Garizumako 3. igandea B (2015-03-08)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Esanahi handikoa da gaurko ebanjelioa. Jesusek Jerusalemgo tenplutik kanporatu egin du salerosketan ari zen jendea. Bide batez, lurrera bota du diru-trukatzaileek zerabilten dirua.
Lau ebanjelariek dakarte pasadizo hau. Badira aldeak lauen artean. Joan ebanjelariak agertzen du pasadizoa xehetasun gehienaz. Batez ere, Joanek ematen ditu pista handienak pasadizoa ulertzeko. Zergatik egin du Jesusek kanporatze hori? Batez ere, jakinik, ekintza horrekin handitu egingo duela beraren etsaien amorrua?
Askotan, Jesusek erabili omen duen zartailua izaten da protagonista; pintore askok pintatu dute pasadizo hau; gehienek agertzen dute zartailua, nahiz lau ebanjelarietatik Joanek bakarrik aipatu. Beste askotan esan izan da, Tenpluan garbiketa bat egin nahi izan duela. Hori ukatu gabe, sakonagoa Jesusen asmoa.
Hona Joanek ematen dizkigun pista batzuk Jesusen egiazko asmoa ezagutzeko:
–Juduen pazko-jaietan gertatu zen. Tenplu inguruan jende asko zebilen garaia zen, beraz.
–«Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe», esaten die uso-saltzaileei.
–Jesusen ekintza ikustean, Liburu Santuko hau etorri zaie gogora ikasleei: «Zure tenpluaren maiteminak sutzen nau».
–Judu-agintariek, seinale bat eskatu diote Jesusi, egin duena egiteko eskubidea duela frogatzeko. Jesusek erantzun die: «Desegizue Tenplu hau, eta hiru egunetan berregingo dut». Eta Joan ebanjelariak Jesusen esaldi horren esanahia argitu digu: «bere gorputzaren tenpluaz ari zen».
Joanen azken hitz horietan dago pasadizo guztia ulertzeko gakoa: JESUS DA TENPLUA. Jesus da tenplu berria. Horra zein den Jesusen asmoa. Jada ez dute balio hango opari eta sakrifizioek.
Harrizko Tenplu hartaz baino gehiago, Tenplu hartan egiten zutena gaitzetsi nahi du Jesusek. Alde batetik, han egiten ziren injustiziak zeuden; pobreak behartzen zituzten opariak eskaintzera; diru-trukatzaileak ere han aritzen ziren beren negozioa egiten; garai hartako agente finantzarioak ziren. Bestetik, opari haiekin Jainkoa erosi nahi izaten zuten: «nik hau eskaintzen dizut zuk niri hori ematekotan». Jainkoa tratulari huts bihurtu zuten. Ekintza batzuk egin, eta horra Jainkoa gizakiaren txorimalo bihurtua.
Aspalditik zetorren juduen artean (beste erlijioen artean zer esanik) Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremanak merkatu-jokotzat hartze hori. Adibidez, esaten dugunean, Jainkoak Abrahamekin, Jakobekin, Moisesekin Elkargoa egin zuela; horixe bera esaten ari ohi gara; Jainkoari esanarazten diogu: zure adiskide izango naiz, hau eta bestea egiten baduzu. Aste honetan berean, ostiralean, Brebiarioan irakurri dugun Irteera 19,1-19 eta 20,18-21 adibide nabarmena da; Jainkoak elkargoa egingo du herriarekin; besteak beste, esaten dio: ez igo mendira; hurbiltzen denak herio-zigorra izango du. Behin batean, bikote batek esan zidan, galdezka bezala, ezin zutela otoitz egin Salmoekin. Jakina. Bibliako gauza asko eta asko hitzez hitz hartzen badira, ezin. Biblia irakurtzean geure buruan klitxe aski malgu edo flexible bat eduki beharko genuke testu bat nola ulertu behar den tresna bezala. Elkargoa esaten dugunean, adibidez, argia piztu beharko genuke: hori Testamentu Zaharreko hitza da; Jainkoa gure arteko tratulari bezala hartzea da; Jainkoa Jesusen Jainkoa da; guk imajinatu ere gabe bidali digu Jainko Aitak bere Semea gu salbatzera.
Ez. Jainkoa ez da tratularia. Jainkoak ez du inorekin elkargorik egiten. Jainkoa maitasun hutsa. Erruki hutsa. Bihotz hutsa. Ez da zain egoten, guk zer egingo guri mesede bat eskaintzeko.
Hau da Jainkoak nahi duen gauza bakarra eta guztia gugandik: Gu iristea bera maitasuna dela konturatzera. Ezagutzea maitasuna dela bera. Horregatik bidali digu bere Semea. Fisikoki agertzea zer den bera.
Gaurko pasadizoan, hori agertu nahi izan digu Jesusek: Jainkoa ez dagoela gure oparien zain. Errukia nahi dut eta ez opariak. Guk, geure buruan, lagun hurkoagan eta mundu osoan Jainkoaren maitasunaren arrastoa ikustea nahi du. Geure zorionerako.
DIONISIO AMUNDARAIN