Garizumako 1. igandea B (2015-02-22)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Garizuma hasi dugu. Garizuma bizitzeko, osagai tradizionalak ditugu hiru hauek: otoitza, baraua, penitentzia. Baina garizuma ez litzateke ezer izango, beste osagai bat begi-bistan izango ez bagenu: PAZKOA. Garizuma PAZKOrako bidea da. Beste hitz batzuekin esanda, Garizuma Israel herri berriaren basamortua da. PAZKOa, berriz, promes egindako lurraldea da.

Gaurko irakurgaiek, era askotan adierazten digute esandako hori. Betiere, sinboloez baliatuz.

Lehenengo irakurgaiak, osagai asko gogoratzen dizkigu. Lehenik eta behin, Jainkoak Noerekin egindako Adiskidetasun-elkargoa edo Ituna. Nola ez ikusi Adiskidetasun-elkargo horretan gure Pazkoa, Promes egindako lurraldea, zeruko zoriona? Bigarren, Adiskidetasun-elkargo hori ez du egin Noerekin bakarrik; baita Noeren ondorengoekin, animaliekin, naturarekin ere. Nola ez ikusi Adiskidetasun-elkargo horretan munduan bizi beharko genukeen biziera adiskidetsua: gizakien artean, animaliekin, naturarekin? Nola ez ikusi Adiskidetasun-elkargo horretan munduan bizi dugun bekatua; geure artean bakean bizitzea eragozten digun bekatua? Hirugarren, Jainkoak seinale ikusgarri bat eman die Noeri eta gizaki guztiei, bere adiskidetasunaren berme edo garantiatzat: Ortzadarra, Erromako zubia. Esan nahi da, munduan Jainkoaren adiskidetasunaren seinale asko eta asko ditugula begi-bistan, bihotzeko begiak garbi samar baditugu.

Bigarren irakurgaiak, kristautasunaren historian, Garizumarako oso inportantea izan den eta den gai bat gogoratzen digu: BATAIOA. Testu honen idazlearentzat, Noeren kasuan aipatzen den UHOLDE handia, gure Bataioaren sinboloa da. Uholdekoan uretik salbatu ziren haiek bezala, gaur Bataioko uretik salbatzen gara. Senideok, Pazko Gaubeilan geure Bataioa berriko dugu. Bataio hartarako prestatzeko aldi egokia dugu Garizuma; Jainkoak laguntza berezia eskainiko digu. Geure bihotza libre eta aske egitea da arazoa: otoitzaren bidez Jainkoaganako konfiantza beroa eskuratuz; barauaren bidez, jana uztea baino gehiago, geure jarrera eta joera gaiztoei stop esanez; gorputz-penitentziak egite gehiegi nekatu gabe, lagun hurkoari begirune gehiago agertzen saiatuz.

Ebanjelioak, Jesusen Garizuma dakarkigu burura. Espiritu Santuak basamortura eraman zuen. Garizumaren irudia da basamortua. Israeldarrek 40 urte egiten zuten basamortuan. Jesusek 40 egun egin zuen basamortuan. Kristauok 40 eguneko basamortua edo Garizuma biziko dugu.
Jesusi bezala, ondora etorriko zaigu Satanas. Tentatzera. Zer eragin zion Jesusi Satanasek? Zeruko Aitak eman zion eginkizuna bertan behera uztea. Ez zuela merezi bide hura egitea. Gehienera ere, segitzeko Galilean barna eta Jerusalemen ere predikatzen. Baina ken zezala burutik Nekaldia eta Gurutzeko heriotza jasan beharra; ez zedila jar arrisku hartan; geroago, horixe bera eskatu zion Pedrok Jesusi. Alabaina, Jesusek zerbitzari zituen aingeruak.
Anai-arrebok, geure Garizuman, geure basamortuan, hor izango dugu tentatzailea. Jesusi bezalatsu hitz egingo digu: jarrai ezazu Mezara joaten, emazu noizbehinka elizarako edo lagun hurkoarentzat limosnatxo bat, saia zaitez gauza on batzuk egiten Jainkoa erosteko; baina, bizi zaitez lasai, eroso, ez duzu zertan kezkatu munduan pobre bizi den jendeaz.
Jesusen Espirituak, ordea, besterik esaten digu. Ondoan ditugu geure aingeruak: adiskide bat dela, familiarteko bat dela, apaiz bat dela, aita santua dela. Guztiek esaten digute, Jainkoaren izenean: eutsi sendo Jainkoak eman dizun eginkizunari. Saiatu adiskidetzen: bai gizon-emakumeak beren artean, bai gizon-emakumeak eta animaliak, bai gizon-emakumeak eta natura. Alde honetatik, mezu argi-argi eman digu aste honetan Frantzisko aita santuak: «Ezin egin dizkiozu eskaintzak edo opariak Elizari, zeure lanarekin egiten duzun injustiziaren lepotik».
Anai-arrebok, Garizuma egoki bizi ahal izateko, izan dezagun beti gogoan Salmoarena: «Jauna dut artzain, barruti berdeetara narama hark atsedetera».

DIONISIO AMUNDARAIN