GARIZUMAKO BIGARREN IGANDEA A

Lehen Irakurgaia

( Abrahamen bokazionea )

Hasiera liburutik 12, 1-4

Egun heietan, Abraham Kaldean bizi zen.
1 Jaunak erran zion:
“ Zoazi zure herritik, ahaideen artetik, eta aitaren etxetik,
nik erakutsiko dautzutan lurralderat.
2 Herri handi eginen zaitut, benedikatuko zaitut,
Izen haundia emanen dautzut,
eta zure izena benedizione iturri izanen da.
3 Benedikatzen zaituztenak, benedikatuko ditut,
madarikatzen zaituztenak, madarikatuko.
Zutan benedikatuak izanen dira herri guziak.”
4 Abraham joan zen, Jaunak erran bezala, eta Lot ere harekin.

“Abraham” izen horrek “gaitzeko jende multzo baten Aita” erran nahi du. Eta egia ainitz
girela lurraren alde batetik bertzera, Abraham aitatzat daukagunak fedean : Juduak lehenik, gero
girixtinoak eta azkenik jinak Musulmanak.
Orai dela nunbeitan 4000 urte Jainkoa Abrahami mintzatu zitzaion : “Zuretzat zoazi” zion
erran Jainkoak. “Zuretzat” garrantzi handia du. Erran nahi baitu Jainkoak gizona deitzen duenean,
hunen zorionarentzat duela deitzen.
“Zoazi zure herritik…Benedikatuko zaitut.”
“Zutan benedikatuak izanen dira herri guziak.”
Abrahami hitzemana zaiona, ez da bakarrik hunen fagoretan, bainan gizarte guziaren fagoretan.
Biblian beti, bokazione bat bertzeen zerbitzuko emana da.
“Eta Abraham joan zen” Jainkoaren hitzari fidatu zen. Horra hor, bere fedearen frogarik
ederrena. Gaur egun ere erran dezakegu gure gaurko fedeak Abrahamen fede hortan daukala bere
iturria.
Jondoni Paulok dio : “Fededunak Abrahamen semeak dira.”

Salmoa 32

Leloa: Gure gainerat ager, Jauna, zure betiko bihotz ona,
Gure bihotza baita dena zuri osoki, Jainko Jauna!

Jaunaren hitza beti zuzen, Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite, Haren bihotzak lurra bete.
Huna bai Jauna, dena begi, Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi, Eta nasaiki eman ogi.
Jainko Jaunaren beha gaude: Hura guk lagun, adiskide.
Gure gainerat ager, Jauna, Zure betiko bihotz ona!

“Haren bihotzak lurra bete”. Behar da fede horren erraiteko ! Gizartea ez da berehala
ohartu Jainkoa amodio dela. Ikusiak ikusi, gertatuak gertatu,ez da beti errex sinestea Jainko Aita bat
daukagula zeruan.
Kierkegaard idazleak zion : “Bekatuaren kontra doana ez da bertutea, bainan bai fedea”
(konfiantxa). Fede horren lekuko izan zen Abraham.
“Huna bai Jauna, dena begi,
Hari daudenen zain egoki.”
Jainkoak denak ikusten dituela eta, ez du horrek gizona lotsatu behar. Artzain on bat bere ardien
zain bezala, baitago Jainkoa gizonen “zain”.
“Heriotzetik ditzan jalgi, eta nasaiki eman ogi…Hura guk lagun, adiskide.”
Konfiantza osoan, zure gaude Jauna!

Bigarren irakurgaia

( Jaunak deitzen gaitu haren aintza ezagutzera )

Jondoni Paulok Timoteori 1,8-10

Seme maitea,
8 eremazkitzu nekeak nerekin batean Ebanjelioarengatik,
Jainkoaren indarrarekin.
9 Harek gaitu salbatu eta dei saindu batez deitu,
ez gure egintzengatik,
bainan bere asmo eta graziaren arabera.
Mende guziak baino lehen Jesu Kristoren baitan
emana izan zaikun grazia hori,
10 orai argitarat etorri da,
Jesu Kristo gure Salbatzailea agertu denean,
harek baitu herioa suntsitu,
bizia eta hilezkortasuna dirdirarazi Ebanjelioaren bidez.

“Harek gaitu salbatu”, Jesu Kristok. Bainan gizonak salbamendu hortan sar diten ebanjelioa
behar zaiote predikatu.
“Jainkoak salbatu gaitu”. Biblian ‘salbatu” hitzak libratu, askatu erran nahi du beti. Eta
libratzearen beharra gizonak badu : juduek, Egiptotik atera zirenean, Jainkoaren eskua ikusi zuten
hor. Esklabo baita gizona diruak deraman mundu huntan eta ere, zenbatetan, erlisionearen esklabo!
Azkenik, denak, egun batez, herioak bere saretara biltzen gaitu. Eta hortarik ere Jesus Kristok
libratu gaitu. “Jesu Kristo gure salbatzailea agertu denean, harek baitu herioa suntsitu…” Eta hori
dena “ez gure egintzen gatik, bainan bere asmo eta graziaren arabera.”
“Eremazkitzu nekeak nerekin batean Ebanjelioarengatik, Jainkoaren indarrarekin.” Gure
lanetan, ez girela bakarrik, badugu segurtamena. “Jainkoaren indarra” gurekin dugu.

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Hau da nere Semea, Seme maitea :
Denek entzun zazue!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 17,1-9

Egun hartan,
1 Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani haren anaia,
eta ereman zituen berex mendi gora baten gainerat.
2 Itxuraldatua izan zen heien aitzinean:
begitartea egin zitzaion iguzkia bezain distirant,
eta soinekoak argia bezain xuri.
3 Eta huna non agertu zitzaizkien Mois eta Eli, harekin solasean.
4 Orduan Petrik erran zion Jesusi:
“ Jauna, zein goxoki gauden hemen!
Nahi baduzu, hiru etxola eginen ditut hemen,
bat zuretzat, bat Moisentzat, bestea Elirentzat.”
5 Mintzo zelarik oraino, hodei argi batek estali zituen;
eta hodeitik mintzo batek erran zuen:
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin: entzun-azue!”
6 Hori aditzearekin, dizipuluak ahuspez lurrerat erori ziren,
beldurraren beldurrez.
7 Jesus hurbildu zitzaioten orduan,
eta hunkitzen zituela, erran zioten:
“ Xuti zaitezte, eta ez beldur izan!”
8 Eta begiak altxaturik, ez zuten nehor ikusi, Jesus bera baizik.
9 Menditik jaustean, Jesusek manatu zioten:
“ Ikusi duzuena ez aipa nehori,
gizonaren Semea hiletarik piztu arte.”

Ebanjelio hau garrantzia handikoa da. Hemen ditugu bilduak elgarrekin Testamendu
Zaharreko eta Berriko persona ospetsuenak : Elias eta Mois, Petri, Jakobe eta Joani bi neiak.
Bertze mundua eta gure mundua berexten dituen harresia urratu da. Ebanjelioko mezuaren
mamia agertze huntan erakutsia da : “ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin, entzunazue!” Jainkoa ez da bakarrik bizi den izaite bat, bere gozoa bertze izaite batetan du
aurkitzen.
Agertze hunen inportantzia handia izan dela apostoluentzat dudarik ez da. Huna zer
dion Petrik bere bigarren gutunean (16-18) “Jesu Kristo gure Jaunaren etortze indartsuari
buruz hitz egin ginauzuenean, ez ginen iduripenezko ipuinetan, baizik gure esperientzian,
guhauren begiez ikusi baitugu haren handitasuna. Jesusek Aitarenganik ukan zituen ohorea
eta aintza, hunela erran baitzion Jainkoaren aintza ospetsutik etorri mintzoak : “Hau da
nere Seme maitea, hau dut atsegin”. Guhaurek entzun ginuen zerutik etorri mintzo hura,
mendi sainduan Jesusekin ginaudela.”