ARGIRA HURBILDU (Joan 3,14-21)
Garizumako 4. igandea B (2018-03-11)
Irudi dakizuke, oharpen ezkorregia dela, baina hau da egia: pertsonak urtetan bizi gaitezkeela geugan gertatzen denaz ideiarik izan gabe. Eguna joan eguna etorri bizi gaitezke, ikusi nahi ezta, zerk duen egiaz mugitzen gure bizitza eta, jakin gabe, zeinek dituen egiaz gure barnean erabakiak hartzen.
Ez da trakeskeria edo adimen-eskasia baten kontua. Gertatzen dena da, sumatzen dugula, era gutxi-asko ohartuan, gauzak argiago ikusteak aldatzera eragingo ligukeela. Ematen du, behin eta berriz betetzen direla gugan Jesusen hitz hauek: «Oker jokatzen duenak amorrua dio argiari eta ihes egiten dio, beldur baita beraren jokabidea agerian geldituko den». Izua diogu geure burua garen bezala ikusteari. Gaizki sentitzen gara gure bizitzan argia sartzen denean. Nahiago izaten dugu itsu jarraitu, egunez egun geure engainuak eta ilusioak janarituz.
Larriena, ordea, beste hau da: irits daitekeela une bat, zeinetan, itsu izanik, uste izango baitugu den-dena argi eta den bezala ikusten dugula. Zein gauza erraza izaten den orduan bizitzea nork bere burua ezagutu gabe eta galderarik ere egin gabe sekula: «Nor naiz ni?» Zein gauza erraza izaten den orduan uste izatea xaloki, neure buruaz dudan irudi azaleko hori naizela, oroitzapenez, esperientziez, beldurrez eta desioez moldaturiko hori.
Zein gauza erraza izaten den orobat uste izatea, errealitatea nik ikusten dudan bezalakoa dela juxtu, kontuan izan gabe nik ikusten dudan kanpoko mundu hori, bizi dudan barne munduaren isla dela hein handian eta elikatzen ditudan desioen eta gurariena. Zein gauza erraza izaten den halaber neure harremanak izatea, ez benetako pertsonekin, baizik eta neuk haietaz moldatua dudan irudi eta etiketarekin.
Idazle handia izan zen Hermann Hesse-k, bere Mi credo liburu txikian, jakinduriaz betean, idatzi zuen: «Beldurrez, esperantzaz, irrikaz, asmoez, eskakizunez kontenplatzen dudan gizakia ez da gizaki bat; soil-soilik, nire nahimenaren isla lauso bat da».
Segur aski, geure bizitza eraldatu nahi izaten dugunean, geure urratsak bide jatorragoetara bideratuz, gauzarik funtsezkoena ez da izango aldatzeko ahalegina bera. Lehen gauza begiak irekitzea izango da. Galdetzea, bizitzan zeren bila nabilen. Ohartuago izatea nire bizitza mugitzen duten gurariez. Aurkitzea eguneroko nire bizitzaren azken arrazoia.
Hartzen ahal genuke tartetxo bat galdera honi erantzuteko: zergatik nabil neure buruari eta Jainkoari iheska hain bizi? Zergatik dut nahiago, azken batean, engainaturik bizi, argi bila ibili gabe? Jesusen hitz hau entzun beharko genuke: «Egiaren arabera diharduena argira hurbiltzen da, ikusteko, egiten duen guztia Jainkoak inspiratua dela».
Jose Antonio Pagola