Garizumako 2. igandea C 2016-02-21
HOMILIA

Anai-arrebok!

Garizumako 2. igande honetan, urtero bezala, Jesus antzaldatu izana entzun dugu ebanjelioan. Antzaldatu: Jose eta Mariagandik jaio den Jesus hori gizona da, baina baita Jainkoa ere. Halere, Jesusen jainkotasun hori ez da ageri. Misterio handietako bat. Baina, une batean, apostolu batzuei bere jainkotasuna agertu egin die antzaldatuz.

Ebanjelioak esaten digu: Jesus mendira joan da; otoitzean ari da; bat-batean, aurpegia distiratsu bihurtu zaio, jantziak zuri-zuri ipini dira; Moises eta Elias agertu dira aintzatsu. Berekin dituen ikasleak txunditurik gelditu dira.

Mendian gertatu da antzaldatze hori. Biblian toki berezia da mendia Jainkoa agertzeko. Jesus otoitzean ari dela gertatu da antzaldatzea; Lukasen arabera, garrantzizko gertakizun baten aurrean Jesus beti otoitzean ari ohi da; Jesusentzat otoitza Aitarekin bat dela adierazteko modua da; Aitaren egitasmoa bete nahi duela adierazteko era da. Moises eta Elias agertu zaizkie ikasleei; bi profeta handi horiek agertu izana, berme edo garantia bat da ikasleentzat; esan nahi die, Jesus ez dela txoro bat, ez dela hereje bat, ez dela etorri dena hankaz gora jartzera.

Baina zergatik antzaldatu da Jesus? Egun batzuk lehenago esana zien ikasleei: asko sufritu beharko zuela, ukatu eta hil egingo zutela, baina piztuko zela. Jakina, ikasleak triste gelditu ziren iragarpen horrekin. Soilik, iragarpenean esandako zati batekin gelditu ziren: sufritu, ukatu, hil. Ez zioten jaramonik egin bigarren zatiari: piztuko zela.

Horregatik, Jesusek, hitzez ulertu ez dutena, esperimentalki agertu nahi izan die: bere piztueraren aurrerapen bat azaldu nahi izan die ikasleei.

Jakina, horrela ere neurri batean bakarrik ulertu dute ikasleek Jesusek azaldu nahi izan diena. Hor dago Pedroren ateraldia: Bai ondo gaudela hemen! Uste izan du, Jesusek mundualdi honi ihes egitera deitzen diela. Baina ez. Hor daude gerokoak ere, zertaraino ulertu argitzen dutenak: Jesusen nekaldikoan ihes egin dute, Jesusi uko egin uko egin diote, Jesus hiltzean dena hankaz gora joan dela pentsatu dute…

Senideok! Gaur guri dagokigun antzaldatzea da. Jesusek, ikasleei bere heriotzaz eta piztueraz esana, berresaten digu guri ere. Gure munduari erreparatu besterik ez: zenbat sufrimendu, zenbat arazo! Vatikano II.a kontzilioaren «Eliza gaurko munduan konstituzio pastorala» delakoak aski egoki mintzo zaigu: «Egia esan, oraingo mundua nekarazten duten desorekak, gizakiaren bihotzean erroak dituen beste desoreka sakonago batekin loturik daude… gero eta gehiago dira, bai guztiz oinarrizkoak diren galderak egiten dituztenak, bai galdera horiek zorroztasun berriz aurrera dakartzatenak: Zer da gizakia? Zer esan nahi dute samintasunak, gaitzak, heriotzak…? Zer ekar diezaioke gizakiak gizarteari; zer itxaro dezake honengandik? Zer etorriko da lurreko bizitza honen ondoren?» (9-10 zenb.).

Orduko ikasleei bezala, bere antzaldatzea eskaini digu Jesusek, galdera horien erantzun gisa. Antzaldatzea Jesusen piztueraren aurreratzea da. Jesusen piztuera gure piztueraren bermea edo garantia da.

Bitartean, ezin egin dugu geure Pedroren hura: bai ederki gaudela hemen. Ez. Mundualdi hau mundualdi bezala bizi behar dugu. Izango ditugu nekeak, sufrimendua eta heriotza. Baina azken hitza biziak izango du. Jainkoa ez da hildakoen Jainko. Bizidunen Jainko da. Garizuma, horregatik, ez da bukatzen aste santuan. Pazkora begira jartzen gaitu. Ez gaitezela bizi buru-makur. Metro batean dagoena bakarrik ikusiz. Luzatu dezagun geure bista Jesus antzaldatua ikusteko, hartaz gozatzeko, eta, hartaz gozatuz, geure bizitzan goiari eusteko.

Dionisio Amundarain