GARIZUMAKO LAUGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Jaunak Dabid hautatzen bere herriaren errege )
Zamuelen lehen liburutik 16,1.6-7 . 10-13
Egun heietan, Jaunak erran zion Zamueli:
1 Zaul baztertu dut, Izraelen errege izan ez dadin.
Bete zazu adarra olioz, eta zoazi,
Betleemeko Jezerenganat igortzen zaitut,
haren semeen artean begiztatu baitut errege eginen dutana.”
6 Harat heldu zelarik, Eliab, Jezeren semeetarik bat ikusi-eta,
Zamuelek egin zuen bere baitan:
“ Dudarik gabe, hau da Jaunak gantzutu nahi duena .”
7 Bainan Jaunak erran zion Zamueli:
“ Ez beha horren itxurari, ez eta luzeari, bazterrerat utzia baitut.
Jainkoaren begia ez da gizonaren begia;
gizonak itxurari dio behatzen, Jainkoak aldiz bihotzari.”
10 Jezek bere zazpi semeak ekarri ziozkan Zamueli,
bainan Zamuelek erran zion:
“ Jaunak ez du horietarik nehor hautatu.
11 Ez ote duzu beste semerik?”
Jezek ihardetsi: “ Bai, gazteena, ardi zain dabil.”
Orduan Zamuelek erran zion Jezeri:
“Igor-azu haren bila: ez gira mahainean jarriko hura jin arte.”
12 Jezek beraz ekar-arazi zuen.
Ile gorria zen, begi ederra, ikustekoa mutila.
Eta Jaunak erran zion Zamueli:
“ Xuti zaite eta gantzu zazu, hori da!”
13 Zamuelek hartu zuen olio-adarra,
eta gantzutu zuen bere anaien erdian.
Egun hartarik aitzina, Jaunaren Izpirituak hartu zuen Dabid.
Chartres-eko katedralaren berina-lehio ederrenetarik edo bederen zaharrenetarik hau da:
berinaren beherean, ohe mihise xuri baten gainean, estalgi gorri batekin, Jeze hor dago etzana. Bere
jauntzia urdina da, urrezko xingolarekin; tiara bat buruan. Bere gorputzaren erditik arbola bat
sekulako aldaska koloretsuekin sortzen zaio eta berinaren gaina betetzen. Taula bakotxaren erdian,
Jerusalemeko errege bat, enbor hortarik jalia.
Jezetik ateratu erregeetan, lehena Dabid izan da, eta egia erran, Jeze bere semearen bitartez
da ezagutua. Ez dakigu deus haundirik Jeze hortaz : mila urte J.K. aintzin bizi izan da Betlemen;
denbora hartan herrixka ez ezagutua. Bibliak erraiten du Ruth, kanpotiar bat, izan zuela amatxi.
Alabainan, Jeze ezagutua izan da soilki Dabiden aita izana gatik. Ainitz eta ainitzen arbasoa izana
gatik, arbola horrek badu, profeten arabera, eta katedraleko berinen arabera, etorkizun haundia.
Has gaitezen ixtorioa aldetik. 1200 bat urte J.K. aintzin, Ebrearrak Palestinan sartu dira.
Mende bat hor gaindi, hamabi leinuak bizi izan dira. Lokarri bat badute elgarren artean: ixtorio
berdina eta fede bera Jainkoan « Egiptotik atera gaituena », Jainkoari zor diotela libertatea onartuz.
Hamabi leinuetan orroitzapen hortan dira, jendeak sortzen eta bizitzen. Politika mailan aldiz, ez da
berdintasunik. Arrisku bat leinu batean agertzen delarik, « salbatzaile » edo « juje » deitzen den bat
altxatzen da, armada bat altxatzen du, eta gero lanjera urrundua delarik, bakotxa badoa bere etxerat.
Etsaiak baitituzte, hala nola Filistiarrak, indar guziak lotuko dituen errege baten nahikundea eta
beharra sortzen da izraeldarren artean. Lehena Zaul izan zen, 1030-1010 J.K. aintzin. Bainan, bat
baino gehiagotan, Jainkoari desobeditu du, bere bokazionetik urrundu. Jainkoak ordezkatuko duela
eta bertze errege bat hautatuko erraiten dio Zamuel profetak. Beraz, hautu hau dugu irakurri
irakurgai huntan: Jezek zortzi seme ditu. Jainkoak Zamuel igortzen du hautua egiteko. Harrigarri
dena, Jainkoaren kontseiluen arabera, Zamuelek ez du ez lehena, ez haundiena, ez indartsuena
hautatzen, bainan gazteena, artzaina dena bere abereekin landan. Hain xuxen, Dabid ttiki hori da
Izraelgo errege haundiena bilakatuko.
Zamuelen hautu huntan, hiru gauza ikasten ditugu. Erregea, Jainkoaren hautetsia da bainan
hautu hori, bokazionea bezala, misione batentzat da. Izrael populua Jainkoaren hautetsi den bezala
gizadiaren zerbitzari, Izraelgo erregea Jainkoaren hautetsi da populuaren zerbitzatzeko. Jainkoaren
hautuak misteriozkoak dira: errege hori hautatzea, jenden ikus moldean, harrigarri da, harrigarri den
bezala populu hori hautatzea. Dabid ttikia, Izraelgo populu ttikia, Betlemeko herrixka, horiek
guziek ez dute deus haundirik jenden begiak bereganatzeko.
Bigarrenekorik, erregeak gantzudura errezebitzen du ; « mesias »hitzak « gantzutua » erran
nahi du. Ondotik, errito hori garrantzitsua bilakatuko da : “Bete zazu adarra olioz eta zoazi,
Betleemeko Jezerenganat igortzen zaitut, haren semeen artean begiztatu baitut errege eginen
dutana, » dio Jaunak Zamueli.
Hirugarrenekorik, gantzutze horrek Jainkoaren Izpiritua du erregeari emaiten. « Zamuelek
hartu zuen olio-adarra, eta gantzutu zuen bere anaien erdian. Egun hartarik aitzina, Jaunaren
Izpirituak hartu zuen Dabid. » Hortik goiti, erregeak Jaunaren saindutasunean parte hartzen du,
presuna sakratu bilakatzen da eta Jainkoa bera du ordezkatzen. Beraz, mundua gobernatuko du, ez
munduko izpirituarekin, bainan Jainkoaren ikus moldearekin, ez baitu deus ikustekorik gizonen ikus
moldeekin. « Jainkoaren begia ez da gizonaren begia; gizonak itxurari dio behatzen, Jainkoak aldiz
bihotzari.. »
Joan den igandeko irakurgaiek « entzutera » gomitatzen gintuzten. Ez edozoin entzute.
Konfiantxari doakon entzutea. Egun, garizumako laugarren igande huntan, « behatzea » da nagusi.
« Bihotzarekin da ongi ikusten; beharrena ez da begiekin ikusten » zion Antoine de St-Exupéry
idazleak. Eden baratzean, Adamen ixtorioan, behatzea da nagusi : sugearen betaurrekoak, erran nahi
baita ustekeriarenak, okerrak dira. Garizumaren helburu bat hau da: bertzela behatzen ikastea.
Salmoa 22
Leloa : Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Jauna dut artzain: ez naiz egonen beharrean,
Zer gainetarat nerabilan.
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan, pitz hor arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa:
Haren izena zoin gozoa.
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau ta egun.
Banago-eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Egun irakurri salmoa, laburrenetarik da. Biziki mamitsua baita, lehen girixtinoek bazko
aratseko hautatu zuten. Gau hartan, hain xuxen, bataiatu berriek, uretik ateratzean, salmo hau
kantatzen zuten beren lehen komunioneari eta fedearen aitormenari buruz zoatzila. Horra zergatik
salmo huni eman zaion izena « girixtino lehen irakaspenaren salmoa ».
Izraelentzat, biziaren misterioa Elkargoan, Jainkoaren baitan den bizia, salmo hunek ongi
erraiten zuen, eta ondorioz bataiatuen bizi miresgarria girixtinoek hor ikusi dute. Jainkoak nola
populu hori duen hautatu, azkatasun osoz, misterio bat da. Belaunaldi guziak hautu hortaz bai eta
proposatu Elkargoaz miresten dira, eta Jaunak hautatu populuak behar diote bertzeeri atea ideki.
Fededunaren zoriona erakusteko, salmo hunek bi esperientzia kondatzen ditu: lebitikoarena
eta beilariarena. Izrael apez zoriontsu bat bezala da, Jauna baitan baitu bere bizitokia. « Nik grazia
eta zoriona ditut lagun, nere bizian gau ta egun. Banago-eta Jaun zerukoa den etxean, epe luzerik
luzenean. ». Nor dira apez (lebita) horiek ? Hasera liburuaren arabera, Lebi Jakoben hamabi
semeetarik da, hek baitute hamabi leinueri beren izena eman. Bainan Lebiren leinuak toki berezi
bat badu : Lur Hitzemanaren partiketak egin zirelarik hamabi leinuen artean, leinu hunek ez zuen
bertzeek bezalako partea ukan ondare, tenploaren zerbitzuari emana izan behar baitzuen. Jainkoak
berak izan behar zuen heien ondare. Bertze salmo batek dio : « Zu zira, Jauna, nere bihotzaren sari,
nere ondare; zutan Jauna ene zoriona, ene ondarea. »
Esker onezko sakrifizio bat eskaintzeko, tenplorat etorria den beilariaren itxura du ere
Izraelek. Tenploari buruz doan beilari ardi bateri konparatzen da : artzaina, Jainkoa du. Bibliako
lema ezagun bat da: Ekialde Hurbilean, gorteko mintzairan, erregeak populuaren artzain izendatzen
ziren. Ezekiel profetak bere gain hartu zuen itxura hau : Zaul eta Dabiden ondotik, artzain anitz
ukan zuen populuak, bainan zoin guti Jainkoaren begikoak. Harek bakarrik du merezi Artzain
onaren izena, bere artaldearen beharreri zain dagona. « Jauna dut artzain, ez naiz egonen
beharrean; ur bazterreko pausa lekurat banerama, pitz dakitan hor, pitz arima. »
Beila bat galbide izan daiteke: salmoak hori aipatzen du. Bidean, beilariak etsaiak aurki
dezazke: « Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri »; heriotzea hurbil ukan dezake: « Ilunbez ala
gaitz-erreketan joanik ere, nik ez beldurrik, hor baitzare » ; bainan zer nahi izana gatik ere, ez da
beldur, Jainkoa berekin dago: « zure begia, zure makila hor direno, badut nik bake, badut gozo ».
Tenplorat heldu ondoren, esker onezko sakrifizioa du beilariak egiten usaiako bazkarian parte hartu
aintzin. Bazkari hori lagunen arteko besta bilakatzen da, « basoan badut gaindiz gaindi », usain ezti
eta gozo.
Lehen girixtinoek salmo huntan aurkitu dutela beren fedearen esperientziaren adiarazteko
bidea, ongi konprenitzekoa da : Jesus bera da egiazko artzaina. Bataioaz ditu heriotzearen leizetik
ateratzen, bizia berritz emaiten ur bazterrerat eremanez; mahain antolatua, baso bete betea,
komunioneko apairua du aitortzen; usain ona buruan, fedearen aitormena da. Aldi huntan ere,
girixtinoek, txoratuak, ikusten dute Jesusek ez duela deus kentzen bere populuaren esperientziari,
bainan ba betetzen, osoki betetzen, bururaino eremaiten.
Bigarren Irakurgaia
( Argian bizi )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5,8-14
Haurrideak,
8 lehen ilunbe zinezten, orai aldiz argi Jaunaren baitan.
Ibil zaitezte argiaren seme bezala,
9 argiaren fruitua baitago on, zuzen eta egia diren guzietan.
10 Ikus zer zaion atsegin Jaunari.
11 Ez ibil ilunbeetako egintza alferretan, bainan sala-zkitzue.
12 Jende horiek gordeka egiten dutena
aipatzeko ere ahalgetu behar da.
13 Bainan argiak salatzen duen guzia, agerian gelditzen da;
14 eta agerian gelditzen dena argi bilakatzen.
Hargatik erraiten da:
Atzar zaite, lo zaudena, jeiki hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu.
« Atzar zaite, lo zaudena, jeiki hilen artetik, eta Kristok argituko zaitu. » Bataiokari usu kantatzen
zen abestia. Arbola berriaren fruituak -bataiatuarenak- egintza argitsuak dira. Bataioa aintzin,
ilunbe zinezten eta zuen fruituak ilunbeetako egintzak ziren. Eta lore ubelak agertzen diren bezala
xertatua den arbolaren gainean.
Jondoni Pauloren arabera arbola berriaren fruituak, dena ongi, zuzentasun, maitasun dira.
Aldiz, ongi, zuzentasun eta maitasun ez diren guziak, arbola zaharraren muskil tzarrak dira. Nork
egin zaitezkete argiaren fruitu ? Jesu Kristok, hura baita dena ongia, dena zuzentasun, dena
maitasuna. Landare bat iduzkiari beha dagon bezala lorea emaiteko, eskain zuen burua Haren
argiari. « Atzar zaite, jeiki »; gizon-emaztearen azkatasuna da eskatua. Kristok argituko zaitu;
harek bakarrik du egiten ahal. Jondoni Paulorentzat, profeta guzientzat bezala, argia Jainkoaren
izaitea da. Beraz, « Kristok argituko zaitu » erraitea, bi gauza erraitea da : lehenik, Kristo Jainko
dela; bigarrenekorik, Jainkoarekin bizitzea, zuzentasunean, ongian eta maitasunean bizitzea dela.
Jesusek dion bezala, ez da aski « Jauna, Jauna » erraitea, Jainko Aitaren nahia egin behar da,
Harek baitu bere haur guzien axola.
Ebanjelioa
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza
Zu munduaren argia zira, Jesu Kristo!
Jarraikitzen zaitzunak ukanen du biziaren argia!
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 9,1-41
Tenplutik ateratu-eta,
1 bidean zoalarik, Jesusek ikusi zuen gizon bat sortzetik itsua.
Irakurgai laburrean hemen geldi
2 Bere dizipuluek galdegin zioten:
“ Rabbi, nork egin du bekatu, hau itsu sortzeko,
hunek, ala hunen aita-amek?”
3 Jesusek ihardetsi: “ Ez berak, ez eta aita-amek.
Bainan Jainkoaren egintzak behar zuen hunen baitan agertu.
3 Ni igorri nauenaren egintzak bete behar ditugu, argi deno;
heldu da gaua, nehork ez baitezake lanik egin orduan.
5 Munduan naizeno, munduaren argia naiz.”
6 Horiek erran eta, tu egin zuen lurrerat,
tuaz lohia egin, eta itsuaren begiak lohiaz torratu.
7 Gero erran zion: “ Zoazi garbitzera Ziloeko ur-askarat.”
(Ziloek “igorria” erran nahi du )
Joan zen beraz itsua, garbitu eta itzuli, ikusten zuela.
8 Beraz, auzoek, eta lehenago ikusten ohi zutenek,
eskalea baitzen, erraiten zuten:
“ Ez ote da hori jarririk eske egoiten zena?”
9 Batzuek zioten: “Bai, hura da.”
Besteek aldiz: “ Ez, haren iduriko norbait da.”
Harek ordea, zion: “ Bai, ni naiz.”
10 Erran zioten beraz: “ Nola ideki zaizkik begiak?”
11 Harek ihardetsi:
“ Jesus deitu gizonak lohia egin du, begiak hartaz torratu dauzkit,
eta erran daut: Zoazi Ziloerat eta garbi zaite.
Joan naiz, garbitu eta ikusten hasi.”
12 Heiek erran zioten: “ Non duk hura?”
Harek ihardetsi : “ Ez dakit.”
13 Baderamate Farisauetarat itsu izana.
14 Bada, larunbata zen Jesusek lohia egin
eta begiak ideki ziozkan eguna.
15 Orduan, Farisauek ere galdegin zioten nola hasi zen ikusten.
Harek erran zioten:
“ Lohia ezarri daut begietan, garbitu naiz eta ikusten dut.”
16 Farisauetarik batzuek zioten:
“ Gizon hori ez dator Jainkoarenganik,
ez baitu larunbateko atseden-eguna begiratzen.”
Beste batzuek, berriz, zioten:
“ Nola egin ditzazke gizon bekatore batek holako ezaugarriak?”
Eta ez ziren bat elkarren artean.
17 Berriz ere erran zioten itsuari:
“ Hik, zer diok hartaz, begiak ideki baitauzkik?”
Harek errepostu: “ Profeta dela.”
18 Bainan Juduek ez zuten sinetsi nahi
gizon hura itsu izan eta ikusten hasi zela.
19 Beraz haren aitamak deitu, eta galdegin zioten :
“Hau ote da zuen semea, itsu sortu zela diozuena?
Nolaz du, bada, orai ikusten ? ”
20 Aitamek ihardetsi zioten:
“ Badakigu hau gure semea dela eta itsu sortu zela.
21 Bainan orai nola ikusten duen, guk ez dakigu;
eta begiak nork ideki diozkan, guk ez dakigu.
Galdegiozue berari, adina badu bere berri emaiteko.”
22 Aitamek hola ihardetsi zuten Juduen beldur zirelakotz.
Juduak alabainan hitzartuak ziren odukotz,
zinagogatik kanpo ezarria izanen zela
Jesus Mesias zela aitortzen zuena.
23 Horra zergatik aitamek erran zuten:
adina badu, galdegiozue berari.
24 Farisauek itsu izana bigarren aldikotz deitu eta erran zioten:
“ Emak goresmen Jainkoari!
Guk bazakiagu gizon hori bekataria dela.”
25 Harek ihardetsi: “ Bekataria den ala ez, nik ez dakit.
Dakitana da, itsu nintzela eta orai ikusten dutala.”
26 Heiek erran zioten orduan:
“ Zer egin dauk? Nola ideki dauzkik begiak?”
27 Gizonak ihardetsi zioten:
“ Jadanik errana dautzuet, eta ez nauzue entzun.
Zergatik nahi duzue berriz ere aditu?
Ala zuek ere haren dizipulu izan nahi duzue?”
28 Heiek laidoz estali eta erran zioten:
“ Hi haiz haren dizipulu;
gu aldiz, Moisen dizipulu gaituk.
29 Guk, bazakiagu Moisi mintzatu zaiola Jainkoa;
bainan hori nondikakoa den ez zakiagu.”
30 Gizonak ihardetsi zioten :
“ Hori da bai harrigarria!
Zuek ez jakin nondikakoa den, eta horrek neri begiak ideki!
31 Badakigu Jainkoak ez dituela bekatariak entzuten,
bainan jainkotiarra dena eta haren nahia egiten duena
hura entzuten duela.
32 Sekulan ez da aditu
norbaitek itsu sortu bati begiak ideki dizkiola.
33 Gizon hori ez balitz Jainkoaren ganikakoa, ez lezake deus egin.”
34 Heiek ihardetsi zioten:
“ Sortzetik dena bekatu izanki eta hik gu eskolatu behar?”
Eta kanpora bota zuten.
35 Jesusek jakin zuen kanpo ezarri zutela,
eta harekin buruz buru eginik erran zion:
“ Sinesten duzu gizonaren Semea baitan?”
36 Harek ihardetsi:
“ Eta nor da, Jauna, haren baitan sinets dezadan?”
37 Jesusek erran zion : “ Ikusten duzu; mintzo zaitzuna bera da.”
38 Harek orduan: “ Sinesten dut, Jauna!”,
eta aitzinean ahuspez eman zitzaion.
39 Jesusek erran zuen orduan:
“ Jujamendu baterako etorri naiz ni mundu huntarat:
Ikusten ez dutenek ikus dezaten,
eta ikusten dutenak itsu bilaka ditezen.”
40 Jesusekin zauden farisau batzuek, hori entzunik, erran zioten:
“ Gu ere itsuak ote gira?”
41 Jesusek ihardetsi:
“ Itsu bazinezte, ez zinukete bekaturik.
Baina ikusten duzuela baitiozue,
zuen bekatuak irauten du.”
« Ziloe » hitzaren erran-nahia Jondoni Joanik emaiten dauku: « igorria ». Xehetasun hunek
garrantzi haundia du hemen : alabainan itsu-sortuaren ixtorio guziak, Jesu Kristo nor den eta zer
egiten duen du bere gai nagusia.
Eman gaitezen Jesusen inguruan bizi zirenekin. Heientzat, galde hutsa da jakitea Jesu Kristo
« Jainkoak igorria » ote den edo ez, aspaldian igurikatzen dena edo gezurti bat? Bere bizi guzian
galde hau entzunen da: Mesias ote da, bai ala ez? Egungo gertakaria, itsu sortuarena, Jerusalemen
gertatzen da, Juduen besta egun haundienean, oihal-etxolen bestan, Mesias igurikatzen den besta
egunean. Jondoni Joanik erraiten dauku, Jesus, bertze Judu kartsuek bezala, Jerusalemerat igan zela
karia hortara. Alabainan, gauzak aski gaizki doatzi harentzat. Jadanik auzia nabari da: agintari edo
jende xume, denek galde bera dute. Nor da Jesus deitzen den hori ? Etsaiak baditu, etsai ezagunak,
eta behin baino gehiagotan harrikatzera entseiatu dira. Halere, Jerusalemerat heldu da eta tenploan
mintzo.
Zertaz eta norentzat ari den, xehetasunak emaitera entseiatzen da bainan ez entzuna. Duela
zenbat denbora, adibidez, hemen bertan Jerusalemen, xabat egunean, gizon herbail bat sendatu du.
Aski ongi badaki Moisek galdetu duela xabat egunean pausa errespetatzea, otoitz egiteko eta Biblia
irakurtzeko. Orduan, norentzat dauka bere burua? Gehiago dena, sendatze hortaz xabat egun batez,
bere etsaieri erraitera atrebitu da : ez juja itxuraren arabera, juja zuzentasunaren arabera! Alta, Judu
guziek badakite Jainkoak baizik ez duela jujatzen eta hura bakarrik dela zuzena. Egungo lehen
irakurgaiak oroitarazten dauku: « gizonak itxurari dio behatzen, Jainkoak aldiz bihotzari. »Holako
hitzak erraiten dituenak ez du bere burua nor nahirentzat hartzen… eztabadak ez du aterabide onik
eta harrikatu nahi dute. Eskapatu da, bainan ez luzaz. Ateratzen da beraz tenplotik; egun ere, xabat
eguna da, eta itsu bat topatzen du.
Ikus ditzagun buruz-buru Jesus eta itsu-sortua. Lehenik Jesusek lohia egiten du eta hartaz
itsuaren begiak torratzen; eltzeegilearen jestuak. Kreazionearen eltzegilearenak : lurreko
errautsarekin Jainkoak gizona egin zuen. Gero itsua joaiten da garbitzera Ziloe deitu ur-askarat;
orduan da sendatzen. Gure bataioaz orroitzen gira. Gero Jesusek bertze argi batetarat idekitzen du
itsua, fedearen argirat. Kreazionean, Jainkoak ere bi jestu egin zituen : errautsarekin gizona zuen
moldatu, bertze abere guziak bezala, eta gero, gizonaren baitan bizia zuen buhatu. Hau da
Jainkoaren obra: kreazionea lehenik, eta gero bere hatsa, bere bizia partekatzeko proposamena,
gomita. Eta hunek Jesu Kristo baitan du bere helburua.
Itsu-sortuarekin Jesusek bere kasua gaizkontzen du eta eztabadak indartzen. Alabainan, itsu
bat sendatzea Jainkoaren egintza da. Jalgitza Liburuan bada bertset bat judu guziek ezagutzen
zutena: Moisek erran zuenean « ezin dut, ez dakit mintzatzen » Jainkoak ihardetsi zion : « Nork du
gizonari eman mintzoa? Nork du elkor eta mutu egiten ? Nork itsu edo ikusdun ? Ez ote nik, Jaunak
? » Jesusek erakutsi nahi izan du munduko argia dela; harek du jende oro argitzen.