TENPLU BERRIA
Garizumako 3. igandea B / Joan 2,13-25 / 2015eko martxoaren 8a

Lau ebanjelariek dakarte Jesusen keinu probokatzaile hau: «animalia-saltzaileak» eta «diru-trukatzaileak» tenplutik botatzearen keinua. Ezin du jasan Jesusek bere Aitaren etxea kultutik bizi den jendez betea. Jainkoa ezin erosia da «oparien» bidez.

Joanek, ordea, lau ebanjelarietarik azkenak, Jesusen eta juduen arteko elkarrizketa dakar, zeinetan Jesusek era handiosean baieztatzen baitu, tenplua suntsitua izango delarik, «hiru egunean eraikiko duela berak». Inork ez du ulertu zer esan nahi duen. Horregatik gehitu du ebanjelariak: «Bere gorputzaren tenpluaz mintzo da Jesus».

Har dezagun kontuan ezen Jerusalemgo tenpluak hogei edo hogeita hamar urte lurrean harri-pila eginik zeramanean ari dela idazten Joan ebanjelaria. Judu askok umezurtz dakusate beren burua. Tenplua zuten beren erlijioaren bihotza. Nola bizi Jainkoa beren herrian izan gabe?, pentsatzen zuten.

Ebanjelariak jabearazi nahi die Jesusen jarraitzaileei ezen berek ez dutela bizi behar antzinako tenplu haren nostalgiarik. Jesus da «tenplu berria», agintari erlijiosoek jo zuten, baina Aitak «piztu» zuen Jesus hura, alegia. Ez da metafora ausart bat. Kristauek Jainkoarekin betiko izan behar duten harremana markatzen du horrek.

Jainkoa bizi den tenplu berritzat Jesus hartzen dutenentzat, desberdina da dena. Jainkoarekin topo egiteko, ez da aski tenplura joatea. Premiazkoa da Jesusengana hurbiltzea, haren egitasmoan murgiltzea, haren urratsei jarraitzea, haren espirituaren arabera bizitzea.

Jesus den tenplu berri honetan, Jainkoa adoratzeko, ez da aski intsentsua, ez dira aski gorapenak, ez dira aski liturgia handiosak. Hauek dira benetako adoratzaileak: Jainkoaren aurrean «espirituz eta egiaz bizi direnak». Honetan datza zinezko adorazioa: Jesusen «Espirituz» Ebanjelioaren «Egia» bizitzean. Hori gabe, «adorazio hutsala» dateke kultua.

Jesus den tenplu berri honetako ateak zabalik dira gizon-emakume guztientzat. Inor ez da bazter utzia. Hor sar daitezke bekatariak, kutsatuak eta, are, paganoak. Guztiena da eta guztientzat da Jesusen baitan bizi den Jainkoa. Tenplu honetan ez da inolako bereizketarik. Ez da eremu banatzailerik gizonezkoentzat eta emakumeentzat. Kristogan «ez da jadanik gizonezkorik eta emakumerik». Ez da arraza aukeraturik, ez herri bazter utzirik. Maitasun- eta bizi-premian direnak: horiek dira lehenetsi bakarrak. Jakina, beharrezkoak ditugu tenpluak Jesus Jaun bezala adoratzeko, baina Jesus bera dugu zinezko tenplua.

José Antonio Pagola