GARIZUMAKO LEHEN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Izrael herriaren fede aitormena )

Deutoronoma liburutik 26, 4-10

Moisek Izrael herriari erran zion:
Zure lehen fruituak Jaunari eskainiko diozkatzularik,
4 apezak zure eskutik saskia hartu eta
Jaunaren, zure Jainkoaren aldare aitzinean ezarriko du.
5 Orduan Jaunaren, zure Jainkoaren aitzinean erranen duzu :
“ Nere aita harat-hunat zabilan aramearra zen.
Egiptorat jautsirik, etorkin gisa bizi izan zen han
lagun bakar batzuekin.
Egipton herri handi egin zen jendez eta indarrez.
6 Egiptoarrek gaizki erabili gintuzten, eta atsegabetu,
eta uztarri dorpea ezarri zaukuten.
7 Deiadar egin ginion Jaunari, gure arbasoen Jainkoari.
Jaunak gure deiadarra entzun zuen,
eta gure atsegabe, neke eta herstura ikusi zituen.
8 Eta Egiptotik atera gintuen Jaunak ahal handiz eta esku indartsuz,
etsaien baitan beldur-ikara sortuz,
ezaugarri eta egintza harrigarriak eginez.
9 Toki huntarat ekarri gintuen eta lurralde hau eman zaukun,
esnea eta eztia darion lurraldea.
10 Orai, Jauna, huna non ekartzen dauzkitzudan
Zuk eman dautazun lurreko emaitzen lehen fruituak.”

Testo hau arras interesanta da, eta doi bat harrigarria. Hastapenean Jainkoari opari bat
egitea dio Moisek galdetzen bere populuari, eta haren mintzaldia fedezko otoitz bat bilakatzen
da : „Zure lehen fruituak Jaunari eskainiko diozkatzu…eta zure Jainkoaren aitzinean erranen
duzu“. Ondotik Jainkoak egin guziak aipatzen ditu Moisek, erran nahiz bezala : ditugun
guziak, giren guzia, Jainkoaren emaitza da.
Bai Biblian, bai munduko erlisione guzietan, Jainkoari eman eskaintzak beti edo
gehienetan, galdeak dira, eskaintzen bitartez jainkoen partez fagoreak ukaiteko. Jestu hori
Moisek osoki itzultzen du : eskaintza ikustate bilakatzen da. Jainkoaren aitzinean ekarri
opariak ez dira gure ontasunak, bainan bai Jainkoak berak eman gauzak gure biziarentzat, eta
ikustatez eskaintzen diozkagu.
Deuteronoma liburu huntan iduri du populuak ahantzia duela gauza hori, eta Moisek
ahoan bilorik gabe orroitarazten dio. Desertuan Izraeldarrak goseak ibili ziren eta Jainkoak
eman zioten behar zutena. Gero, lur aberatsean jendeak ahantzi zuen Jainkoak egina.
Hortakotz profetek oroitarazten zuten (eta daukute orai ere), Jainkoa dela ongi guzien egile.
Irakurgai huntan, oroitzapen hori du idazleak erreberritzen. „Ez ahantz.“ Eta haste hastetik
lehen hitzak badu bere balioa : „zure lehen fruituak“. Leku ainitzetan, lehen fruitua eskainia
da edo lekuko jainkoari edo nagusiari. Moisek ez du ohidura hori kentzen, bide berri bat
emaiten dio Jainko Jaunari lehentasuna emanez eta Harek eginak direla aitortuz. Ondorioz,
gure eskaintzak ez dira egiten zerbait galdetzeko, edo gure merezimendu bezala. Gure
beharrak zer diren, Jainkoak ezagutzen ditu, eta aitzinetik ardietsiak ditugu. Gure eskaintza,
Jainkoari egin ikustatea da, bertzerik ez.
Bere mintzaldian, Moisek Izrael populuaren ixtorioaren bilduma egiten du. „Nere aita
harat-hunat zabilan aramearra zen; Egiptorat jautsi zen; etorkin gisa bizi izan zen han; gero
Egiptoarrak gaizki erabili gintuzten; uztarri dorpea ezarri zaukuten.“ „Deiadar egin ginion
Jaunari… Egiptotik atera gintuen Jaunak ahal haundiz eta esku indartsuz… ezaugarri eta
egintza harrigarriak eginez.“ Deuteronomeko idazlariak segitzen du : „Toki huntarat ekarri
gintuen, eta lurralde hau eman zaukun, esnea eta eztia darion lurraldea.“
Populuaren eskaintzak bere balio osoa hartzen du hemen : „Orai, Jauna, huna non
ekartzen dauzkitzudan zuk eman dautazun lurreko emaitzen lehen fruituak.“
Guk ere, meza denboran, eskaintzen ditugunak, Jainkoak eginak direla dugu aitortzen.
Mundu huntako ontasunen gozatzaile gira, ez jabe. Mezan, hori aitortuz, hori onartuz, gure
ikusteko moldea aldatzen da eta mundua egiazko Jainkoaren erresuma bilakatzen.

Salmoa 90

Leloa : Egun beltzetan, zu, Jauna, izan nere aldean.

Jaun-Goikoaren hegalen pean, zer bakean,
Indar guziak dituenaren itzalean.
Jaunari diot: nere geriza zure baitan.
Bihotz guziaz nago Jaunaren eskuetan.
Ez daiteke sar atsegaberik zure baitan,
Ez minik ere gauaz lo zauden toki hartan.
Aingerueri diote zutaz Jaunak erran
Zure zaintzeko munduko bide guzietan.
Esku besotan zaituzte berek eremanen,
Zure zangoek deus harririk jo ez dezaten.
Lehoinen eta suge gainetik zare joanen,
Herensugeak ditutzu ere leherturen.
Neri baitago eginen diot begitarte,
Zainduko dut nik, nere izena baitu maite.
Deitu orduko, banagokio beti alde,
Altxatuko dut, deneri nausi eman arte.

Salmo huntan iduri du hiru presuna eleketan ari direla. Lehen koplan Izrael : « Jaun
Goikoaren hegalen pean, zer bakean, Indar guziak dituenaren itzalean Jaunari diot : nere
geriza zure baitan .» Gero apezek : « Ez daiteke sar atsegaberik zure baitan. » Eta azkenean,
Jainkoa bera : « Neri baitago eginen diot begitarte, zainduko dut nik, nere izena baitu maite.
Deitu orduko, banagokio beti alde, altxatuko dut, deneri nausi eman arte.“
Lehen koplak fededunaren segurtamena aipatzen du : « nere geriza ; bihotz guziaz
nago Jaunaren eskuetan. » Geriza hori, salmoen hizkuntzan, Jerusalemeko tenploa da eta
itzala aingeruen hegalek egiten dute. Itzal hori, Izrael populua basamortuan zelarik, hedoi
geriza zen eta geroztik, itzala Jainkoak eman geriza da. Gabriel aingeruak berak Mariari
erraiten dio : « Ez beldur izan. Jaun Goikoaren itzalak estaliko zaitu. »
Salmoak behin eta berriz errepikatzen du Jainkoa geriza dela, Haren baitan ez dela ez
atsegaberik, ez minik. Jainkoa bera da zaintzale. Ondorioz, ez gaitezen urrundu geriza
hortarik. Ondorioz, sinets dezagun gure zaintzalea baitan. Debruaren tentazionetan, Jesusek
berak Jainkoaren gerizan emaiten du bere fedea.
Ondoko bi kopletan, apezek erakusten dute zer gauza miresgarriak, zer laguntza
emaiten duen Jainkoak sineste duten fededuneri. Jainkoaren gerizatik ez dela urrunduko du
populuak hitzeman eta huna zer dion Jainkoak : „Ez daiteke sar atsegaberik zure baitan, Ez
minik ere gauaz lo zauden toki hartan, Aingerueri diote zutaz Jaunak erran Zure zaintzeko
munduko bide guzietan“. Lehoina, sugea, herensugea, denak garaituak izanen dira.
Azken koplan, Jainkoa da mintzo. „Neri baitago, eginen diot begitarte, Zainduko dut
nik, nere izena baitu maite, Deitu orduko banagokio beti alde, Altxatuko dut, deneri nausi
eman arte.“
Jainkoak dituen guziak bere populuari emaiten diozka : maitasuna, geriza, indarra,
ongi guziak. Ez ditu Jainkoak nekeak eta trabak kentzen, bera heldu da beharretan denaren
ondora, laguntzeko, „banagokio beti alde“ eta hau „deitu orduko“, berehala, ez noizpait! Eta
gehiago dena „Altxatuko dut, deneri nausi eman arte“: populua nahi du nausi, ez sehi eta ez
pean, ez zanpatua, ez lehertua, bainan nausi.
Salmo hau, liturgia bat bezala da: elizan sartzea, Hitza, benedizionea, erran nahi baita,
ongia, gozotasuna. Apezak bertzekin otoitz egitera gomitatzen gaitu, gure indarrak
erreberritzeko; gero Jainkoaren Hitza zabaltzen du, Haren maitasuna oroitarazten ; azkenean
Jainkoaren benedizionea emaiten dauku, Hura gurekin baita gure bidetan. Eman gaiten beraz
Jainkoaren itzalean, Jainkoaren gerizan eta goazen elizara, behar ditugun guzien iturrira.
Hau da gomita Garizumakari. Ez gaitezen uzkur izan!

Bigarren irakurgaia

( Kristoren baitako fedearen aitormena )

Jondoni Paulok Erromanoeri 10, 8-13

Haurrideak,
8 hau dio Liburu Sainduak:
Hurbil duzu Hitza, zure ahoan eta zure bihotzean.
Hitz hori, hain zuzen, guk oihukatzen dugun fedearen mezua da.
9 Beraz, zure ahoz aitortzen baduzu Jauna dela Jesus
eta zure bihotzean sinesten baduzu
Jainkoak hilen artetik piztu duela, salbatuko zira.
10 Bihotzez sinesten duena , zuzen bilakatzen da,
eta ahoz aitortzen duena salbatzen da.
11 Liburu Sainduak hau dio:
Jujamendu egunean, haren baitan sinesten duena ez da lotsatuko.
12 Judu izan ala ez, ez dago berexkuntzarik,
bat bera baita guzien Jauna,
dei egiten diotenentzat eskuzabala.
13 Alabainan, Jaunari dei egiten diona salbatuko da.

„Judu izan ala ez, ez dago berexkuntzarik“ dio Paulok. Erranaldi hau atrebitua da,
Pauloren denboran. Judu eta paganoen artean kasik murru bat bazen, hain ziren haundiak
desberdintasunak. Pauloren lerroa bururaino irakur dezagun : „Judu izan ala ez, ez dago
berexkuntzarik, bat bera baita guzien Jauna“. Jaunak du heien batasuna egiten eta Jondoni
Paulok nahi du Erroman diren girixtinoen batasuna egin.
Girixtino horiek bi aldetarik heldu dira. Batzu pagano ziren, eta girixtino bilakatu dira.
Bainan baziren ere Erroman lehen judu zirenak girixtino bilakatuak. Jesu Kristoren denbora
aitzin, Judu ainitz etorri ziren hiri hortara, Erromako inperio guzian bezala. Horrengatik, lehen
misionestek Berri Ona heieri zabaldu zioten eta izan ziren girixtinotu zirenak.
Girixtinoetan, bi iturri horiek eztabada frango sortarazi zituzten. Lehenago Judu
zirenek ez zituzten errexki onartzen lehenago pagano zirenak, „ez-ebakiak“ erraiten zuten
bezala. Sekulako berezitasunek urruntzen zituzten batzu besteenganik : legeek, ohidurek,
jateko manerek…eta Jondoni Paulok elkarretaratzen ditu, erranez : „Judu izan ala ez , ez dago
berexkuntzarik, bat bera baita guzien Jauna, dei egiten diotenentzat eskuzabala.”
Bertze galde bat bazen, hura biziki larria. Liburu Sainduetan, populu hautatua Izrael
da. Mesias populu hortan sortu da ; Juduak dira beraz Elizaren zimendua eta harriak. Nola
onartu kanpotiarrak ? Hori ez ote da Jainkoaren nahiaren kontrakoa ? Jondoni Paulok
ihardesten diote : „Alabainan, Jaunari dei egiten diona salbatuko da“, Joel profetak dion
bezala Liburu Sainduan. Aski ote da Jaunaren izena aipatzea salbatua izaiteko ? Orai arte,
xuxen xuxenki begiratu dute Juduen legea, sekulako karrarekin. Gauzak hola aldatu ote dira?
Bai, dio Paulok, Kristok denak aldatu ditu. Gizon eta emazte guziak, Kristo baitan beren
fedea emanez, salbatuak dira.
Batzuek mezu hori ez dute onartu nahi. Hortakotz Paulok errepikatzen du : „Bihotzez
sinesten duena, zuzen bilakatzen da, eta ahoz aitortzen duena salbatzen da.“ Hau da hau
Berri Ona Jondoni Paulok bataiatu guzieri zabaltzen diotena : merezimendurik gabe, kittorik,
Jainkoak salbamendua emana dauku. Galdetzen daukuna hau da: fedean, konfiantxan,
askatasunean salbamendua errezebitzea, Jainkoaren partez. „Beraz, zure ahoz aitortzen
baduzu Jauna dela Jesus eta zure bihotzean sinesten baduzu Jainkoak hilen artetik piztu
duela, salbatuko zira. Bihotzez sinesten duena, zuzen bilakatzen da, eta ahoz aitortzen duena
salbatzen da.“

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.

Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
Bainan Jainkoaren ahotik jalitzen den hitz oroz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 4,1-13

Bataiatua izan ondoan,
1 Jesus, Izpiritu Sainduaz beterik, itzuli zen Jordanetik.
Izpirituak eremanik, basamortuan egon zen
2 berrogei egunez, debruak tentatzen zuela.
Egun heietan deusik ez zuen jan,
eta iragan zirenean, gosetu zen.
3 Debruak erran zion orduan:
“ Jainkoaren Seme balinbazira,
errozu harri huni ogi bilaka dadin. ”
4 Jesusek ihardetsi zion:
“ Liburu Sainduan izkiriatua dago:
Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.”
5 Orduan debruak gorago ereman zuen,
munduko erresuma guziak erakutsi ziozkan so batean,
6 eta erran zion :
“Botere hori guzia emanen dautzut, eta erresuma horien aintza,
neri emana baitzait, eta nik nahi dutanari emaiten.
7 Beraz, zu nere aitzinean ahuspekatzen bazira,
dena zurea izanen da.”
8 Jesusek erran zion:
“ Izkiriatua dago:
Jaunaren, zure Jainkoaren aitzinean ahuspeka emanen zira
eta hura bakarrik adoratuko duzu.”
9 Gero debruak Jerusalemerat ereman zuen,
Tenpluaren kaskoan ezarri eta erran zion:
“ Jainkoaren Seme balinbazira,
bota zazu zeure burua hemendik behera,
10 Izkiriatua baita:
Bere aingerueri manatuko diote zu zaintzeko,
11 eta, eskuetan eremanen zaituzte, oinaz harririk jo ez dezazun.”
12 Jesusek ihardetsi zion:
“ Errana dago: Ez tenta Jauna, zure Jainkoa.”
13 Eta tentaldi gisa guziak bururaturik,
debrua urrundu zen, tenorea etorri arte.

Egungo ebanjelioa hurbil dezogun egungo salmoari :
« Jaun Goikoaren hegalen pean, zer bakean, Indar guziak dituenaren itzalean. Jaunari diot :
nere geriza zure baitan, Bihotz guziaz nago Jaunaren eskuetan. » Bere bizi publikoa hasten
duelarik Jesusek izaiteko moldea hau du: Jaun Goikoaren itzal pean dago. Geriza hori uztea
edo haren segurtamenaz dudatzea, edo bertze segurtasun batzuen ondotik joaitea tentazioneak
dira. Biblian Izrael populuak hiru tentazione horiek beti ukan ditu.
Debrua Jesusi ari zaio, hiru aldiz, eta Jesusek Jainkoaren hitza emaiten dio aintzinean.
Ez dio erantzuna emaiten solasketa batean bezala; ez da debruarekin eleketan hasten. Debruak
errana entzuten du eta Jainkoaren hitza emaiten dio aitzinera, deus xehetasunik gabe. Ez da
eleketan hasten debruarekin. Debruari atxikitzeko, ahalak behar dira eta ahalak Jainkoaren
hitzak dira.
Lehen tentazionea:
Jesus gose da. Debruak erraiten dio: „Jainkoaren Seme balinbazira, errozu harri huni
ogi bilaka dadin“ eta Jesusek dio : „Liburu Sainduan izkiriatua da: gizakia ez da ogiz
bakarrik bizi.“ Lerro hau Judu guziek ezagutzen dute, Deuteronomio liburuan ekarria baita.
Moisen ondotik Izraelgo populua desertuan gose zen. Eta Jainkoak « mana » eman zion, zeren
pobreak ez du Jainkoa baizik laguntzeko. Jesusek ere berrogoi egun desertuan pasatu ditu,
orai gose da, eta Izraelgo populuaren esperientzia eginen du bere konfiantxa Jainkoa baitan
emanez. Jainkoaren populua eta Jainkoaren Semea bide beretik pasatzen dira. Debruak ez du
deus egiten ahal.
Bigarren tentazionea:
Debrua entseiatzen da berriz (ez du hola amor emaiten) : munduko erresuma guziak
erakutsi eta hitzemaiten diozka. Jesusek ihardesten dio : „Zure Jainkoaren aintzinean
ahuspeka emanen zira eta hura bakarrik adoratuko duzu.“ Liburu Sainduan, Testamendu
Zaharreko lerro ezagutuenetarik bat da, Judu guziek ezagutzen dutena.
Hirugarren tentazionea:
Hau Jerusalemeko tenploan gertatzen da, tenploaren kaskoan. Debruak erraiten dio:
„Jainkoaren Semea balinbazira, bota zazu zeure burua hemendik behera. „ eta segitzen du
erranez: „Izkiriatua da : bere aingerueri manatuko diote zu zaintzeko, eta eskuetan eremanen
zaituzte, oinaz harririk jo ez dezazun.“ Zoin abila den debrua. Ikusi du Jesusek Jainkoaren
Hitza erabiltzen duela erantzuna emaiteko. Orduan bide bera hartzen du, Jesus biltzeko.
Bainan Jesusek : „Errana da: ez tenta Jauna, zeure Jainkoa“. Erran nahi du, Jainkoaren
gerizaren frogarik ez galdegin, haren laguntzaren frogarik ez galdegin : Jainkoa gurekin da,
konfiantxa egiten dionaren baitan da.
Jesusen hiru ihardespen hauek debruaren hiru tentazioneri parekatuz, ohartzen gira
Jesus bere aitari lotua dela, eta debruak nahi duela lokarri hori hautsi. „Jainkoaren Seme
balinbazira“, errepikatzen dio, hiru aldiz, xixtatu nahiz bezala. Bainan Jesus ez da froga bila
ibilki zeren bere Aitarekin duen lokarria maitasuna baita, eta maitasuna ez da frogatzen,
bizitzen da.