GARIZUMAKO 3. IGANDEA A 2017-03-19

SARRERA

Senideok, Garizumako hirugarren igandea dugu gaurkoa. Gaur eta segidako bi igandeetan hiru gai berezi ekarriko dizkigute irakurgaiek: gaur, ur bila datorren samariar emakumea; datorren igandean, jaiotzez itsua den gizon bat sendatzea; gaur hamabost, Lazaro piztea. Irakurgai horietan hiru gai hauek ageri dira: ura, argia, bizia.
Jesus guretzat ura, argia eta bizia dela adierazi nahi dute. Hiru sinbolo dira. Gai horiek, gure bataioarekin lotzen baditugu, esanahi aberatsagoa hartzen dute.
Hain zuzen, garai batean, Pazko Gauean bataiatzekoak zirenei irakaspen edo katekesi berezia ematen zitzaien hiru igande hauetan. Eta hiru ebanjelio horiek azaltzen zitzaizkien. Hau agertu nahi zitzaien: egarria kentzen du Jesusek; argi egiten digu Jesusek; bizia ematen digu Jesusek.
Senideok, gaur hauxe hartu beharko genuke gogoan. Gure egarria asetzera etorri den ura dela Jesus, ur bizia. Gaurko ebanjelioko samariar emakumeak hasieran hau pentsatu du: Jesusek gorputzeko egarria kentzeko ura eskaintzen diola. Pixkana, ordea, jabetu da, beste egarri batez ari zaiola Jesus. Bihotz barrenean larritzen gaituen egarriz ari dela: nondik nator, zer naiz, zertarako nago munduan, nora doa nire bizitza, nola joan naiteke neure betera, neure zorionera…? Egarri sakon hori asetzera etorri da Jesus. Izan dezagula samariar emakume horrek bezalako barneko argia, harekin batean hauxe esateko: «Emadazu, Jauna, betiko iturburutik darion betiko ur bizi hori».
Gaur, bestalde, gure hiru elizbarrutietako Misioen Eguna dugu. Zabaldu dezagun geure ikuspegia, geure txokora mugatu gabe. Zabaldu eta luzatu begiak mundu osora, zabaldu eta luzatu eskuak, oinak eta bihotza mundu osora.

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (17,3-7)

Duela bi igande, Jesusen eta gure tentazioez aritu ginen. Gaur, lehenengo irakurgai honen arabera, tentazio horietako batean erori da Israel herria basamortuan: ura falta zaie eta «Jainkoa ba ote da, gero!» esaka hasi dira. Beste batean ere erori ziren tentazioan ur faltaz. Eta beste batean jatekoaren faltaz.
Hiruretan, Jainkoak maitasunez erantzun die. Gaurko honetan, Jainkoak, bere maitasun ikusgarriz, ura eman die. Beraz, hirugarren aldiz agertu nahi izan die Jainkoak bera beti bere herriarekin dabilela. Ezbeharrean lagun. Senideok, izan dezagula argia, Jainkoa geure askatzailetzat ezagutu eta aitortzeko.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (5,1-2.5-8)

Erromatarrei egindako gutunean, bosgarren kapitulutik zortzigarrenera, Paulok gogoeta sakona egin du justifikazioaz: gu santutzeaz, gu Jainkoaren adiskide egiteaz. Jainkoaren adiskide al naiz? Santutze eta adiskidetze hori lortu eta handitzeko, Jainkoak fedea eman dio gizakiari Jesu Kristoren bidez. Eta fedearen ondorio diren bakea eta esperantza. Eta gehiago ere eman digula esan genezake: fedearekin alaitasuna, lasaitasuna, bihotz-segurtasuna, konfiantza, uste ona… eman digu. Jadanik ez gara ezeren beldur; Jesus bera dugu geurekin, geure bidelagun, geure askatzaile, geure salbatzaile. Beraz, fedearekin bakea eta esperantza. Ez dela hori egia? Gauzak nola hartzen diren da kontua. Andre Mariak bere poza abestu du, nahiz eta tragedia handi bat begi aurrean duela bizi izan den.
Bizitzako ezbeharrek ezin hautsi dute gure esperantza. Beraz, gora bihotza!

EBANJELIOA San Joanen liburutik (4,5-42)

Gaur, pasadizo polita entzungo dugu ebanjelioan: pasadizo atsegina, pozgarria. Samariar emakumea eta Jesus hizketan. Jesusen gizatasuna, gozotasuna, samurtasuna ageri dira. Baita haren pedagogia ere: Jesusek zein esku ona duen entzungo dugu, pertsona bat konbertsiora bideratzeko.
Samariar emakume bat ur bila dator, beti bezala. Eta Jesusek, ezagun-ezaguna balu bezala, ura eskatu dio.
Emakumea harritu egin da. Izan ere, samariarrak eta juduak ez ziren ondo konpontzen. Jesusek, ordea, ezjakinarena egiten die horrelako ohiturei.
Azkenean, emakumeak esango dio: emadazu zeure ur horretatik. Azkenean ikusi du barruko egarriaz hitz egiten diola Jesusek; bihotz barneko argiz ikusi du emakumeak zein ur eskaintzen dion Jesusek.
Luzea da pasadizoa. Merezi du adi-adi entzutea. Merezi du pentsatzea ere, Jesusek gutako bakoitzari eskatzen diola ura, samariar emakumeari bezala; baina kontuan hartu behar da, azkenean geuk behar diogula eskatu berari iturburu biziko ura. Gure barne egarria aseko duena.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan ur faltaz hiltzen ari diren haurren alde: herrialde aberatsak hiltze horietan partaide direla kontura daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduan giza eskubideen hausketa izugarria bizi dugu. Gaitz hori nola gainditu eta nork bere txokotik zer egin pentsatzen jar gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Munduko kartzeletan bizi diren guztien alde: beren burua errespetaturik senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure misioen alde, misiolarien eta misio-hartzaileen alde: adoretsu, esperantzadun, konfiantzadun bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.