Jainkoaren maitasuna
eta gizakiaren erantzuna (Joan3,14-21)
Garizumako 4. igandea B (2018-03-11)
Gaurko hiru irakurgaiei begiratu arin bat emate hutsaz, beren artean erlazio argia dutela ikusiko dugu: Jainkoaren maitasuna. Lehen irakurgaian, Babilonian erbesteraturik zeuden juduen askapena eragin du maitasun horrek. Bigarrenean Paulok dio: «Jainkoa, errukiz aberatsa, maite gintuen maitasun handiaz…». Ebanjelioan, guztiz ezaguna den esaldia idatzi du Joanek: «Halako moduan maite zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion munduari». Testuak mantsoago irakurtzen baditugu, gauza sakonago batez jabetuko gara: maitasun hori, alegia, barkatuz agertzen duela Jainkoak, gorabehera desberdinetan eta askotariko arrazoiz barkatuz; aldi berean, gure erantzuna eskatzen duela. Hobe dugu, testuak idatzi ziren hurrenkera kronologikoan irakurri. Horrenbestez, azkenerako utziko dut Efesoarrei egindako gutuna.
Juduentzat barkamena, emana dien hitzaren leialtasunean oinarriturik. Aurkituko ote erantzunik? (1. irakurgaia: 2 Kronikak 36,14-16.19-23)
Lehen irakurgaiak Babiloniara garamatza, K.a. 539. urtera; juduek han mende erdi bat daramate, desterruan. Hiria Ziroren, errege pertsiarraren, mende erori da, eta haiek libre uztera eragin dio Jainkoak. Mende erdiko esklabotza arrazoitzeko, israeldarren bekatuaz hitz eginez hasi da testua; bekatua ez da egintza jakin batera mugatzen, historia luze bat izan du. Idolatriari eta hasiera bateko leialtasun-faltei, Jainkoak pazientziaz erantzun die: bere mezulariak bidali dizkie, bihotz-berritzera dei eginez. Baina juduek mespretxatu egin dituzte eta iseka egin diete. Orduan, Jainkoaren gupidak haserreari utzi dio lekua, eta babiloniarrek tenplua erre dute, Jerusalemgo harresia eraitsi dute, eta jendetza handia deportatu. Hainbat urte beranduago, Jainkoaren jarrera aldatu egin da berriro, eta juduak aske uztera eragin dio Pertsiako Zirori.
Zer dela-eta aldaketa hau? Itun Zaharrean hedatuena zen burubidearekin bat, herria, zigorra jasan ondoren, bihotz-berritu egin da eta Jainkoak barkatu. Okerren bat egin duen haurraren kasuan bezala: amak errieta egin dio, haurrak barkazioa eskatu eta amak barkatu.
Alabaina, lehen irakurgai honetan ez da ageri herria damutu izanaren ideiarik. Jainkoak, barkatu eta Zirori herria aske uztera eragin izanaren arrazoi bakarra, promes egin zionari leial izan nahia du. Amaren adibidera itzuliz, haurrari esan balio bezala: «Egin dezazuna egin dezazula ere, barkazioa izango da nire azken jarrera». Eta barkatu dio, haurra damutu gabe; hain juxtu, emandako hitza betetzeko.
Nola erreakzionatu dute juduek albistearen aurrean? Testuak ez dio ezer, baina ezaguna dugu: gutxi batzuk Judara itzuli ziren, dena arriskatuz, zer aurkituko ez zekitela; beste batzuek nahiago izan zuten Babilonian gelditu. (Amerikako Estatu Batuetako zenbat afroamerikar egongo litzateke prest bere arbasoen jatorrira itzultzeko?)
Barkazio unibertsala, maitasunean oinarritua, onartua nahiz ukatua izan daitekeena (Joanen ebanjelioa 3,14-21)
Ebanjelioak, Jainkoaren maitasunaren eta barkazioaren gaia, era unibertsalean fokatzen du. Ez da mintzo Jainkoaren maitasunaz Israel herriari dionaren aldetik, baizik eta mundu osoari dionaren aldetik. Baina maitasun hori ez zaio gertatu, ez erraza, ez erosoa, irudika genezakeenaren aurka: bere Semearen heriotza kostatu zaio. Gainera, ebanjelioak asko azpimarratu du gizakiaren erantzuna: barkazio hori onartu egin behar da fedeaz, Jesus Jainkoaren Semetzat eta Salbatzailetzat aitortuz. Mila bider esan eta entzun dugu hori; agian, ordea, ez gara jabetu, apaltasun-egintza handi bat eskatzen duela horrek; izan ere, hiru gauza aitortzea eskatzen du:
a) bekatari naizela, behin ere gauza atsegina ez badut ere;
b) ezin salbatu dudala neure burua, nire harrokeriaren kontra doan aitorpena;
c) beste bat dela, Jesus alegia, salbatu nauena; duela hogeita bat mende bizi izan zen norbait, bere garaiko agintari politiko eta erlijiosoek heriotzara galdu zutena, zeina, gaur egun, jende askok pertsona on huts bat edo profeta handi huts bat izan zela uste duena.
Ebanjelioko metaforaz baliatuz, argi-foku indartsu bat gure gainera etorriko balitz bezala da, gure ahuldadea eta ezintasuna agerian ipiniz. Guztiak ez daude prest apaltasun-egintza hirukoitz hau egiteko. Nahiago dute fokuari ihes egin, ilunpean jarraitu, beren burua atzipetuz, ostrukak bezala burua lurrean estali hutsez. Beste batzuk, ostera, nahiago dute argira jo, hartan salbazioa eta biziaren zentzua aurkitzeko.
Barkazioa paganoentzat gupidan oinarrituz. Erantzuna: fedea eta egintza onak (2. irakurgaia: Efesoarrei 2.4-10)
Ebanjelioak aipatu duen salbazio unibertsala, jatorri paganoko elkarte jakin batean zehaztua ikusi du Efesoarrei egindako gutunak: Efeso hiriko elkartean (gaur egungo Turkiako hiria da Efeso). Bihotz-berritu aurretik, hilik zeuden efesoarrak bekatuaz, zertzelada astungarri batekin: Jainkoak ez zien egina salbazio-promesik, Babiloniako erbestean zeuden juduen kasuan ez bezala. Halaz guztiz, barkatu egin die. Zergatik? «Errukiz aberatsa» delako, «maite gintuen maitasun handiagatik», «onginahi hutsez». Hauxe da San Paulok beste testuinguru batean honela deitzen duena: «Jainkoak mende askotan ezkutuan eduki zuen misterioa»: alegia, paganoak ere bere seme-alaba dituela, israeldarrak bezain seme-alaba. Jainkoaren maitasunaren froga honek erantzuna espero du, fedean eta egintza onak egitean zehaztua.
Azken gogoeta
Garizumaren testuinguruan, bekatuaren eta zigorraren aldea azpimarratzen duenaren aldetik, liturgiak beste behin gogorazten digu ezen gure fedea «berri onean» (ebanjelioan) oinarritzen dela, Jainkoaren maitasunaren berri onean, alegia. Guk, efesoarren, korintoarren, tesalonikarren ondorengo garenok, aitortu beharra dugu, haiek bezala, Jainkoaren dohain eta erregalu dela den-dena, eta ez gure merezimendu, eta onginahi horri erantzun beharra dugula geure fedeaz eta Jainkoak berak gomendatu dizkigun «egintza onei» bihotzez emanik.
José Luis Sicre