaugarrietako bi. Lehenengoa: «zure arbasoen Jainkoa naiz ni: Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa»; bigarren ezaugarria: «neure herria zapaldurik ikusi dut Egipton» eta hura libratzea erabaki dut. Eta zure beharra dut horretarako.
Moisesek galdetu dio: «zein eta zer naiz ni, ordea, horretarako?; zeinek bidali nauen galdetuko didate israeldarrek». Eta Jainkoak erantzun: Yahve naiz ni, hau da, «Naizena naiz ni», eta esan jendeari nik bidali zaitudala.
Buruhauste handiak eman izan eta ematen ditu Yahve hitz honek: zer esan nahi du? Askoren ustez, hau da esanahia: idoloak ez dira ezer, idoloek ez dute izaterik, baina ni banaiz; benetan dut nik izatea: banaiz; beste batzuen ustez, hau esan nahiko luke: zuekin nagoena naiz ni.
Fedea eskatzen dio Moisesi Jainkoak, bera badela sinesteko: neuk askatuko dut neure herria, zure laguntzaz. Horixe eskatzen digu guri ere.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (10,1-6.10-12)
Moisesen bidez Israel herriarekin, basamortuan, Jainkoak izan duen jokabidea aipatzen du Paulok, batetik, eta, bestetik, herriak Jainkoari eman dion erantzun okerra: Yahveri kasu egin ordez, idoloetara jo izan du herriak.
Eta konklusio hau atera du Paulok: hori guztia gure eskarmenturako gertatu zen. Israeldar haietako askok ez zion kasurik egin Jainkoari, eta galdu egin zen. Hori bera gertatuko zaizue, Jainkoari kasurik egiten ez badiozue.
Batez ere, ordea, hau dio Paulok. Kristo jadanik israeldar haiekin zegoen, egarria asetzeko ura zerion arroka bezala. Batez ere, ordea, gurekin dago Kristo, gure bizitzako basamortu honetan laguntzeko; basamortu honetan mundua aldatzeko egintzan guri laguntzeko.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (13,1-9)
Jende bat datorkio Jesusi galilear batzuei zer gertatu zaien kontatzera: nola hil dituen Pilatok tenpluan, Jainkoari opariak eskaintzen ari zirela. Esan nahi diote, inondik ere bekatu handiren bat egina dutela hildako horiek, horrelako heriotza izateko.
Jesusek bestelako iritzia du: Norbaiti zoritxar bat gertatzeak ez du esan nahi Jainkoak zigorra bidali dionik; Jesusek ez du argitu zergatik etorri ohi den zoritxarra. Jesus beste maila batean jarri da, eta esan die: galilear haiek ez ziren besteak baino bekatariago.
Zuek ere bekatari zarete haiek bezala. Nolanahi ere, konbertitzen ez bazarete, guztiok galduko zarete, esan die. Jesusen arabera, gauza bat da une batean gerta daitekeen zoritxarra, eta beste bat betiko zoritxarra.
Bestetik, segidan dakarren parabolak hau esan nahi du: Jainkoak aukera ematen diola, behin eta askotan, gizakiari, fruitua emateko, konbertitzeko. Senideok, ez dezagun galdu aukera hori.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gaur eukaristia elkarrekin ospatzen ari garenontzat: izan gaitezela gai, Jauna, besteei zure berri emateko eta zutaz hitz egiteko, modu natural eta xumean. Lagundu, Jauna, zugana bihur gaitezen.- Entzun arren, Jauna.
2.-Senideak maitatzeko eta haien alde jokatzeko gure era, izan dadila testigantzarik onena, zu gure artean bizi zarela adierazteko. Lagundu, Jauna, zugana bihur gaitezen. – Entzun arren, Jauna.
3.-Munduan, neurri batean edo bestean, aginte sozial, politiko edo erlijiosoa dutenen edo dugunon alde: joka dezagula beti, guztien onaren bila. Lagundu, Jauna, zugana bihur gaitezen. – Entzun arren, Jauna.
4.-Gure egarria asetzen duena izan zaitezela zu zeu, Jauna, eta bizi gaitezela adi, senideen fedea asetzeko. Lagundu, Jauna, zugana bihur gaitezen.- Entzun arren, Jauna.