Jesusen tentazioak
Garizumako 1. igandea C (2016-02-14)

Garizumako lehen igandeak Jesusen tentazioen pasadizoa ekarri ohi digu beti. Ebanjelio sinoptikoek ere pasadizo famatu horrekin hasten dute Jesusen jendaurreko bizitza. Egitarau-kontakizuna da, ebanjelioaren irakurleak hasieratik jakin ditzan, bai nola norabidetzen duen Jesusek bere jarduera, bai zein arrisku biziko dituen hartan. Horretarako, Satanasen aurrez aurre agertzen digute Jesus ebanjelariek; Jainkoaren egitasmoari kontrajartzen zaizkion indarrak haragitzen ditu Satanasek, Jesus bere biderik aterarazten saiatuko diren indarrak dira.
Markos era labur eta misteriotsuan mintzo da indar horietaz: «Berehala Espirituak basamorturantz eragin zion. Berrogei egunez basamortuan egon zen, eta Satanasek proban eman zuen, piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari» (Mk 1,12-13). Tentazioez mintzo ez den Joan ebanjelaria salbu, ebanjelioek jaso dituzten oinarrizko datuak ditugu hemen: lekua (basamortua), iraupena (40 egun), proba. Baina Markos ez da mintzo barauaz, ez du zehazten tentazioen edukia, eta aingeruen zerbitzua etengabea da egun horietan.
Mateok eta Lukasek, tradizio paralelo batez baliatuz, osatu egin dute Markosen kontakizuna, ezagunak ditugun hiru tentazioak zehaztuz; aldi berean, berrogei egunez barau eginez aurkeztu digute Jesus (Moises Sinai mendian bezala), eta aingeruen zerbitzua azken unera mugatu dute.
Tentazioak bataioko pasadizoarekin loturik datoz, eta une hartan zeruko ahotsak esan zuena Jesusek nola ulertu duen azaldu digute: «Zu zara ene Seme maitea, ene kutuna». Zer esan nahi du honek: Jesusen bizitza erosoa izango dela eta miresgarria, printze batena bezalakoa?

Lehen tentazioa: botereaz norberaren probetsurako baliatu

Berrogei eguneko barauak ezinbestean dakarren gose izatetik abiatuz, hau da lehenengo tentazioa: botereaz norberaren probetxurako baliatzea. Premia gorrian gertatzen denaren tentazioa da; Israel herriak behin baino gehiagotan jasan zuen hori basamortuan egin zituen berrogei urteetan. Azkenean, jasandako pena guztiak gogora ekarri dizkionean, Jainkoak jarrera hori zergatik hartu duen argitu dio Moisesek herriari: «(Jainkoak) atsekabetu zintuen, gosea pasaraziz, eta ondoren mana eman zizun janari, adierazteko, gizakia ez dela bizi ogitik bakarrik, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den orotatik» (Dt 8,3). Israel herriak bere esperientzian premiaren (gosea) eta premia gainditzearen (mana) kontrako bi egoerak bizi izan ditu. Hartatik bi gauza ikasi behar izango zituen. Lehena, probidentzian konfiantza izatea. Bigarrena, bizitzea oinarrizko premiak asetzea baino gauza askoz ere zabalagoa eta sakonagoa dela. Bizitzari dagokion alde aberats honetan zeregin bat betetzen du Jainkoaren hitzak, janari bizigarri gisa. Izatez, herriak ez zuen ikasi ikasgaia. Bizitzaz zuen ideiak hertsi eta mugatu izaten jarraitu zuen. Oinarrizko premiak aseak ez ziren bitartean, ez zuen zentzurik Jainkoaren hitzak.
Esan berri dudanak hondo-hondoko problema teologiko handia islatzen du. Praktikan, tentazioak sotiltasunei izkina egin eta gauza zehatzera jotzen du: «Jainkoaren Semea bazara, esaiozu harri honi ogi bihur dadin». Jesusek, Israel berri horrek, ez du zertan kexatu goseaz, ezta zertan marmar egin ere herriak bezala, ezta zertan jo ere Moisesengana. Jainkoaren Semea da. Erraz aska dezake arazoa, bere gisa. Baina Jesusek, Israel berriak, hasieratik agertu du ikasia duela ikasgai hori, Israel herriak urtetan baitaratu ez zuena: «Idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi».
Izatez, Jesusen irakaspena lehen tentazio honetan hain aberatsa da non ezinezkoa baita guztia ideia bakar batera murriztea. Hor dago begi-bistan, ez dela baliatu bere botereaz bere probetxurako. Hor dago begi-bistan, Jainkoagan konfiantza izatearen ideia ere. Agian, ordea, ideiarik garrantzizkoena, era subliminalean adierazia, bizitzaz Jesusek duen ikuspegi zabal eta sakon hori da, oinarrizko premia hori baino harago doana eta Jainkoaren hitzaz janaritzen dena.

Bigarren tentazioa: Eduki, arrastaka ibili behar bada ere

Bigarren tentazioa ez da behar gorri batek eragina, baizik munduko botere guztia eta aintza eduki nahi izateak eragina. Gauza txarra ote da, bada,hau Mesiasen batentzat? Profeten testuek eta salmo batzuek gero eta nagusitasun handiago izango zuela esan zuten, gero eta orokorragoa, Jainkoak emanik. Satanasek, ordea, beste abiapuntu bat du, oso desberdina, burubide apokaliptikoari dagokiona: oraingo mundu hau makurra da, ez dago Jainkoaren eskuetan, baizik Satanasen eskuetan; honek du dominatzen, eta berak nahi duenari ematen dio. Baldintza bakarra ezartzen du: beraren aurrean ahuspeztea, bera jainkotzat hartzea. Jesusek uko egin dio ikuspegi horri, Deuteronomioko testu bat aipatuz: «Idatzia dago: Jauna zeure Jainkoa adoratuko duzu, hari bakarrik eskainiko diozu kultua».
Kontakizuna hain fantastikoa da, non arriskua baitu beraren egiatasun handia inork kontuan ez hartzekoa. Boterearen eta aintzaren irrika etengabea nabari dugu geure inguruan (askoz gehiago hauteskunde-garaian eta gobernua eratzekoan), eta garbi ageri ohi da arrastaka ibili nahia ere boterea lortzekotan. Alabaina, arrisku hau ez da politikoena, bankeroena eta enpresari handiena bakarrik. Guztiok sortu ohi ditugu nork bere idolo txikiak, haien aurrean ahuspezteko eta haiei kultu emateko.

Hirugarren tentazioa: gomendatutako misioa baietsiko duten frogak eskatu

1972an, Jerusalemgo Tenpluaren pinakulura igotzea artean baimendua zelarik, aukera izan nuen Herodesen murruen, Zedron mendiaren isurian luzatuak ziren haien, ikuspegi zirraragarria kontenplatzeko. Neure bizitzan zorabioa sentitu izan dudan kasu bakanetakoa hangoa. Eszenatoki honetan ezarri du Satanasek Jesus, bere burua handik behera bota dezan eskatzeko, konfiantza izanik aingeruak etorriko zaizkiola salbatzera.
Tentazio honek hainbat interpretaziotarako bidea ematen du. Har genezake sentsazionalismoaren tentaziotzat; jarduera apostolikoan arrakasta izateko, jokabide itxuragabeko batera jotzeko tentazioa izango litzateke. Tenpluan bildua den jendetzak txunditurik ikusiko luke miraria eta Jainkoaren Semetzat hartuko luke protagonista den Jesus. Baina interpretazio horrek garrantzizko xehetasun bat ahaztu du: tentatzaileak ez du aipatu sekula jendetza hori; proposatu duena Jesusen eta Jainkoaren aingeruen artean geldituko litzateke.
Horregatik, zuzenagoa deritzot esateari, gomendatutako misioa baietsiko luketen probak eskatzean datzala tentazioa. Gu ez gaude honetara ohituak, baina tipikoa zen hori Itun Zaharrean; hala gogoratzen digute Moisesen etsenpluak (Ir 4,1-7), Gedeonenak (Ep 6,36-40), Saulenak (1 Sm 10,2-5) eta Akazenak (Is 7,10-14). Eginkizun zail baten aurreko berezko beldur eta ziurtasun-ezari emandako erantzun gisa, Jainkoak mirarizko seinale bat ematen dio pertsona hautatuari, misioa baietsiko duen seinale bat. Kasu batean makila magiko bat izango da (Moises), beste batean bi mirari gaueko basura dela medio (Gedeon), hainbat seinaleren errenkada (Saul), edota mirariak zeru goian edo lurraren hondoan (Akaz). Inportantea, seinale bat eskatzeko eskubidea da, egilea lasaituko eta animatuko duena eginkizuna betetzeko.
Jesusek, bere misioa hasteko puntuan, eskubidea du horrelako seinale bat hartzeko. Salmo 91,11-12an oinarrituz («bere aingeruei agindu die bidean zaindu zaitzaten; airean eraman zaitzaten zure oinak estropezu egin ez dezan harri baten kontra»), tentatzaileak proba ikusgarri eta zehatz bat proposatu dio: tenpluaren hegaletik behera bere burua botatzea. Horrela garbi geldituko litzateke Jainkoaren Semea den ala ez.
Baina, Jesusek ez du onartu jarrera hau, eta uko egin dio, Deuteronomioko testu bat aipatuz: «Ez duzu zirikatuko Jauna zeure Jainkoa» (Dt 6,16). Deuteronomio liburuko esaldia esplizituagoa da: «Ez duzu zirikatuko Jauna, zeuen Jainkoa, proban ezarriz, Masa-n zirikatu zenuten bezala». Zer gertatu zen Masa-n? Zenbakiak liburuak dakar 17,1-7an: Israel herria, basamortuko bere ibilian, kexatu egin da edateko ur-faltaz. Eta kexu honetan egarriarena baino problema latzago bat dator: benetako tentazioa Jainkoaren presentziaz eta babesaz duda egitea da: «Gurekin dago ala ez Jauna?» (7. tx.). Hondo-hondoan, seinale bat edo mirari bat eskatzen den bakoitzean duda bat egon ohi da ezkutuan Jainkoaren babesaz. Jesusek konfiantza osoa du Jainkoagan, ez du seinale beharrik, ez du zertan eskatu halakorik. Jesusen jarrerak askoz gainditzen du Moisesena bera ere.

Tentazioen kontakizuna bukatzean, Lukasek dio: «tentatzaileak utzi egin zuen Jesus beste aldi bat arte». Aldi hori Jesusen bizitzako azkena izango da, gurutzean dagoela.

Gure tentazioak

Tentazioek balio bat dute guretzat eta kristau-elkarte osoarentzat ere. Gure jarrera analizatzeko balio dute premien, beldurraren eta gurarien aurrean, eta Jainkoarekiko gure axola-neurria aztertzeko.
1.-Oinarrizko premia: afektua, ulermena.
2.- Gure artean ote da Jainkoa?
3.- Edukitzeko tentazioa.
4.- Arrasta nazaten uzteko tentazioa, molda nazaten besteei uztea, isilik gelditzea.

Lehen irakurgaia (Deuteronomioa 26,4-10)

Uzta bildu ondoren fruituen hasikinak Jainkoari eskainiz israeldarrak egiten duen otoitza dakar pasarteak. Herriaren historia gogoratuz doa: Jakobengandik («nire aita aramear ibiltari bat zen») hasi, Egiptoko zapalkuntzarekin eta askapenarekin jarraitu eta lurraren emaitza arte. Garizumako testuinguruan, Jainkoagandik hartu ditugun mesedeetan pentsatzera gonbidatzen gaitu irakurgai honek, eta Jainkoarekin eskuzabal izatera. Jainkoarekin esker oneko izatea, garizumako mortifikazioa baino garrantzizkoagoa da.

Bigarren irakurgaia (Erromatarrei 10,8-13)

Jesus aitortzearen garrantzia azpimarratzen du Paulok; «izan ere, zure ezpainek Jesus Jauna dela aitortzen badute eta zure bihotzak sinesten badu Jainkoak piztu zuela, salbatuko zara». Liburu Santuak dioen bezala: «Harengan sinesten denik ez da galduan aterako».

José Luis Sicre