Jesusen garaipena aurretiaz
Garizumako 2. igandea B (2015-03-01)
Jesusen antzaldatzea

Garizumako 1. igandea, Jesusen tentazioei eskaini ohi zaie beti. Eta 2. igandea antzaldatzeari. Ulerterraza da arrazoia: Pazkorako prestaketa-aldia da Garizuma, eta ez Aste Santurako bakarrik, Jesusen heriotza gogoratzeko bakarrik hartzen bada; piztuera ere barne da. Jesusen garaipena aurretiaz agertzen digun gaurko pasadizo honek aste hauek egoki fokatzen lagunduko digu.

Testuingurua

Jesusek iragarri du, ezen asko sufritu beharko duela, ukatua izango dela, hilko dutela baina piztuko dela. Pedrok ez du entzun nahi Jesusen sufrimendu eta heriotza konturik; hala, bereiz hartu eta errieta egin dio Jesusi, honen erantzun erre hau eraginez: «Hoa hemendik, Satanas». Ondoren, jende guztiari dei egin dio Jesusek, ikasleak barne, eta gauza are gogorrago hau esan dio: ez du berak bakarrik sufrituko, ez da bera bakarrik hilko; jarraitu nahi diotenek ere uko egin beharko diote beren buruari eta gurutzea hartu beharko. Baina Jesusen saria bera jasoko dute, bera garaile itzuliko denean. Eta gehitu die: «Hemen diren batzuk ez dira hilko, Jainkoaren erregetza ahalmentsu etortzen ikusi arte». Beteko ote promes bitxi hori? Merezi al du kasu egitea, berari jarraitzeko hartarainoko baldintzak ipintzen dituen bati?

Betetzea: antzaldaketa

Sei egun geroago, antzaldaketa gertatuko da. Kontakizunean hiru zati bereiz ditzakegu: mendira igotzea, ikuskaria, menditik jaistea. Ikuspegi literarioaren arabera, teofania bat da, Jainkoaren agertze bat. Itun Zaharreko idazleek erabili ohi zituzten osagai berak darabiltza Markosek, pasadizoa deskribatzeko.

Mendira igotzea (1. txatala)

Esanguratsua da Jesusek hiru ikasle bakarrik aukeratu izana: Pedro, Santiago eta Joan. Beste bederatziak alde batera utzi izana ez dugu hartu behar lehen hiruren pribilegio bezala soilik; hau da ideia nagusia: zerbait garrantzizkoa gertatzera doala, guztiek ikusi ezina. Alde batetik, «mendi garai» batera igo zirela dator. Markosek sarritan erabiltzen du mendiaren sinbolismoa: mendia, Jainkoa agertzeko egoitza edo leku berezia da. Antzinako kanaandarren artean, jainkoen panteoiaren egoitza zen Safon mendia. Greziarrentzat, Olinpo. Israeldarrentzat, Sinai zen mendi santua; Karmelo mendiak ere fama berezia izan zuen; baita Sion mendiak ere Jerusalemen.

Ikuskaria

Ikuskarian lau osagai ageri dira, bere betera eramateko.
1) Jesusen jantzien eraldaketa. «Zuri distiratsu bihurtu dira, inongo zuritzailek zuritu ezin dituen adinako». Ematen du, Jesusen barnetik jantziak eraldatzen dituen argi bizia dariola, Markosen ustez. Jesusen aintza sinbolizatzen du argi horrek, ikasleak artean hain harrigarriro sekula sumatu ez zuten aintza.
2) Elias eta Moises. Gauza bitxia, judaismoak Mesiasen aitzindaritzat hartua zuen (Eklesiastiko 48,10) Eliasi eman dio ebanjelariak lehen maila; bigarrena, Moisesi; ez da gauza erraza zergatik jarri duen Moises bigarren. Izan ere, Jainkoaren eta herriaren bitartekaria da Moises, Jainkoarekin aurrez aurre hitz egiten zuen profeta da. Moises gabe, giza mailan hitz eginda, ez zen existituko Israel herria, ezta honen erlijioa ere. Elias, berriz, erlijio hori bere krisialdirik handienean, K.a. IX. mende inguruan, salbatu duen profeta da, kanaandar erlijioaren eraginez galtzeko zorian zegoenean; Elias gabe, lur jo izango zuen Moisesen lan guztiak. Horregatik, garrantzi berezia aitortzen zieten bi pertsonaia hauei. Orain biak ikasleei (ez Jesusi) agertu izanarekin, Markosek hau baietsi nahi du: jarraitzen dioten pertsonaiaren, Jesusen, garrantzia. Ez da heretiko bat, ezta zoro bat ere, ez da ari aurreko mendeetako lan erlijiosoa hankaz gora jartzen, antzinako profeten ildoari eusten dio, haien lana bete-betera eraman nahiz.
3) Testuinguru honetan, hiru kanpadenda proposatzen dituen Pedroren hitzek zorakeria huts ematen dute. Markosek, hori leundu nahiz, izuturik zeudela esaten du eta zer esaten zuen ere ez zekiela. Eskuarki, hiru kanpadendei erreparatzen diegu. Baina aurreko beste zerbaiten ondorioa dira hitz horiek: «bai ondo gaudela hemen». Pedrok ez du Jesus sufritzen ikusi nahi. Hobe mendi gainean gelditu Jesus, Moises eta Eliasekin, gurutzearekin jarraitu behar izan baino.
4) Hodeia eta ahotsa. Sinai mendian bezala, Jainkoa hodeian agertu da eta handik hitz egin du. Lehen hitzak, Jesusen bataiokoan entzun zirenak berak dira, Jainkoak Jesus bere zerbitzari aurkeztu zituen mementokoak, alegia. Oraingo honetan, ordea, agindu bat gehitu da: «Entzuiozue!» Agindu hau, batetik, Jesusek lehenago, lautadan, esan dizkien hitzekin erlazionatzen da, Pedrogan halako eskandalua eragin duten haiekin; bestetik, ikasleei planteatu dien biziaren eta heriotzaren aukera gogorrarekin. Mezu horri ezin egin zaio izkina, ezta bihurtu ere ur-ardo. «Entzuiozue!»

Pasadizo hau esperientzia baikor bezala dator, bai apostoluentzat, bai guretzat. Jesusi bere nekaldiaz eta heriotzaz, bere jarraitzaileei ezarri dizkien baldintza gogorrez entzun ondoren, hiru esperientzia osagarri dituzte: 1) Jesus antzaldaturik ikusi dute, era aintzatsuan; 2) Moises eta Elias agertu zaizkie; 3) zeruko ahotsa entzun dute.

Horrek guztiak handituz doan irakaspena esan nahi du: 1) haren jantziak eraldaturik ikustean, esperientzia hau bizi dute: Jesusen azken zoria ez dela porrota, baizik aintza; 2) Moises eta Elias agertzean, baietsirik ikusi dute beren uste hau: Jesus dela Israelen historiaren eta Jainkoaren errebelazioaren gailurra; 3) zeruko ahotsa entzutean, badakite hau: Jesusi jarraitzea ez dela zorakeria bat, baizik eta Jainkoaren egitasmoarekin adostuena den jarrera.

Menditik jaistea (9-13 txatalak)

Jesusen agindua, hots, bera piztu arte ikuskariaz ez hitz egitekoa (9. tx.), bera Mesias dela ez esateko debekuaren ildokoa da (16,20). Ez da orain ahalmenaz eta aintzaz hitz egiteko garaia, ideia eta esperantza faltsuak eraginez. Piztuera ondoren, Kristogan sinesteko nekaldiko eta gurutzeko eskandalua onartu beharra izango denean, orduan hitz egin ahalko da Jesusen aintzaz, askatasun osoz.

José Luis Sicre