GARIZUMAKO BIGARREN IGANDEA

Lehen irakurgaia

( Jainkoak Abrahamekin egin zuen batasuna edo elkargoa )

Hasiera liburutik 15, 5-12. 17-18

Jauna Abrahami mintzatu zitzaion ikuspen batean.
5 Kanpora aterarazi zuen, eta erran zion:
“ Beha zerurat, eta konda izarrak, ahal baduzu.”
Erran zion ere:
“ Horrenbeste izanen dira zure ondokoak.”
6 Abrahamek sinetsi zion Jaunari,
eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.
7 Gero erran zion :
“ Ni naiz Jauna, Kaldeako Ur hiritik atera zaitudana,
lurralde hunen jabe egiteko.”
8 Abrahamek erran zion:
“ Jainko Jauna, nondik ezagutuko dut lurraldearen jabe naizela?”
9 Jaunak ihardetsi zion:
“ Ekarkidatzu hiru urteko behi bat, hiru urteko ahuntz bat,
hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usokume bat.”
10 Ekarri zituen Abrahamek horiek guziak eta bi erdi egin;
puskak bat bestearen parrean ezarri zituen,
bainan hegaztiak ez zituen erditik egin.
11 Hegazti harrapariak sarraskira heldu baitziren,
Abrahamek haizatu zituen.
12 Iguzkia sartzean, lo misteriotsu batek hartu zuen Abraham,
eta ikara handi bat sartu zitzaion.
17 Iguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean,
labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren.
18 Egun hartan, Jaunak elkargo egin zuen Abrahamekin, erranez :
“ Zure ondokoeri emaiten diotet lurralde hau.”

Abrahamen denboran, elkargo baten egitea errito bat zen, frango luzea : abere batzu hil, hiru
urteko abereak, laurdenkatu, laurdenkatze hori agintza haustea eta hausten zuenaren geroa balire
bezala. Zertako hiru urteko abereak ? Orduko ohiduran, hiru urteraino amek bularra emaiten zioten
beren haurreri. Hiru urteko aberea larritua zen. Hemen, Abrahamek behar diren eginkizunak
erabiltzen ditu, bainan oraikoan Jainkoarekin. Bertze elkargoak bezala da, bainan ere desberdina.
Ikus dezagun beraz zer den berdin, eta zer desberdin.
Zer den berdin : “Ekarri zituen Abrahamek horiek guziak eta bi erdi egin; puskak bat
bestearen parrean ezarri zituen, bainan hegaztiak ez zituen erditik egin. Hegazti harrapariak
sarraskira heldu baitziren, Abrahamek haizatu zituen.” Harrapariak haizatzen zituen Abrahamek,
uste baitzuen sai horiek zorte gaixtoa ekartzen zutela. Abraham egiazko Jainkoari hurbiltzen da
bainan basa-sinestea ez da urrun.
Zer den desberdin : “Iguzkia sartzean, lo misteriotsu batek hartu zuen Abraham, eta ikara
handi bat sartu zitzaion. Iguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean, labe bat ketan eta tortxa bat sutan
abere-zatien artetik iragan ziren.” Lo misteriotsu horrek Adamen loa oroitarazten du. Adam lo
zelarik, Jainkoak emaztea sortarazi zuen. Hunek erran nahi du, Jainkoa eta gizona ez direla berdin,
kreazione mailan. Jainkoak du eskua, gizonak konfiantxa . “Abrahamek sinetsi zion Jaunari, eta
Jaunak zuzentzat hartu zuen“
„Labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren”. Gehienetan,
Jainkoaren presentzia suak du erakusten, hala nola Biblian sasia sutan, Zinaïko kea, suzko habea
basamortuan, eta Mendekostez suzko mihiak.
Ikus dezagun orain zertan den elkargo hori. Jainkoak bi gauza ditu Abrahameri agintzen:
ondokoak eta lurraldea. “Beha zerurat, eta konda izarrak, ahal baduzu. Horrenbeste izanen dira
zure ondokoak….. Ni naiz Jauna Kaldeako Ur hiritik atera zaitudana, lurralde hunen jabe egiteko.”
Abraham gizon zahar bat zen. Nola ukaiten ahal zituen haurrak, ondokoak ? Eta lurraldea ?
Abraham aspaldi joana zen bere etxetik, Jainkoaren errana entzunik ! Orain arte, Jainkoaren
agintzetarik ez du deus ikusi. Bizkitartean, bere etxetik konfiantxarekin joan zen ! Hemen testoak
erraiten du : “Abrahamek sinetsi zion Jaunari, eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.” Biblian, lehen
aldikotz agertzen da “sinets” hitza. Fedea hemen da sortzen. Sinestea, atxikimendua da, bururainoko
konfiantxa. Abrahamen izan-moldea da. Hortakotz Jainkoak zuzentzat hartzen du. Biblian, zuzena
da nahia egiteko manera, Jainkoari parekatua dena. Jainkoak emaiten du ; ordainez gauza bat du
galdetzen : sinestea. Bertzela erraiteko : berri haundia hau da : dena emana zauku ; hau onartzea da
sinestea, fedea.

Salmoa 26

Leloa : Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?
Jauna dut lagun: nork behar nau ni dardarazi ?

Entzun, Jainkoa, otoizka dagon nere boza;
Urrikal zaite, ihardets neri : otoi, mintza.
Bihotza deika, beha ta beha banabila,
Zure zeruko begitartea gaupez bila.
Etzadazu ba begitartea hola gorde,
Ez hasarrean zure zure hau utz debalde.
Badut sineste: ikusiko dut zoin den ona;
Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.
Egon bakean Jaunaren beha : izan gizon :
Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon.

Hitz laburrez, dena errana da : alde batetik, segurtamen gozoa : « Jauna dut argi, Jauna
geriza, ni nork izi ? Jauna dut lagun : nork behar nau ni dardarazi ? » eta bertze aldetik, otoitz
kartsua : « Entzun , Jainkoa, otoizka dagon nere boza ; Urrikal zaite, ihardets neri : otoi mintza. »
Izraelgo populuak denak ezagutu ditu: egun alegerak, egun beltzak; eta beti bere fedea atxiki du,
edo hobeki erran, barnatu.
Ikus ditzagun hurbiletik bertso hauek:
“Bihotza deika, beha ta beha banabila, Zure zeruko begitartea gaupez bila.“ Eta bertze hau :
“Badut sineste; ikusiko dut zoin den ona, bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna. “Jauna ikustea,
denen asmoa, denen gutizia. Haren iduriko kreatuak girenaz geroz, gure gutizia da Jainkoa ikustea.
Moisek aski otoiztu zuen : ”Egizu, zure aurpegia ikus dezadan.“ eta Jainkoak erran zion, goxoki :
“Ene aurpegia ez dezakezu ikus, gizonak ez bainezake ikus eta bizirik egon. Hara leku bat ene
ondoan; zaude xutik harrokaren gainean; eta ene aintza iraganen delarik, harroka ziloan ezarriko
zaitut, eta ene eskuaz estaliko, iragan naizen arte. Gero eskua baztertuko dut, eta bizkarrez ikusiko
nauzu; bainan ene aurpegia ez daiteke ikus.“ Hemen ditugu bai Jainkoaren haunditasuna, bai Haren
hurbiltasuna, haren samurtasuna.
Hain da haundia, nun ez dezakegun ikus gure begi xoilez, iguzkiaren pare den Jainkoa.
Alabainan, haunditasun horrek ez gaitu lehertzen, bainan bai gerizatzen. Haren haunditasuna
uztartzen da gure ahultasunarekin Jainkoaren errespetua sortarazteko. Hola ulertzen ahal dugu lehen
bertsoa : “Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?“ Lehen lehenik, fededunak ez dira beldur;
nehork, deusek ez du beldurtzen, hiltzeak berak ez du beldurtzen.
Bigarrenekorik, bertze jainkoek ez diote gehiago beldurrik emaiten.“ Jauna dut lagun: nork
behar nau ni dardarazi ?” Konfiantxa berbera agertzen da azken leloan : “Badut sineste : ikusiko
dut zoin den ona; Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.” Zoin ote da lur hori ? Jainkoak berak du
lurra eman bere populuari. Izrael sartu den lurra Jainkoarena da. Elgargoaren oroitzapena da: lur
saindua Jainkoak hautatu populuari emana zaio sainduki bizi dadin. Bizi direnen lurra, fededunen
lurra da.

Bigarren irakurgaia

( Kristok itxuraldatuko gaitu )

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 3, 17 – 4,1

3, 17 Haurrideak,
izan zaitezte nere iduriko,
eta beha ni baitan duzuen etsenpluaren arabera bizi direneri.
18 Alabainan maiz erran dautzuet,
eta berriz erraiten orai, nigarretan:
ainitz Kristoren gurutzearen etsai bezala bizi dira.
19 Holakoak galtzera doatzi.
Sabela dute jainko;
egiten dutenaz ahalgetu behar eta harro dabiltza;
lurreko gauzeri baizik ez dute pentsatzen.
20 Guk, ordea, zeruan dugu egoitza;
eta handik igurikatzen dugu Salbatzailea,
Jesu Kristo Jauna.
21 Harek aldatuko du gure gorputz ahula,
eta bere gorputz aintzatsuaren iduriko eginen,
gauza guziak bere menpe ezartzeko duen ahalari esker.
4,1 Horrela, nere haurride maiteak,
zuen ikusteko gutizia bizian nagola,
nere bozkario eta korona zireztenak,
zaudezte Jaunari tinko atxikiak.

Oren latza da. Jondoni Paulo nigarretan dugu. Zer gertatzen da ?
Jondoni Paulo preso emana dute eta Filipeko haurrideri idazten diote : „Zaudezte Jaunari tinko
atxikiak“. Eta bera preso baita, idazten ahal du : „Izan zaitezte nere iduriko“ . Gauzak ez dira
xuxen, Filipen, Jondoni Paulo preso sartu dutenetik. Badira han eta hemen jende batzu erakusgai
edo etsenplu bezala agertu direnak eta Paulok nahi ditu bere haurrideak abisatu, ohartaraziz bide
kontra ari direla. Heien artean, badira langile tzar batzu, Pauloren arabera. Asmakizun oker batzu
hedatu dituzte, hala nola ebakitza beharrezkoa dela girixtino guzientzat. Paulok laster ikusi du bide
okerra dela, zeren horrek erran nahi du bataioa ez dela aski. Hola bada, Jesusen erran hau zer
bilakatzen da : „Sinetsi eta bataiatua izanen dena, hura salbatua izanen da.“?
Paulok nahi ditu gauzak argitu. Jesusek pairatu du, hil dute, piztu da: ondorioz, mundua
aldatu da. Bere odolaz, bere gurutzeaz, Kristok bakea egin du eta lehengo mundua erori da. Lehen
bezala pentsatzen dutenak, oker dira, zeren Kristok egina ez baitute onartu, edo ez dute ikusi, eta
lehengo manamenduekin bizi dira oraino. Ebakitza hortakotz galdetzen dute, mundu zaharrean bizi
direlakotz. Paulok « gurutzearen etsaiak » izendatzen ditu jende horiek.
Filipeko girixtinoek ez dakite xuxen nor sinets. Dudan dira. Paulok argi eta garbi erraiten
diote nori behar duten uko egin. „langile tzarreri“; “ebakitu faltsueri“, zeren Kristo piztu baita eta
hori da Berri Ona. Lehengo usaiak aldatuak dira, eta bataioak du orain fedea argitzen. Ez dezake
zalantzan eman alde batetik ebakitza eta bertzetik bataioa. Ez, Kristok eman bataioa eta Kristoren
piztea dira bide berriak, fededunen bideak horiek dira.
Bertze gauza bat Paulok argiki erraiten duena: salbamendua emana zauku, ez da gure
bertuten edo gure indarren ondorioa, bainan bai Jainkoaren oparia fededunentzat. “Sabela dute
Jainko”, dio Paulok, erran nahi baita jende horiek uste dutela salbamendua berek eginaren arabera
emana zaiotela. Engainatzen dira : “Holakoak galtzera doatzi. Sabela dute Jainko; egiten dutenaz
ahalgetu behar eta harro dabiltza; lurreko gauzeri baizik ez dute pentsatzen.” Bide xuxena Paulok
emaiten diote : “Guk ordea, zeruan dugu egoitza; eta handik igurikatzen dugu Salbatzailea Jesu
Kristo Jauna. Harek aldatuko du gure gorputz ahula, eta bere gorputz aintzatsuaren iduriko
eginen, gauza guziak bere menpe ezartzeko duen ahalari esker.” Hori erranez, aitortzen dugu gure
konfiantxa osoa Kristoren baitan dugula eta ez gure merezimenduetan.
Paulok hortan du bere fedea. Hortakotz du bere burua etsenplutzat emaiten. Haren iduriko
bilakatzen bagira, Kristo dugu emaiten gure bizian, Kristo da gure bizi guziaren barnea eta ez gure
egiteko manerak. Paulok hori izendatzen du : « guk ordea, zeruan dugu egoitza ».

Ebanjelioa

Jesu Kristo, guri mintza, argi gure bihotza.

Hedoi argitik, Aitaren mintzoa entzun da :
Hau da nere Seme maitea, entzun-azue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9,28b-36

28 Jesusek berekin hartu zituen Petri, Joani eta Jakobe,
eta mendirat igan zen otoitz egitera.
29 Eta otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu zitzaion,
eta soinekoak xuri distiratsu bilakatu.
30 Eta horra bi gizon harekin mintzo: Mois eta Eli.
31 Aintzan agerturik,
Jerusalemen gertatzekoa zen Jesusen joaiteaz mintzo ziren.
32 Petri eta haren lagunak logaleak zauden.
Bainan atzarririk, Jesusen aintza
eta harekin zauden bi gizonak ikusi zituzten.
33 Hauek urruntzean, Petrik Jesusi erran zion:
“Irakasle, zein goxoki gauden hemen !
Egin ditzagun hiru etxola: bat zuretzat,
beste bat Moisentzat eta beste bat Elirentzat.”
Ez zakien zer erraiten zuen.
34 Hola mintzo zelarik, hodei batek estali zituen,
eta hodeian sartzean, beldurrak hartu zituen.
35 Mintzo bat atera zen hodeitik, ziona:
“ Hau da nere Semea, nere hautetsia, entzun zazue !”
36 Mintzoa ixildu zenean, Jesus bakarrik gelditu zen.
Dizipuluak ixilik egon ziren,
eta egun heietan, ikusi zutenetik deus ez zuten nehori erran.

Duela bostpasei egun, Jesusek bere dizipulueri galdetu zioten :“Zer diote nitaz ? eta zuek
zer diozue nitaz ?“ Petrik ihardetsi zion : “Zu zira Kristo, Jainkoaren semea“. Jesusek , ondotik,
xehetasun batzu eman ziozkaten : Mesias zela ez zuen ukatu, bainan Mesias berezi bat, ez jendek
espero zutena, denen errege eta indar haundirekin etorriko zen norbait, bainan „gizonaren semea“,
pairatuko zuena, gurutzea hartuko zuena.
Egun, San Lukek erraiten du Jesus bere dizipulu zonbaitekin joan zela mendirat. Heiekin
nahi du otoitz egin. Orai du Jainkoak bere semea ezagutaraziko. Orai arte, edo dizipuluek, edo
jendeek, edo kanpokoek erran dute nor den Jesus ; hemen, Jainkoak berak du erabaki nor den Jesus
erraitea « Hau da nere Semea, nere hautetsia, entzun zazue. » Jesusen misterioa hemen da hiru
hitzetan: Semea, Mesiasen izena, hautetsia, Jainkoaren zerbitzarien izena, Izaik aipatzen duena, eta
entzun zazue. Jainkoak bakarrik du gomita hori egiten ahal.
Erraiten ahal ginezake Jainkoak mendi gainetan dituela berriak emaiten. Zinai mendian,
Moiseri, Horeb mendian, Eli profetari. Eta aldi bakotx, hedoia, nunbaitik ateratzen den boza,
ospea… Hemen Mois Jesusekin ikustea ez da beraz harrigarri. Moisek berrogoi egun pasatu zituen
Zinai mendi gainean, Jainkoarekin, eta handik jaustean, haren aurpegiak dirdiratzen zuen,
Izraeldarrak harritu baitziren. « Zinai menditik jautsi zenean Mois, ez zakien, Moisek, aurpegiko
larrua dirdiran zuela Harekin mintzaturik. Aaronek eta Izraeldar guziek Mois ikusi zuten, eta hara
: aurpegiko larrua dirdiran zuen ! haren gana hurbiltzeko beldur ziren. » (Jal 34,29-30)
Eli profeta aldiz, berrogoi egun eta gauez kurritu zen, Jainkoaren mendiraino, Horeb deitu
kaskora. Jaunaren ahotsa entzun zuen : « Jalgi eta egon mendi gainean, Jaunaren aintzinean :
huna, Jainkoa pasatuko da. » Haize haundi bat altxatu zen, lur ikara, sua, bainan Jainkoa ez zen ez
haizean, ez lur ikaran, ez suan… « orduan izan zen haize firfira bat. Entzutean, Elik bere kaparekin
gorde zuen aurpegia eta Jainkoaren mintzoa entzun zuen.”
Egungo itxuraldatzean, Testamendu zaharreko bi gizon horiek hor dira Jesusen ondoan.
Jesus bera mendirat igan da, helburu argi batekin : “Mendirat igan zen otoitz egiteko”. Jesusentzat,
otoitza itxuraldatze bat da. Eta itxuraldatze hortan, Jainko aitaren mintzoa argia da : „Entzun zazue“
erraiten du. Izraeldarrentzat, hitz horiek fedearen hitzak dira. Jainkoari zor diote beren askatasuna:
Abrahamen ondotik, Moisen ondotik, Jesusek bururatzen du aspaldi hasi librantza. “Entzun zazue”
ez da manamendu bat, bainan otoitz bat.
Petrik senditzen du hor gertatzen den gauza harrigarria eta nahi du atxiki, begiratu.
“Irakasle, zein goxoki gauden hemen! Egin ditzagun hiru etxola: bat zuretzat, beste bat Moisentzat
eta beste bat Elirentzat.” Hortako denbora ez da etorria. Ez da oraino denbora Jesusen ondoan
egoiteko, bertzeak utziz; joan behar da jenden ikustera, laguntzera, argitzera, lekuko gisa. Denak
itxuraldaturen dira, azken egunean, Jondoni Paulok dion bezala : “Guk ordea, zeruan dugu
egoitza.”