GARIZUMAKO LEHEN IGANDEA B 2015-02-22

SARRERA

Anai-arrebok, Garizumako lehen igandea ospatzen du gaur Elizan. Sei aste barru Pazkoa ospatuko dugu. Gaur, ebanjelioak Jesusen esperientzia baten berri emango digu: Jainkoa Aitarekin topo egitea. Gerora, kristau asko eta askorengan errepikatuz joan den esperientzia da. Loiolako Ignazio santuak, adibidez, berea kontatzen digu: Behin batean elizara zihoan, Manresa inguruan. Bidean, geldialditxo bat egin zuen ibai ertzean. Han zegoela, adimenaren begiak ireki zitzaizkion. Ez zen mirakuluzko ikuskaria. Baina inguruko gauza guztiak, bere barnea, bere bizitza: dena berri ikusi zuen. Hori guztia, gaztetan gertatu zitzaion. Geroago, hirurogei eta bi urte zituela ere, esperientzia hartaz bizi-bizi gogoratu ohi zen. Ignazio goitik behera aldarazi zuen esperientzia izan zen.
Horixe bera gertatu zitzaion Jesusi basamortuan. Bidean geldialdi bat egin zuen Jesusek, basamortura joanez. Eta, bere herriaren historiaren eta bizitzaren bidez, Jainkoak egiten zizkion galderei entzuten jarri zen. Isiltasunaren eta bakardadeko testuinguru horretan hasi zen ikusten zeruko Aitak eskatzen ziona.
Ebanjelioaz gain, lehen irakurgaia ere bizi-bizia da. Uholde handia jasan ondoren, Jainkoak elkargo edo itun bat egin du bizirik gelditu direnekin, Noerekin zehazki: ez da gehiago uholderik izango. Eta seinale bat ezarri du Jainkoak: ostadarra edo Erromako zubia. Baina bada beste xehetasun bat, guztiz inportantea: gizon-emakumeekin, animaliekin, naturarekin, guztiekin, egin du elkargoa Jainkoak. Adam ere, bekatu egin aurretik, bake santuan bizi zen animaliekin eta naturarekin. Jesusentzat ere, gaurko ebanjelioan, ez dira gogorrak, ez natura, ez animaliak.
Bekatuari uko egitera gonbidatzen gaitu honek guztiak. Kreatutako mundu osoa da zorionbide, kreazioaren asmoa betez gero. Kreazio osoa gerta dakiguke geure bihotza Jainkoagana jasotzeko iradokizun eta tresna.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (9,8-15)

Biblian, salbamen-historia irakurtzean, alde ezkorra eta alde baikorra bereizi ohi ditugu: alde txarra eta alde ona.
Alde txarrean haustura ikusten dugu: batetik, Jainkoarekin haustea; bestetik, Jainkoarekin haustearen ondorioz, lagunen arteko haustura gertatu ohi da (adibidez, Adamen eta Evaren artekoa, Abelen eta Kainen artekoa…); gizakiaren eta naturaren arteko haustura ere hor dago (gizakiaren eta naturaren artean nolabaiteko indarkeria); azkenik, pertsona bakoitzaren barruan haustura (san Paulok ondo deskribatzen du: bere burua zatitua bezala ikusten du: nahi dudana ez dut egiten eta nahi ez dudana egiten dut).
Salbamen historiako alde ona, berriz, honela ageri da Biblian: Jainkoak gizadiarekin egindako elkargo bezala, hitzarmen bezala, elkartasun bezala. Adibidez, Jainkoak Noerekin, Abrahamekin, Moisesekin, Josuerekin, Davidekin, Jesusekin egindako hitzarmena.
Jakina, hitzarmen horrek, batekin eta bestekin eginak, berekin du bihotz-berritu beharra. Eta bihotz-berritzeaz hitz egitean, oso gutxitan aipatzen den puntu bat harrotzeko aukera eskaintzen digu lehen irakurgai honek: erantzukizun ekologikoa. Lurra, mundua, animaliak: dena da Jainkoaren kreazio. Dena da gizon-emakumeen zerbitzurako, baina ez nolanahi suntsitzeko. Eta gauza jakina da, gaur egun arazo handi ari dela bihurtzen lurraren osasuna.
Jainkoak Noerekin egindako hitzarmen hau entzutean, egin dezagun geure arazo eta eginkizun bihotz-berritu beharra: bai geure buruarekiko arazoetan, bai lagun hurkoarekiko harremanetan, bai animaliez eta naturaz baliatzean. Ondo legokiguke, Jainkoaren hitzarmen horri, bihotz-bihotzez, bai biribil bat ematea.

BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehen gutunetik (3,18-22)

Gauza jakina da, antzina Garizuman prestatzen zirela Pazko Gaubeilan bataiatuko zirenak. Besteak beste, hori kontuan harturik hautatu dute, noski, gaurko bigarren irakurgai hau.
Batetik, lehen irakurgaian entzun dugun uholdearekin lotuz, uholde hura eta gure bataioa erlazionatzen ditu. Uholdekoan, gutxik batzuk salbatu egin ziren uretan ibiliz; horren antzera, bataioan ere uretik pasatuz salbatzen gara. Gutun honen egilearentzat, Noeren garaiko uholdea, gure bataioaren sinboloa da.
Jakina, baieztapen hori egin ahal izateko, idazleak ondo azaldu du ez dela aski uretik pasatzea. Bataioko ura hartzean, ez da garbitzen gorputzeko zikina, baizik eta bihotz garbia eskatzen da.
Bataiatuak ziren gure idazle honen garaikoei ez zitzaien gauza erraza izan koherente izatea. Horregatik, azpimarratzen du, Kristo hil bazen, gu Jainkoagana eramateko hil zela. Hau da, lur honetan Jainkoaren asmoaren arabera bizitzeko.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,12-15)

Espirituak Jesus basamortura eraman du. Animaliekin eta piztiekin bizi da han. Tentatzailea etorri zaio, baina ondoan ditu aingeruak ere zerbitzari.
Honek guztiak iradokizun asko eta handiak dakarzkigu burura eta bihotzera.
Adam bera ere animaliekin eta piztiekin eta naturarekin bake santuan bizi izan da, harik eta tentazioari amore eman dion arte. Jesusek tentazioa garaitu eta eta bake santuan bizi ahal izan du.
Berrogei egunak esapideko «berrogei» hori ere zenbaki sinbolikoa da; osotasuna adierazten. Jesusek bizi osoa izan du tentazio eta bizi osoan gainditu du tentazioa, Adamek ez bezala. Garizumako berrogei egunek ere geure bizitza iradokitzen digute: probaldia izango da gure bizitza; Israel herriarentzat basamortuko berrogei urteak bezala.
Horrenbestez, tentazioa, basamortua, berrogei zenbakia, piztiak, aingeruak: denak ditugu geure bizitzan kontuan hartu beharrekoak. Ez da tentaziorik gabeko giza bizitzarik. Ez da basamorturik, isiltasunik, bakardaderik gabeko giza bizitzarik. Ez da piztiarik, harrokeriarik, handinahirik, egoismorik gabeko bizitzarik. Ez da aingerurik gabeko, Jainkoaren laguntzarik gabeko giza bizitzarik.
Probaldiak, Jesusi, asko balio izan dio Jainkoarekin harreman biziagoak eta bihozkoiagoak izateko. Kutsa gaitzala guztiok Jesusen jarrera horrek.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jesusengan sinesten dugun guztion alde: munduko basamortu honetan, batak besteari esperantza emateko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gizon-emakume guztien alde: geure egoismo, injustizia eta solidaritate-faltaren artean, alde askotan aldarrikatzen diren askatasun-mezuak entzuteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Gure herriko alderdi politikoen alde: herria gero eta gehiago banatu eta zatitu ordez, helburutzat guztien ona bilatzen saiatzea izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Pobre, gaixo, preso eta etorkinentzat: gizartean, ez ezpainez eta itxuraz, baizik egitez lagunduko dien jenderik aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.