GARIZUMAKO BOSGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Batasun berria )
Jeremi profetaren liburutik 31, 31-34
31 Hau dio Jaunak: huna heldu egunak,
Izrael etxearekin eta Juda etxearekin Batasun berria eginen baitut.
32 Ez heien arbasoekin egin nuen Batasuna bezalakoa,
Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean:
nere Batasuna, heiek hautsi zuten,
ni heien nagusia izanik ere.
33 Bainan huna Izrael etxearekin eginen dutan Batasuna,
egun horien ondotik, dio Jaunak.
Nere Legea barne barnean ezarriko diotet, bihotzean idatziko.
Ni heien Jainkoa izanen naiz, eta heiek nere herria izanen dira.
34 Ez dute elkarri irakaste beharrik izanen,
elkarri diotela: “ Ezagutazu Jauna!”
Denek, ttipi ala handi, ezagutuko bainaute, dio Jaunak.
Barkatuko diozkatet beren hobenak,
eta heien bekaturik ez dut gehiago gogoan izanen.
Izrael ez dabil bide xuxenetik, Egiptotik atera eta Jainkoarekin egin Batasuna hautsia du.
Bainan profeta ez da etsitua: denak galduak direla iduri duenean, orduan du Jainkoak zerbait
aurkitzen gizonaren bihotza hunkitzeko. Profetaren berezitasuna, alabainan, hori da: ikustea nun
muskil berriak sortzen ari diren : “Huna heldu egunak, Izrael etxearekin eta Juda etxearekin batasun
berria eginen baitut.” Batasuna, erran nahi baita, gizonak , berez, Jainkoa ez dezakeela ezagut,
Jainkoa arras bertzelakoa delakotz. Orduan Jainkoak berak dauku erranen nor den: Aita, gizonarekin
maitasunezko harremanetan sartu nahi duen aita.“Batasun berria“ eginen du.“Ez heien arbasoekin
egin nuen batasuna bezalakoa, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean…” Orduan Jainkoak
Moisi eman legea harrian finkatua zen, eta lege hura Izraelek ez zuen begiratu.
Orai Batasun berri huntan :“ Nere legea barne barnean ezarriko diotet, bihotzean idatziko.“
Jainkoaren legea gizonak berea egin dezan, lege horrek gizonaren bihotzean idatzia izan behar du.
Erran nahi baita gizonaren bihotza behar dela aldatu.
“Ni heien Jainkoa izanen naiz, eta heiek nere herria izanen dira… denek ttipi ala handi
ezagutuko bainaute…” “Ezagutu” hitz horrek, biblian, erran-nahi berezi bat badu; ez du bakarrik
adimenduz ezagutzen dena adiarazten. Bihotzak bakarrik ezagut dezakena adierazi nahi du. Eta
Jainkoa bere herriari bihotzaren mintzaira hortan mintzo zaio.
Salmoa 50
Leloa: Bihotz garbia ezar ni baitan,
Zure argia heda dezadan!
Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hain duzu eta neurrigabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Bihotz garbia ezar nitan,
Eta funtsezko xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik, ez ni haiza,
Ez, izpiritu saindua kenduz, huts bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza;
Zerurateko gogo zabalak bete neza.
Gaixtoak ditut argituko,
Bekatoreak zu ganat dire itzuliko.
Urrikal zaite nitaz…Izrael da hor barkamendu galdez ari, Babiloniako desterrutik itzuli
ondoan. Bainan zer bekatu egin du ? Bekatu horri erraiten zaio idolatria. Erran nahi baita zorionaren
iturria ez dela Jainkoa baitan bilatzen bainan Jainkotik kanpo. Profetek bekatu hori zenbatetan ez dute
salatu!
Idolatria, gure izpiritua itsutzera uztea da, bere helbideez beterik, Jainkoarentzat lekurik utzi
gabe, zorionaren iturri bakarra Jainkoa delarik bizkitartean ! Jeremi profetak ez zuena idazten : «
Nor dute ofentsatzen ? Ni ala beren buruak ? » (Jr 7, 19). Alabainan Jainkotik baztertuz guhauren
malurra dugu egiten.
Bihozberritzea Jainkoak berak ardietsi behar dauku. Hori diogu salmo huntan galdatzen :
« Garbi nezazu..Zure begitik, ez ni haiza…Ez, Izpiritu Saindua kenduz, huts bihotza…Pitz berriz
nitan zure boza… »
Bigarren irakurgaia
( Kristoren obedientzia, salbabide )
Hebrearreri epixtolatik 5, 7-9
Kristo Jaunak,
7 bere giza biziko egunetan
deiadar handiz eta nigarrez egin zion otoitz eta galde
heriotzetik salba zezakeen Jainkoari;
eta bere obedientziarengatik entzuna izan zen.
8 Semea izanik ere,
Pasioneko oinazeen bidez ikasi zuen obeditzen.
9 Horrela, bere beterat heldu-eta,
betiko salbamenduaren iturri bilakatu da
obeditzen dioten guzientzat.
Gutun hau judueri mintzo mintzo zaiote. Jeremi profetak aipatu Batasun berria, ( ikus gorago)
Jesus baitan bete da, Jesus osoki Jainko eta osoki gizon baita. Gizon-Jainkoak bere baitan jainkoa eta
gizakia elgarr lotu ditu. Osoki gizon zelakotz Jesusek sofritu du eta beldurrak hartu du heriotzearen
aitzinean. “Deiadar handiz eta nigarrez egin zion otoitz eta galde Jainkoari”“Eta bere
obedientziarengatik entzuna izan zen” dio Paulok. Entzuna ? Ez ote zuen hil behar?
Idazleak diolarik Jesus entzuna izan zela, hau du erran nahi: Aitaren nahia onartu zuela
konfiantxa osoan, eta hola zuela Jesusek munduari salbamendua ekarri.
Salbamendua zer da ? Jainkoa ezagutzea, den bezala, eta amodioak biziarazten gaituela!
Kristori obeditzea, hori da, gure sofrikario guzien erditik Jesusi konfiantxa egitea, eta haren bidez
Aitari. Konfientzia egitea, sinestea da Jainkoak gure zoriona duela oroz gainetik nahi, gure bizian
gertatua gertatu.
“Otoitz egizue tentazionean ez erortzeko” otoitz egitea zer da ? Otoitz egitea Jainkoarekin
har-emanetan egoiteko, Hari konfientzia eginez.“Egin bedi zure nahia“, ez nerea. Badakit hori nere
onetan dela.
Ebanjelioa
Jesu Kristo, guri mintza, argi gure bihotza !
Gizonaren Semea, gurutzean altxatua,
Zure bitartez daukate denek bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 12, 20-33
20 Bazkokari Jainkoaren adoratzera Jerusalemerat igan zirenen artean
baziren Greziar batzu.
21 Galilea Betzaidako Filiperen ganat hurbildu ziren,
eta galde hau egin zioten:
“Jauna, Jesus ikusi nahi ginuke.”
22 Filipe Andreri erraitera joan zen, eta biek Jesusi erran zioten.
23 Orduan Jesusek ihardetsi zioten:
“Etorria da Gizonaren Semearen aintza agertuko den ordua.
24 Egiaz egiaz diozuet: ogi-bihia lurrerat erori eta hiltzen ez bada,
bera bakarrik gelditzen da;
bainan hiltzen bada, fruitu ainitz emaiten du.
25 Bere bizia maite duenak galduko du;
bainan mundu huntan bere biziari atxikia ez denak
betiko bizirako begiratuko du.
26 Nere zerbitzaria izan nahi duena jarraik bekit;
eta ni non naizen, han izanen da nere zerbitzaria ere.
Nere zerbitzari dena, nere Aitak ohoratuko du.
27 Durduzatua dut orai barnea. Eta zer erran?
Aita, atera nezazu oren huntarik?
Bainan ez! Hain zuzen, oren huntarako etorria naiz!
28 Aita, ager zazu zure izenaren aintza!”
Orduan mintzo bat zerutik etorri zen :
“ Aintza agertu dut eta berriz ere agertuko.”
29 Han zagon jendeak, mintzoa entzunik, ihurtzuria zela zion;
beste batzuek, berriz, zioten: “Aingeru bat mintzatu zaio.”
30 Bainan Jesusek ihardetsi zioten:
“ Mintzo hori ez zen neretzat, bainan zuentzat.
31 Orai jujatua izanen da mundu hau:
orai kanporat botatua mundu hunen buruzagia;
32 eta nik, lurretik altxatuko nautenean,
denak nereganat erakarriko ditut.”
33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzez hilen zen adiarazten zuen.
“Etorria da Gizonaren Semearen aintza agertuko den ordua”, erran nahi baita Jainko bezala
agertuko den ordua. Aintza hitza behin baino gehiagotan erabilia da testu huntan. Erran nahi du:
ager zaite maitasunezko Jainko bezala, Aita bezala.. Hainbertze ideia makur badugu Jainkoaz.
Erakusteko noradino doan Jainkoaren amodio hori, Jesusek kurutzea onartu du.
Ondotik huna Jesusen garaipena. “Orai kanporat (botaia) da mundu hunen buruzagia…Eta
nik, lurretik altxatuko nautenean, denak nere ganat erakarriko ditut, Aintza agertu dut eta berriz ere
agertuko…mintzo hori ez zen neretzat bainan zuentzat” zuen Jesusek ihardetsi. Bai, zuentzat, ikus
dezazuen noradino doan nere neurrigabeko maitasuna…