Garizumako 2. igandea B 2018-02-25
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko hiru irakurgaiak zein baino zen aberatsago eta esanguratsuagoak dira.
Lehenengoa: Abraham prest agertu da, Jainkoak eskatu omen dionez, bere semea opari eskaintzeko. Azkenean, ulertu du, Jainkoak ez diola horrelakorik eskatu.
Bigarren irakurgaian, Paulok dio, Abrahamek egin nahi izan duenarekin konparazioa eginez, Jainkoak bere semea bera eskaini digula. Eta konklusio esperantzagarri eta ikusgarri hau atera du: «Jainkoa geurekin baldin badugu, nor edo zein gure aurka?»
Ebanjelioan, berriz, Jesusen Antzaldatzea. Egun batzuk lehenago, goitik behera nahastu ditu Jesusek bere ikasleak. Esan die, judu eta erromatar agintariek atxilotu egingo dutela bera, tratu gaiztoa emango diotela, hil egingo dutela. Ikasleek ezin ulertu izan dute hori. Beste uste bat zuten Jesusez: aintzatsu eta garaile agertuko zela. Desilusio hori arintzeko, mendira eraman ditu hiru ikasle Jesusek, eta haien begi aurrean aintzatsu agertu da.

Joera izaten dugu, Bibliak esaten digun guztia historia hutsa izango balitz bezala hartzeko. Gaur egun, historia ulertzen dugun moduan hartzeko, alegia. Baina besterik da Bibliaren asmoa: guri fede-etsenpluak ematea da, fede-bidea argitzea.

Uste dut, pixka bat agertuko digula Bibliaren hau, aste honetan Bilbon bizi izan duten gertakizunak. Futbol-partidua. Iskanbilak. Ertzain bat hil. Interpretazio eta komentario desberdinak. Adibideak: a) batzuek esan digute, iskanbilen su-emaile Bilboko jendea izan dela; beste batzuek, errusiarrak izan direla; b) batzuek esan digute, indarkeriazko emaitza izan dela ertzainaren heriotza; Segurantzako kontseilariak baieztatu du berezko heriotza izan duela; c) ertzainaren herrikoa omen den kazetari batek esan du, hildakoarekin hizketan eta berriketan egon zela Moyua plazan; Segurantzako kontseilariak esan du, furgonetatik jaistean erori zela lurrera ondoezik; d) sindikatu batekoek esan dute, 13 ordu zeramatzala lanean hildakoak; Kontseilariak erantzun du, sindikatuekin adostutako ordutegia zela. Etab.

Garbi ageri, gertatuak gertatu, nork bere etxera gidatu nahi izan duela ura: bakoitzak helburu bat du, eta hori defendatu nahi izan du. Horrelako zerbait gertatzen da Biblian ere. Argitu dezagun pixka bat.

Abrahamen pasadizoa. Historikoa al da pasadizo hori? Baliteke neurri batean hala izatea. Garai hartan, pertsonak opari eskaintzea ohiko gauza zen ingurune hartan. Abrahamen kasu hori ez da bakarra Biblian bertan ere. Baina funtsean beste gauza bat dago jokoan. Idazlea gertakizun edo istorio batez baliatu da, Abrahamen fedea handia agertzeko. Eta guk nolako fedea behar dugun izan adierazteko. Abraham fededun hori prest agertu bada bere semea opari eskaintzeko, gu zertaraino gaude prest premian den geure lagun hurkoari laguntzeko, Jainkoaren izenean? Geure bizitzan zerbait nozitzeko, beste bati laguntzeko? Azken batean, Jainkoarekiko fedea, munduan hartzen dugun jarreraz agertzen dugu.

Jesusen Antzaldatzearen pasadizo hori historikoa izan al da? Segur aski ez. Autoreak, Jesus berpiztu ondoren, inspirazio handi bat izan du: gurutzean hil duten hori ez dela lur azpian gelditu, ez dela ezerezera itzuli, baizik eta piztu egin dela, garaitu egin duela heriotza. Inspirazio hori izan duelarik, eta Bibliako sinbolo askoz baliatuz, Jesusen heriotzaren ondoren triste eta lur jota bizi den jendeari bihotz emateko, pasadizo hau asmatu du. Ez da historikoa autoreak agertu duen moduan, baina benetan historikoa da autoreak agertu duen muina.

Bai Abrahamen kasuan, bai Antzaldatzearen kasuan, Bilboko aste honetako gertaeran bezalatsu gertatu da. Autoreak gertakizun historiko handi baten funtsa hartu du helburutzat, eta jantzi fantastiko batez edertu du, jendearen fedea eta konfiantza indartzeko.

Paulorena ere ulertu egin behar da. Paulok ez du esan nahi, Jainkoak bere Semearen odola nahi izan duenik, gure bekatuaren ordaintzat. Ez. Jainkoak ez du ezeren beharrik. Jainkoa maitasun hutsa da. Paulok egin duen konparazioak ez du akatsik berez, baina guk gaizki ulertzeko arriskua du. Har dezagun gogoan hauxe bakarrik: Jainkoa geurekin dugu, Jainkoa geure alde dugu, Jainkoak mugarik gabe maite gaitu; horrez gero, zerk ematen ahal digu beldurrik?

Horretarako, ordea, Jainkoa ezagutu, Jainkoa maitatu, Jainkoa adiskide mintzat hartu beharra dugu. Gogoan izan dezagun, XX. mendeko Karl Rahner teologo handiak esana: «Hogeita batgarren mendea mistikoa izango da; bestela, ez da kristau izango». Mistiko izateak horixe izan du: Kristo adiskidetzat sentitu, hartu eta horren arabera bizitzea. Jesusen Espirituak argitu gaitzala geure bihotzaren zokorik hondokoenean.

Dionisio Amundarain