GARIZUMAKO 5. IGANDEA B 2018-03-18
SARRERA
Anai-arrebok, joan den igandean bezala, gaurko ebanjelioa ere, Biziaz mintzo zaigu; letra handiko Biziaz; baina gaurkoak beste ikuspuntu bat dakar. Gaurko honen arabera, letra handiz idazten den Bizia, heriotza onartuz bakarrik eskura daiteke. Ez da ezinbestekoa heriotza fisikoa; baina bai «ni» faltsuaren heriotza, egoismoaren heriotza.
Bestalde, gora jasoko nautenean, jende guztia nigana erakarriko dut, dio Jesusek. Adierazi nahi du, ezen inportanteena ez dela mezu eder bat agertzea, baizik maitasuna agertzea. Jesus gurutzean ikustea maitasuna bizi-bizirik ikustea da.
Jesus ez da masokista. Kristaua ez da masokista. Kristo ez dabil heriotzaren bila. Kristaua ez dabil sufrimenaren bila. Letra handiko Biziaren bila dabil; halere, badaki, azaleko ongizatea aldera batera uztera behartuko duela biziaren bila ibiltze horrek.
Azkenik, greziar batzuk Jesus ikusi nahi dute. Jesus ikustea ez da ikuste hutsa. Beste begi batzuekin begiratzea da, beste era batean bizitzea da. Jesusek nire bihotza, begiak, mihia, eskuak etab. uki ditzan nahi izatea da.
Jesus maitea, emadazu zu ikusi nahi izateko gogoa eta irrika.
LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (31,31-34)
Entzungo dugun testua hau ulertzeko, jar gaitzen Jeremiasen lekuan: Jerusalem hiria suntsitu egin dute; juduan bakaturik gelditu dira: batzuk Palestinan, beste asko Babiloniara deportatu dituzte. Egoera horretan, Jeremiasen bidez, Jainkoak agertu nahi die bera ez dela ahaztu herriaz.
Jeremias profetaren liburuko hogeita hamaikagarren eta hogeita hamabigarren kapituluek «Kontsolamenduaren Liburua» deitu ohi dena eratzen dute. Jeremiasek herriari etorkizun hobea iragartzen dio hor.
Profetaren arabera, Jainkoak harreman berriak hasi nahi ditu herriarekin. Ez dira izango aspaldiko haiek bezalakoak; aspaldiko haiek kanpoko taula edo liburuetan oinarritzen ziren.
Oraingoan, Jainkoak bihotz berria ezarriko dio gizakiari. Eta bere legea, kanpoan ez, baizik bihotz berri horretan ezarriko dio.
Gauza bat, batez ere, izan behar da kontuan: gizakiaren egoera edo izaera berri hori Jainkoaren dohaina dela. Dohain horri harrera ona egitea dagokio gizakiari
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (5,7-9)
Hebrearrei egindako idazki honetan, Jesusek Jainkoaren nahia nola bete duen azpimarratzen da. Oliamendiko gertaera gogoratzen du; hartan, Jesus Aitari mintzo zaio heriotzatik libra dezan eskatuz. Otoitz horrek indartu egin du Jesus bere egitekoa betetzeko; Aitak ez dio eman eskatu diona; ez du libratu heriotzatik; baina indarra eman dio bere egitekoa betetzeko. Azken batean, Jesusek ulertu du eta onartu, funtsezko gauza, ez dela beraren bizitza fisikoa, baizik Jainkoaren aintza. Eta Jainkoaren aintza, gizakia aske eta libre izatea da. Horretarako onartu du Jesusek gurutzean hiltzea.
Jesusen jarrera hau esanahi handikoa da guretzat. Askotan, otoitz egiten dugunean, zerbait eskatzen diogunean, esango litzateke Jainkoa behartu egin nahi izaten dugula gure nahia bete dezan. Baina Gure Aita esatean, haren nahi egin dadila eskatzen dugu. Hondo-hondoan hau da kontua: Jainkoari argia eta indarra eskatzea, munduan dugun geure egitekoa bete ahal izateko. Egiaz hau esan ahal dezagun: Jainkoaren laguntzarekin, zerbait egin dut, mundu honetan gizakiaren egoera osoa hobetzeko: gizatasunezko egoera eta erlijiosoa hobetzeko.
EBANJELIOA san Joanen liburutik (12,20-33)
Gaurko ebanjelio osoa esaldi honen inguruan gauzatzen da: Iritsi da «ordua» Jesusen honen aintza ager dadin.
Ordua. Joanen ebanjelio osoan, inportantzia handia ematen zaio «Ordua» hitzari. Adibidez, Kanako ezteietan, Amak esaten dionean ezkongaiek ez dutela ardorik, Jesusek erantzuten dio: Oraino ez da iritsi nire «Ordua».
Gaurko pasarte honetan hiru aldiz errepikatzen da hitz hori. Ez da erlojuak seinalatzen duen ordua. Une erabakitzailea adierazten du. Jainkoaren Aintza agertuko den «Ordua» da; Jainkoaren maitasuna agerian jarriko den «Ordua» da. Ordu horrek, gurutzean hiltzearen ordu horrek, Jainkoa zer den agertzen digu: Jainkoak bere buru-eskaintza osoa egin du gizon-emakumeen alde.
Senideok, izan dezagun gogoan beti Ebanjelioko paradoxa hau: heriotza eta garaipena, heriotza eta bizia; heriotzaren bidez lortzen da letra handiko Bizia. Jainkoak nahi dezala gure ORDUA ere Jesusenaren antzekoa izatea. Jesusen «orduan» bezala, esan ahal dadila gurean ere: harea-ale bat baino aski gehiago eman dio munduari, bertako egoera hobetzeko.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: esperantza-emaile izan gaitezen, munduko etsipenaren kontra. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan Garizuma ospatzen ari garen guztientzat: aldi berezi honetan, jakin dezagula kateak hausten: bizitza erosoari eta konpromisorik gabekoari lotzeak ezarri dizkigun kateak hausten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Bere herria askatu nahiz, borroka bizia egin beharra sentitzen duten guztientzat: beren gogo beroa arrazoiaz eta maitasunez bideratzen jakin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garen guztientzat: kontuan har dezagula, geure bizitza eskainiz munduan egin beharreko testigantza. Eska diezaiogun Jaunari.