GARIZUMAKO BOSGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
(Hila zen herria berpiztuko )
Ezekiel profetaren liburutik 37,12-14
12 Hunela mintzo da Jauna:
“ Nik idekiko ditut zuen hilobiak,
eta ateraraziko zaituztet zuen hilobietarik, ene populua,
eta Izraelgo lurrerat berriz eremanen.
13 Jakinen duzue ni naizela Jauna,
zuen hilobiak idekiko ditudalarik,
eta zuek handik ateraraziko, ene populua.
14 Ene izpiritua ezarriko dut zuen baitan, eta biziko zirezte;
zuen lurrean ezarriko zaituztet,
eta jakinen duzue ni naizela Jauna: erran eta egiten dutala.
Jaunak errana!
Testo hau laburra da, hastean eta bururatzean hitz bertsuak ditu : « Hunela mintzo da Jauna
» eta « Jaunak errana », testo horren ospatzeko. Bietan egina den agintza hori Jainkoaren populuari
doakio. Jainkoak dio « ene populua ». Lehenbiziko agintza « ateratuko zaituztet zuen hilhobietarik
», bigarrena « eta Izraeleko lurrerat berriz eremanen ». Pentsatzekoa da testo hau idatzia izan zela
populua Babilonen zelarik, hango nausien peko.
Jainkoaren populua han zagon suntsitua, hila bezala. Hortakotz da Jainkoa hilhobietaz
mintzo. Jainkoak ez du utziko populua bere ber, agintza egina du deusek ez duela suntsituko,
zorigaitz handienak jorik ere. Badakigu populua biziko dela, berriz itzuliko dela etxerat, zeren
Jainkoak agintza egina baitako. « Idekiko ditut zuen hilhobiak, Izraleko lurrerat berriz eremanen”.
Betidanik badaki Izrael populuak Jainkoa leiala izan dela; eta hitz hauiek « Jakinen duzue ni naizela
Jauna » erakusten daukute Jainkoa ezagutzen dela agintzen leialtasunetik.
Bainan zendako errepika bietan gauza berak ? Egia erran, bigarren agintzan ez dira
lehenbizikoan diren hitz berak : « Idekiko ditut zuen hilobiak eta ateratuko zaituztet, ene populua !
Eremanen zaituztet zuen lurrerat eta jakinen duzue ni naizela Jauna » Bainan bigarren agiantza
huntan bada aise gehiago : « Ene izpiritua ezarriko dut zuen baitan eta biziko zirezte ». Hemendik
goiti amodiozko legea ez da bakarrik harrizko lauzetan idatzia izanen, bainan bihotzetan; gizonen
bihotzak ez dira izanen harrizkoak bainan haragizkoak.
Errepika hunek « Ene populua » ezagutarazten dauku ez dela bakarrik gizon bakotxaren
berriz piztea izanen bainan populu guziarena. Gizon bakotxaren piztean sinesteko bi baldintza behar
dira : gizon bakotxaren zortea besteenetik berexi, eta sinetsi Jainkoak ez gaituela heriotzeari utziko.
Izraelek esperientzia egina du, Jainkoak gizona esklabotasun guzietarik libratzen duela, leiala dela
eta ez duela hitza jaten. Fede horrek du bizitzen Izrael. Bi gai haueri esker : gizon bakotxaren balioa
Jainkoaren aintzinean eta Jainkoa salbatzaile dela, populuak gizon bakotxaren piztean sinetsi du.
Azkenean, segur izanen da Jainkoak libratuko duela gizona esklabotasunetik eta heriozetik.
Bururatzean, erraiten ahal dugu, Ezekiel profetaren ahotik mintzo dela Izpiritu Saindua.
Salmoa 129
Leloa: Jauna bihotzez da betea,
Zein maite duen salbatzea!
Leize hautarik zuri oihuz, Entzun nezazu, entzun, Jauna!
Dena beharri nitaratuz, Entzun nik egin dei auhena!
Gaizkiez orroit bazaude zu, Zuri so, Jauna, nor dagoke?
Denen barkatzea maite duzu: Beldur bezenbat badut bake.
Jaunaren beha dut bihotza: Egia daukat haren hitza.
Nik segurago Jauna goza, Gauzainek baino goizargia.
Jauna bihotzez da betea, Zein maite duen salbatzea.
Hak du Izrael salbatuko, Hoben guziak joanen daizko.
129. salmoa, beilari kantika da. Iduriz bekatuen barkamenerako sakrifizio batean kantatzen
zen, oihal-etxolen bestan. Salmo hunek bi hitz aipatzen ditu: hutsa eta barkamendua. Salmo huntan
den bekatorosak otoizten du Jainkoa, jakinez barkatua izanen dela, Jainkoaren amodioa negurrik
gabekoa baita. Badaki bera ez dela leial izan, eta bekatua heriotze izpiritual bat bezala bizi izan
duela : « Leize hautarik zuri oihuz », « denen barkatzea maite duzu ». Jainkoak erakusten dauku
bere indarra barkamendu hortan. Jainkoa Amodio da eta Dohain. Beti barkatzea geroa zabaltzea da,
guk hitza janik ere.
« Beldur bezenbat badut bake ». Nola ukan beldur Jainkoaren aintzinean, dakigularik dohain
eta amodio baizik ez dela ? « Jainkoaren beldurra » erraiten dugularik badakigu Jainkoak ez
gaituela zigortuko. Liburu Saindu guzian Jainkoak erakutsi du gizona libratu nahi duela beldur
hortarik, zeren beldur horrek korropilatzen baigaitu eta gizona ez da laxo. Jainkoaren beldurra
Liburu Sainduan, Jainkoaren adoratzea da, ezagutuz beti Jainkoa amodio dela. Bainan, sinesdunak
ez du, Jainkoa amodio delakotz, ezazola izan behar bekatuarendako. Badaki Jainkoaren ganik
ukanen duela barkamendua, segurtamen horren gatik Izraelek ukan du beti esperantza, gauzainek
argian bezala.
« Hak du Izrael salbatuko, hoben guziak joanen daizko ». Izrael beha dago, Jainkoak egin
agintzak noiz obratuko diren. Populua beha dago betiko goizargia noiz etorriko den, Abraham beha
egon zen bezala. “ Jainkoaren goizargia” Salmo guziek hori erraiten daukute…Girixtinoek
badakite gure gizadia badoala osotasunerat eta osotasun hori deitzen dela Jesu Kristo : « Nik
segurago Jauna goza, gauzainek baino goizargia ».
Bigarren Irakurgaia
( Jesus piztu duenak emanen dautzue bizia )
Jondoni Paulok Erromanoeri 8,8-11
Haurrideak,
8 haragiaren arabera dabiltzanek , Jainkoari ezin kausi.
9 Zuek aldiz, ez zabiltzate haragiaren arabera,
bainan Izpirituaren arabera,
Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz.
Norbaitek Kristoren Izpiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
10 Bainan zuen baitan balin bada Kristo,
zuen gorputza hila izanagatik ere bekatuaz,
Izpirituak bizia emaiten dautzue, zuzentasunari esker.
11 Jesus hilen artetik piztu duenaren
Izpiritua zuen baitan bizi bada,
hilen artetik Jesus piztu zuenak
zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu
zuen baitan bizi den Izpirituaren bitartez.
« Ene Izpiritua zuen baitan ezarriko dut eta biziko zirezte » zuen mezutzen Ezekiel profetak.
Hemendik goiti, dio Paulok, bataioari esker, behin betikotz hola izanen da. Erraiten du ere
«Jainkoaren Izpiritua zuen baitan da ». Izpirituaren egoitzak bilakatuak gira. Pauloren arabera : edo
haragia gutaz jabetua da edo Izpiritua, erran nahi baita amodioa. Galaziako jendeeri idazten diote
Izpirituaren fruituak hauek direla : « bozkarioa, bakea, pazientzia, onezia, fedea, goxotasuna,
guhaun buruaren nausitasuna », hitz batez, amodioa. « Jainkoaren Izpirituaren arabera bizitzea »
da, denen maitatzea eta zerbitzatzea gure anaiak bezala, dio Izaik.
«Haragiaren arabera bizitzea» da herran edo axolarik gabe bizitzea, guhauren buruari
pentsatuz bakarrik, berekoikeriaz.
Berekoikerian bizi bagira ez gira ados Jainkoarekin, Jainkoa, amodio delakotz bakarrik.
Paulok erraiten dauku « haragiaren arabera dabiltzanak, Jainkoari ezin kausi .» Erromanoeri
Paulok erraiten diote Izpirituak egiten gaituela Jainkoaren seme. Harek daukula ufatzen Jainkoa
Aita deitu behar dugula. Gure baitan amodiorik balinbada, Jainkoaren ganik heldu da. « Izpiritua
zuen bizia da » dio berriz ere Paulok. Amodio ez dena ez da Jainkoaganik, heriotzea dakar berekin.
« Hilen artetik Jesus piztu zuenak zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu zuen baitan bizi den
Izpirituaren bitartez ».
Ebanjelioa
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Zu zira piztea eta bizia !
Ez da sekulan hilen zutan fede duena.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 11, 1-45
Egun hartan,
1 Lazaro deitu gizon bat eri zen.
Betaniakoa zen, Mariaren eta hunen ahizpa Martaren herrikoa.
2 ( Maria hau – Lazaro eriaren arreba –
Jesus usain gozoz gantzutu zuena,
eta oinak bere ilez xukatu ziozkana zen.)
3 Bi ahizpek berria Jesusi igorri zioten:
“ Jauna, maite duzuna eri da.”
4 Hori aditzearekin, Jesusek erran zuen:
“Eritasun hori ez da heriotzerako,
bainan Jainkoarentzat gorets-bide,
horri esker goretsia izan dadin Jainkoaren Semea”
5 Jesusek maite zituen Marta, hunen ahizpa eta Lazaro.
6 Hau eri zela jakin ondoan,
beste bi egun egon zen leku berean.
7 Gero, dizipulueri erran zioten:
“Goazen berriz Judearat.”
8 Dizipuluek erran zioten:
“ Irakasle jauna, berrikitan juduek harrika hil nahi zintuzten
eta berriz harat zoazi ?”
9 Jesusek ihardetsi:
“ Ez ote ditu egunak hamabi oren?
10 Egunaz dabilana ez da behaztopatzen,
mundu huntako argia ikusten baitu;
bainan gauaz dabilana behaztopatzen da,
argirik ez duelakotz bere baitan.”
11 Hola mintzatu ondoan, erran zioten:
“ Lazaro gure adiskidea lokartu da, bainan banoako iratzartzera.”
12 Dizipuluek erran zioten:
“ Jauna, lokartu bada, salbu da.”
13 Haren heriotzeaz mintzo zen Jesus,
heiek aldiz uste zuten ohiko loaz ari zela.
14 Jesusek orduan garbiki erran zioten:
“Lazaro hila da, eta han ez izanaz bozkariatzen naiz,
15 zuengatik, sinets dezazuen.
Bainan goazen harenganat!”
16 Tomasek, Biritxia deituak, beste dizipulueri erran zioten:
“ Goazen gu ere, hunekin batean hiltzera.”
17 Etorri zen beraz Jesus, eta kausitu zuen Lazaro
lau egun hartan hilobian ezarria.
18 Betania Jerusalemetik hurbil zen, oren erditsu baten bidean.
19 Judu ainitz etorrriak ziren Marta eta Mariarenganat,
anaiarengatik doluminen emaitera.
20 Jesus heldu zela entzun orduko, Marta biderat joan zitzaion;
Maria aldiz etxean gelditu zen.
21 Martak erran zion Jesusi:
“ Jauna, hemen izan bazina, nere anaia ez zen hilen.
22 Bainan, badakit eskatuko diozun guzia
Jainkoak emanen dautzula, oraino ere.”
23 Jesusek ihardetsi: “ Piztuko da zure anaia.”
24 Martak berriz:
“ Badakit piztuko dela azken egunean, hilen piztean.”
25 Jesusek erran zion:
“ Ni naiz piztea eta bizia.
Nitan sinesten duena, hilik ere , biziko da.
26 Eta nitan sinetsiz bizi dena, ez da hilen sekulan.
Sinesten duzu hori?”
27 Martak ihardetsi:
“ Bai, Jauna, sinesten dut zu zirela Mesias, Jainkoaren Semea,
mundu huntarat etortzekoa zena.”
28 Hori erran eta, joan zen Marta
bere ahizpa Mariaren deitzera, eta ahapetik erran zion:
“ Irakasle jauna hemen da, galdegiten zaitu.”
29 Hori aditu orduko, Maria xutitu zen berehala,
eta Jesusenganat joan.
30 Jesus ez zen oraino herrian sartua,
Martak aurkitu zuen lekuan zagon.
31 Orduan, hari doluminen emaiten etxean zauden juduak,
Maria laster jeiki eta atera zela ikusirik, jarraiki zitzaizkion,
ustez eta hilobirat zoan nigar egitera.
32 Maria, Jesus zagon tokirat heldu zelarik,
hura ikustearekin, oinetarat erori zitzaion, erranez:
“ Jauna, hemen izan bazina, nere anaia ez zen hilen.”
33 Nigarrez ikusi zuelarik Maria,
eta nigarrez ere harekin etorri juduak,
Jesusi barnea inarrosi zitzaion, eta durduzaturik,
34 erran zuen: “ Non ezarri duzue ?”
Ihardetsi zioten: “ Jauna, zato ikustera.”
35 Jesusek nigar egin zuen.
36 Juduek erran zuten orduan: “Beha zein maite zuen!”
37 Heietarik zenbaitek erran zuten:
“ Itsuari begiak ideki ziozkanak
ez ote zezakeen Lazaro hiltzetik begira?”
38 Jesus, berriz ere barnea inarrosia, etorri zen hilobirat.
Harpe bat zen, harri lauza batek hetsia.
39 Jesusek erran zuen: “ Kenazue harria.”
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erran zion:
“ Jauna, usaindua daiteke, laugarren eguna da.”
40 Orduan Jesusek Martari:
“ Ez ote dautzut erran :
sinesten baduzu, Jainkoaren aintza ikusiko duzu?”
41 Kendu zuten, beraz, harria.
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen:
“ Aita, eskerrak zuri, entzun nauzulakotz.
42 Nik badakit, bai, beti entzuten nauzula;
bainan inguruan dutan jendearengatik mintzatu naiz hola,
zuk igorri nauzula sinets dezaten.”
43 Hortan, ozenki oihu egin zuen
“ Lazaro, zato kanporat
44 Eta hila atera zen, oinak eta eskuak oihal-zerrendaz loturik,
eta aurpegia hil-oihal batez inguratua.
Jesusek erran zioten: “ Laxa zazue eta utz joaitera.”
45 Mariaren ganat etorri judu ainitzek,
Jesusek egina ikusi zutelarik, haren baitan sinetsi zuten.
Ebanjelio hau deitua da « Lazaroren piztea ». Bainan badakigu ez dela hori piztea. Lazaro
hila zen segur, Jesusek eman zion berriz bizia. Erraiten dugularik « sinesten dut hilen piztean eta
beti iraunen duen bizian » ez da gauza bera.Lazarori Jesusek luzatu zion bizia, lurreko bizia. Haren
gorputza ez zen bertzelakotua, ez zen oraino « piztua ».
Zendako beraz mirakuilu hori ? Mezu hori balio handikoa da : Jainkoak bakarrik emaiten
ahal du bizia, hartan fida gaitezke. Apezek eta Farisauek ulertu zuten Jesusek igortzen zuela mezu
seriosenetarik bat. Joaniren arabera, Lazaroren piztearen ondotik, sobera jendek sinetsi zuten
Jesusen baitan. Orduan zuten omen deliberatu Jesus hilarazi behar zutela.
– Lehen oharra : Jesusendako konda dena Jainkoaren aintza da, bainan horren ikusteko fedea
behar da. Ixtorio horren hastean dizipuluek jakinarazten dute Jesusi « Jauna, maite duzuna eri da ».
Jesusek errepostu: « Eritasun hori ez da heriotzerako, bainan Jainkoarentzat gorets-bide » argitan
ezartzen du Jainkoaren xedea : gizonaren bizia Jainkoaren ikustea da. San Irenek dion bezala :
“Jainkoaren ospea gizonaren bizia da, eta gizonaren bizia Jainkoaren ikustea.” Eta Martari
Jesusek erraiten dio « Sinesten baduzu Jainkoaren ospea ikusiko duzu.» Fedeak dauzkigu begiak
idekitzen.
– Bigarrena: neke guziak garaituak dira sinesten dugularik bizian eta Izraelek berant sinetsi
du, Jesusen denboran ainitzek ez dute onartu egia hori. Martak eta Marik sinesten dute azken
egunean den bizian, eta Jesusek erraiten dio Martari: « zure anaia piztuko da », Martak
errepostu : « badakit piztuko dela azken egunean, hilen piztean ». Jesusek zuzentzen du erranez:
« ni naiz piztea eta bizia, nitan sinetsiz bizi dena, ez da hilen sekulan, hilik ere, piztuko da » Erran
nahi du ez dela biziko gero, bainan oraidanik bizi dela.
« Ni naiz bizia eta piztea ». Horrek erran nahi du, herioak ez gaituela Jainkoaren ganik
berexiko, herioa garaitua da Jesusen pizteaz. Jesusek Lazaro heriotzetik libratu duelarik, Jesusek
erakutsi du gizadia heriotzetik libratua dela. Paulorekin girixtinoek erraiten ahal dute: « nun duk,
Herio, heure garaipena ? » Deusek ez gaitu sekula baztertuko Jainkoaren amodioaren ganik, ez eta
heriotzeak ere.