ATE BAT ZABALIK Joan 11,1-45
Garizumako 5. igandea A 2020-03-29
Harrapatuegi gauzka «honakoago» [oraingo mundu] honek, «haratago» [geroko mundu] hartaz arduratu ahal izateko. Nahasten eta esklabotzen gaituen bizi-erritmoak mendean harturik, eguneroko albisteen eta gertaeren informazio itogarriak josirik, garapen teknikoak eskura jartzen dizkigun erakargarritasunez liluraturik, ematen du, ez dugula mugitzeko leku dugun «bizitza hau» baino zeruertz zabalagoren beharrik.
Zertan pentsatu «beste bizitza batean»? Ez ote da gauza zentzuzkoagoa, gure indar guztiak mundu honetan geure bizitza ahalik hobekien antolatzen eralgitzea? Ez al genuke saiatu behar oraingo bizitza hau eman ahal guztian bizitzen, gainerako guztia isilik utziz? Ez al da hobe bizitza hau onartzea beraren iluntasun eta enigmekin, eta «haratagoko» hura alde batera uztea, ezertan ere ezagutzen ez dugun misterio denez?
Halaz guztiz, gaur egungo gizakiak, beste aro guztietakoak bezala, badaki norberaren izatearen hondoan badela ezkutuan galdera bat, erantzuteko seriosagoa eta zailagoa dena: zer izango da gu guztion eta gutako bakoitzaren azkena? Gure ideologia edo fedea edozein delarik ere, aurrez aurre dugun zinezko problema geure geroa dugu. Zein azken dugu zain?
Peter Berger-ek errealismo sakonaz gogoratu digu: «gizarte oro, azken batean, aurrez aurre heriotza duen gizon-emakumeen talde bat da». Horregatik, hain justu, heriotzaren aurrean ageri ohi da argienik «egungo zibilizazioaren egia, ─gauza kuriosa─ ez baitaki zer egin heriotzarekin, hau ezkutatzen saiatu baizik eta iskin egin baizik ahalik gehien beraren erronka tragikoari.
Sakonagoa ematen du pertsona batzuen jarrerak; Eduardo Chillidarenak, adibidez, behin batean hitz hauek jaulki baitzituen: «Heriotzaz, arrazoiak esaten dit erabatekoa dela. Arrazoiaz, arrazoiak esaten dit mugatua dela».
Hemen dugu kokatu behar fededunaren jarrera, bai baitaki aurre egiten, errealismoz eta errespetuz, heriotzaren bazterrezineko gertaerari, baina Kristo piztuagan duen errotiko konfiantzatik jokatzen duelarik. Konfiantza bat, «kanpotik» ezin ulertu dena eta, noizbait, bere izatearen hondoan Jesusen hitz hauek aditu dituenak bakarrik bizi dezakeena: «Neu naiz piztuera eta bizia». Sinesten al duzu hau?
Jose Antonio Pagola