GARIZUMAKO 3. IGANDEA B 2015-03-08

SARRERA

Senideok, Garizumako orain arteko hiru igande hauetan, Jainkoak egindako hitzarmenez hitz egin digu lehenengo irakurgaiak: lehenengo igandean, Noerekin egindako hitzarmenaz; bigarrenean, Abrahamekin egindakoaz; hirugarren honetan, gaur, Moisesekin egindakoaz.
Zuzen hitz eginda, Jainkoak ezin du egin hitzarmenik inorekin. Gauza bat da gizaki batzuek, beren kultura mailaren arabera, Jainkoaz izan dezaketen esperientzia eta beste bat, oso desberdina, Jainkoa zer den kontuan hartzea. Maitasun hutsa da Jainkoa; baldintzarik gabe eskaini digu Jainkoak bere maitasuna Jesusengan. Jesus ez da joan bekatariengana eta pobreengana berarekin hitzarmen bat egin nahi duten galdezka. Zuzenean eskaini die bere maitasuna, bere barkazioa. «Betiko adiskidetasuna» agertu duen Jainkoaz hitz egin digu Jesusek. Izan ere, Jainkoak zuzenean eskaini die gizon-emakumeei bere adiskidetasuna; ez da ibiltzen «tori eta tati» jokoan edo «tori eta itzuli» jokoan. Guk geuk ezer egin gabe, Jainkoa erabat eta osorik eman zaigu, baldintzarik eta eskakizunik gabe; izan ere, bere burua ematea du bere izaera Jainkoak, maitasuna du bere izaera. Jesusek agertu digun Jainkoagan ez dago hitzarmenik, ez dago itunik. Hau da gugandik espero duen gauza bakarra: batetik, aurki dezagula bera maitasun huts dela;, bestetik, joka dezagula besteekin hark gurekin jokatu duen bezala.
Gaurko ebanjelioan Jesusek agertu duen jokabideak hari horri jarraitzen dio. Jesus jabetu da, Jerusalemgo Tenpluan eskaintzen duten kultua ez dela zuzena: Jainkoa erosi nahia ageri da kultu horretan; konturatu da, Jainkoaren izaeraren kontra doa la kultu hori, biraoa dela. Jainkoak, izan ere, ez du oparien beharrik gizon-emakumeak maitatu ahal izateko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (20,1-17)

Irakurgai honetan Dekalogoa entzungo dugu, hau da, Hamar Aginduen bertsio bat. Itun Zaharrean, bi bertsio ageri dira: bata laburragoa eta bestea luzeagoa; bata Irteera liburuan eta bestea Deuteromio liburuan. Gaurko hau laburrena da.
Bi alde nabari dira hamar agindu horietan: batetik, Jainkoarekin zein harreman izan agertzen digute; bestetik, gizon-emakumeen artean zein harreman izan.
Gaurko ebanjelioak Jesus haserre agertuko digu. Zergatik? Tenpluko harremanetan baztertu egin direlako gizon-emakumeen artean bete behar diren harremanak. Guztia, faltsuki, Jainkoarekiko harremanak bakarrik gorde nahi dituztelako; hain zuzen, harreman faltsuak.
Baina bestetik, kontuan izan behar dugu. Gaur egun inori ez zaio burutik Jainkoak Moisesi harri-lauza batzuk eman dizkionik hamar aginduekin. Ez da Jainkoa Moisesez baliatu dena, bere legeak gizon-emakumeei emateko. Baizik eta Moises baliatu da Jainkoaz, herria antolatzeko beharrezkoak zirela uste zituen arauak herriari ezartzeko.
Jainkoak ezin du egin hitzarmenik. Jainkoa borondate hutsa da. Maitasun hutsa. Ez dago gizakiak eskatu zain bere grazia eta bere maitasuna eskaintzeko. Ez du inolako baldintzarik. Jainkoa jario hutsa da, dohain hutsa, eskaintza hutsa.

BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei (1,22-25)

Bi jakinduria kontrajarri hauez mintzo da Paulo: faltsuaz eta egiazkoaz. Hau da, batetik, hitz-jario handiaz baliatzen direnak eta, bestetik, Jesu Kristo izan ohi dutenez mintzagai.
Gaurko honetan, Jainkoaren jakinduriaz ari da Paulo. Jainkoak gizadia salbatzeko betidanik izan duen asmoaz. Asmo edo egitasmo hori Jesusen heriotzaz eta piztueraz bete da osoki. Jesusen heriotza hori eskandalu izan da juduentzat eta zorakeria jentilentzat. Juduak esango du: Nolatan onartu, bere burua gurutzetik defenditzeko eta libratzeko gai ez den Mesias bat? Maitasuna eta errukia ez den jainko batengan sinesten duen juduarentzat, eskandalu handia izan da Jesus gurutzean hiltzea. Eta greziarrak esango du: Nolatan sinetsi gurutzean hil den bat piztuko dela? Zorakeria hutsa da hori; ez da arrazoizko gauza; ez du inolako zentzurik. Halere, Paulok zindo eutsi dio bere fedeari: Jainkoaren maitasuna nolakoa den agertu du Jesusek gurutzean hiltzean. Bestetik, giza arrazoi hutsaren gainetik dago Jainkoaren bizia.
Eta guretzat? Eta niretzat? Benetan salbazioa al da niretzat gurutzean hil den Jesus? Neure salbazioa lortzeko, heriotzatik pasatu beharra dudala pentsatzen al dut?

EBANJELIOA San Joanen liburutik (2,13,25)

Pazkoaldi batean gertatu da gaurko pasadizo hau. Jende asko da Tenpluaren atarian. Merkatu bihurturik dago Tenplua. Alde batetik, bertan opari eskaini beharreko animalien salerosketan hari dira. Bestetik, atzerrian bizi diren eta Pazkozkoa egitera etorri diren juduentzat, han dira diru-trukatzaileak ere; garai hartako talde finantzarioa dira.
Jesusek ekintza profetiko bat egin nahi izan du. Saltzaileak eta animaliak kanpo bota. Trukatzaileen mahaiak irauli. Jesus hiltzeko, juduek izan duten arrazoi handienetakoa izan da: Tenpluaren kontrako etsai arriskutsu agertu da Jesus.
Askotan esan izan da, Jesusek Tenpluaren garbitze bat egin nahi izan duela. Baina, egiaz, askoz ere inportanteagoa den ekintza da. Ekintza profetiko bat egin nahi izan du Jesusek. Isaiasek (56,7) esana zuen: «Nire etxea otoitz-etxea da herri guztientzat». Eta Jeremiasek (7,11): «Baina zuek, lapur-zulotzat ote daukazue niri sagaratua dagoen tenplu hau?»
Batetik, pobreei dirua kentzeko negozio-etxe bihurtua dute Tenplua. Bestetik –eta hau da larriena–, Jainkoaz izan duen esperientzia dela bide, Jesus jabetu da kultu faltsua dela Tenpluko hori. Jainkoa ezin dela erosi. Jainkoaren faborea ezin dela lortu horrelako oparien bidez. Horrek eragin dio Jesusi ekintza profetiko handi hau egitera. Beste zertzeladak, zartailuaz baliatzea etab., gutxieneko gauza dira. Jainkoa adoratzea zer ez den agertu nahi izan du Jesusek. Nolabait, Oseas profetarena baietsi eta indartu nahi du: «Hau dio Jainkoak: maitasuna nahi dut nik eta ez opariak».

HERRIAREN OTOITZA

1.- Jainkoa Aita dela aitortzen duen elkartea den Elizaren alde; ager dezagula: Tenplua ez dela harrizko eraikin bat; baizik Jesus bera dela Tenplua, eta gizon-emakumeak direla Tenplua, eta, modu berezian, sufritzen ari diren gizon-emakumeak direla Tenplua. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Fededun guztion alde: erne eta azti bizi gaitezen, Jainkoak egunero eskaintzen dizkigun seinaleei antzemateko, eta lan egin dezagun Jainkoaren Erreinua eraikitzeko, hau da, gizarte bat, zeinetan guztiok anai-arreba bezala biziko baikara. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Hezitzaile guztien alde: guraso, irakasle, katekista guztien alde: geure haurrei eta gazteei Jesusen jakinduria, jende baztertua maiteago zuen hura, ezagutzen eta bizitzen laguntzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Gure inguruko parrokia-elkarteentzat: Jainko Aitak digun Maitasuna jendeari, beti eta baldintzarik gabe, kutsatzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.