GARIZUMAKO HIRUGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Moisen bidez Jainkoak ura emaiten bere herriari )
Jalgitza liburutik 17,3-7
3 Egun heietan, Izrael herria egarri zen,
eta Moisen kontra marmar ari zen:
“ Zergatik atera gaituzu Egiptotik?
Gu eta gure semeak eta abereak egarriak hiltzeko?”
4 Moisek Jaunari oihu egin zion:
“ Zer egin behar dut herri hunekin?
Laster harrikatuko naute.”
5 Jaunak Moisi erran zion:
“ Jar zaite herriaren aitzinean,
eta ereman zurekin Izraelen zahar batzu;
har eskuan Nilo ibaia jotzeko erabili zinuen makila, eta zoazi.
6 Ni, zure aitzinean egonen naiz, Horeb mendiko harkaitz gainean.
Zuk, harkaitza jo, eta ura sortuko da handik,
eta edanen du herriak”
Eta Moisek hala egin zuen Izraelen zaharren aitzinean.
7 Toki hari Maza eta Meriba izen eman zion,
( hau da tentaleku eta auzileku )
han Izraelen semeek gogor egin baitzioten Jaunari
eta mehatxuka erran:” Jauna gure artean ote dago, bai ala ez?”
Egiptotik ateratu eta Izrael herria Lur Hitzemanari buruz doa, basamortuan barna. Bainan
zer egarria, eta urik ez edo biziki guti. Noren faltaz ? Marmarikan ari da jendea : Mois hori !
Egipton hain untsa ginen. Jatekoa eta edatekoa ausarki baginuen. Libre behar dugula izan, bainan
zergatik ? Basamortuan hiltzeko ? Ez ote da hobe esklabo eta bizi, libre eta hilik baino ?
Bainan Moisen kontrako jazarraldiak beste norbait harrapatzen du : Jainkoa bera. Sutan zen
sasitik Jainkoak manatua zion Moisi : « Zoazi Egiptorat eta handik atera zazu ene herria ». Bainan
zer da Jainko hori herria libratzeko, basamortuan egarriz hilarazi behar duena ?
Orduan Moisek Jainkoari oihu zion : “Zer egin behar dut herri hunekin? Laster harrikatuko
naute”? Jainkoak errepostu : Har zeure makila, jo harroka eta ura jauziko zaio, ni han izanen naiz,
eta herriak edanen du. “Eta Moisek hola egin zuen Izraelgo zaharren aitzinean.”
Ur burrusta, zer goxoa! Bainan hori baino aise gehiago ere da : herriak segurtamena badu
Jainkoa berekin duela, eta harek deramala libertatearen bidean. Alta Moisek eta Jainkoak berak
herriaren alderat susmo gaixtoak bazituztela uste ukan zuten. Jainkoari ez zioten konfiantza egin.
Eta hori huts larria izan zen. Horra zergatik, Izraelen oroitzapenean, leku harek Refidim bere izena
galdu zuen, Maza (gogor-egin) eta Meriba (Desafio) deitzen zituela Moisek berak.
Basamortuko nekeen aitzinean herriak Jainkoaz dudatu zuen, Moisi erraitean : “Zergatik
atera gaituzu Egiptotik? Gu, gure seme-alabak eta gure abereak egarriz hiltzeko?”
Duda hori, edo tentazione hori, gurea ere da. Gure gaitz guzien erroa dela erran daiteke. Edeneko
baratzean gertatu zena zer izan zen ? Konprenitzen ez zuen manamendu baten aitzinean, susmoa
Adamen gogoan sartu zen : beharbada Jainkoak ez du nahi gizakiaren zoriona. Frogapean eta
sofrikarioa gainerat erortzen zaizkigularik guk ere lanak ditugu Jainkoari konfiantza egiten eta
pentsa dezakegu : Jainkoak zinez nahi ote du libre eta zoriontsu izan nadin ?
Jesusek Gure Aita erakasten ziotelarik dizipulueri, hain zuzen hori zuen helburu : konfiantza
sortu eta azkartu bihotzetan. « Ez gaitzazula utz tentamendutan erortzera » itzul daiteke hunela :
Egizu gure Refidimak Maza bilaka ez daitezen, edo bestela erran, gure frogaldiak ez daitezen
dudaldi bilaka.
Salmoa 94
Leloa : Guziek egun, bihotzez dugun Jauna entzun!
Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari.
Joan gitzaiola soinuz ari, Jaunari denak jauz kantari!
Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari!
Zatozte haren otoizteko: Gauden ahuspez belauniko.
Jaunak eginak garelako, Hura dugu bai denek Jainko.
Gu Jaunarena den jendea, Eskuz dabilan artaldea.
Egun agian, zuek egun, Jainko Jaunaren deia entzun.
Ez bihotz gogor, otoi, izan, Nola Meriban eta Mazan.
Aitek han gogor egin zuten, Nik eginer hotz egon ziren.
Salmo hunen azken bertsetetan hau irakurtzen dugu : “Ez bihotz gogor, otoi, izan, nola
Meriban eta Mazan…” Gure fede-biziaren harat-hunat guzia hortan datza : “Egun agian, zuek,
egun, Jainko Jaunaren deia entzun.” Jainkoari konfiantza egin nahi diogu ala ez ? Gure
konfiantzaren frogaldia izan daiteke eritasuna, pena haundiak, anitz gisetako ezinak, gure
libertatearen mugak. Hots, gure ahalak murrizten dituen zerbait, gure botere-gosea zapatzen duen
zerbait. Fedea, orduan, konfiantza da, itxurak kontrakoak badira ere : Jainkoak libre eta zoriontsu
nahi gaitu. Gure gabeziatik, ahuleziatik, ezinetik jauzaraziko du piztea. Konfiantza beharra, maiz
guretzat, onartzea izanen da ezin dugula gertatzen den guzia konpreni. Jainkoa, ardura, ezin
konprenitua da. Orduan konfiantzak gaitu salbatzen eta Petrik bezala erraiten dugu : “Jauna,
norenganat joan gintezke? Zuk dituzu betiereko bizia emaiten duten hitzak” (Jn 6,68). Markek bere
Ebanjelioan idazten duenean :”Bihozberri zaitezte eta sinetsazue Berriona”, ez ote dugu konprenitu
behar Berrion hori sinesgarria dela, hortan fidatzen ahal girela, beraz Jainkoari konfiantza egiten
ahal diogula.
Konfiantzaren hautua egun guziz berritzekoa da : “Egun agian, zuek egun, Jainko Jaunaren
deia entzun.” Egun guziz entseatzen ahal gira Jaunaren entzutera, erran nahi baita hartan fidatzera,
hartan bermatzera harroka batean bezala :”Zatozte, kanta Jainkoari, pizten gaituen Harrokari.”
Horra hor fedezko aitorpen bat, basamortuko esperentzian finkatua : Harroka bizi-iturri ! Geroztik
Biblian erranen da ardura : Jainkoa Izraelen harroka! Guretzat ere nolaz ez? Geroago jondoni
Paulok erranen du harroka hori kristo dela. Zer da Kristo-harroka baino sendoagorik eta
fidagarriagorik, zer Kristo-iturria baino gozoagorik?
Bigarren irakurgaia
( Jainkoaren amodioa ixuria izan da gure bihotzetarat )
Jondoni Paulok Erromanoeri 5,1-2.5-8
Haurrideak,
1 fedeaz Jainkoak zuzen egin gaituenaz geroz,
bakean gaude harekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker.
2 Huni esker, fedearen bidez, sartu gira gauden grazia huntarat,
eta harro gaude,
Jainkoaren aintzan parte izanen dugulako esperantzan.
5 Esperantzak ez du enganatzen,
Jainkoaren amodioa ixuria izan delakotz gure bihotzetarat,
emana zaikun Izpiritu Sainduari esker.
6 Alabainan, oraino indarrik gabe ginaudelarik,
bere tenorean Kristo hil da gaixtoentzat.
7 Bai, nekez onar lezake norbaitek
presuna zuzen batentzat hiltzea;
beharbada, baliteke norbait presuna on batentzat
hiltzeko prest izaitea.
8 Bainan, Kristo guretzat hil da, gu oraino bekatoros ginelarik:
Jainkoak hola erakusten du guretzat duen maitasuna.
Jondoni Paulorentzat bekatua Jainkoaren baitako konfiantzaren kontrakoa da, fedearen
kontrakoa. Bekatua, Paulorentzat, susmoa da. Adamek badu susmo tzarra Jainkoak ez duela maite,
parabisuaren erdian den zuhaitzaren fruiturik ez jateko manatzen diolakotz. Susmo tzarra bekatu
bada, Jainkoaganik berexten du.
Adamen susmo hori bera Izraeldarretaz jabetu zen Mazan eta Meriban, lehen irakurgaian
ikusi dugunaz. Basamortuko nekeez, bereziki egarriaz, lehertua, herriak uste ukan du Jainkoak
haren heriotzea nahi zuela. Alderantziz Jesus Jainkoaren alderateko konfiantza osoan egon zen
basamortuan tentatua ezarria izan zelarik. Debruari ihardetsi zion :”Jendea ez da ogiz bakarrik
biziko, baizik Jainkoaren ahotik atera hitz oroz.” Eta Jesusek otoitz egiten erakusten daukularik
“egin bedi zure nahia”, Jainkoaren nahi hori ontzat dauka. Halaber Getsemaniko baratzean erraiten
duelarik, oinazeen artetik : “Zure nahia egin dadila eta ez enea”, Jainkoa zintzoa dela aitortzen du.
Azkenik, ohar gaiten bi gauza haueri. Lehenik, pasarte huntan Paulo Trinitatea bere betean
agertzen dauku : Aitak « zuzen » « justu » egin gaitu (bestela erran : « Ontzat hartu » gaitu), Jesus
Kristok grazian (erran nahi baita Jainkoaren amodioan) finkatu gaitu, Izpiritua emana izan zauku,
Jainkoaren beraren amodioz betetzen gaituela.
Bigarren oharra : Paulo iraganean mintzo da. Jainkoak ontzat hartu gaitu (ez « hartuko »
geroan, jadanik « hartuak » gaitu ; Jainkoaren egintza « iragana » da), Jesu Kristok grazian finkatu
gaitu (egina da) eta Izpiritua emana izan zauku. Hori guzia urririk da, dohain hori onartzen dugu
batere merezitu gabe. Beharrik ! Nork zer « merezi » du ? Bainan zein nekez onartzen dugun grazia
urririk, kitorik dela…
Ebanjelioa
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Munduaren salbatzailea, zu zira, Jauna !
Emaguzu ur bizia, ez gira gehiago egarrituko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 4,5-42
Egun hartan,
5 Jesus heldu zen Zikar deitu Zamariako hirirat,
Jakobek bere seme Josepi eman zion lurraren ondorat.
Han zen Jakoben putzua.
6 Jesus, bidean akiturik, putzu hegian jarri zen.
Eguerdi ingurua zen.
7 Etorri zen Zamariako emazte bat, ur ateratzera.
Jesusek erran zion: “ Emadazu edatera.”
8 Alabainan, dizipuluak hirirat joanak ziren,
jateko erostera.
9 Emazte zamariarrak erran zion:
“ Nola zuk, judua izanki eta,
eskatzen dautazu edatera neri,
Zamariar emazte bati?”
( Juduek, alabainan, harremanik ez dute Zamariarrekin )
10 Jesusek ihardetsi zion:
“ Bazinaki Jainkoaren dohainaren berri,
eta nor den zuri erran dautzuna: emadazu edatera,
zuk eskatuko zinion,
eta harek ur bizia emanen zaitzun.”
11 Emazteak erran zion:
“ Jauna, ez duzu deusik uraren ateratzeko, eta putzua barna da;
nondik aterako duzu ur bizi hori?
12 Gure aita Jakobe baino gehiago ote zira zu?
Harek eman zaikun putzu hau
eta berak hortarik edan zuen,
bai eta haren semeek eta abereek.”
13 Jesusek ihardetsi zion:
Ur huntarik edaten duena berriz ere egarrituko da.
14 Nik emanen diotan uretik edaten duena aldiz,
ez da sekulan egarrituko.
Zeren nik emanen diotan ura
betiereko bizia darion iturri bilakatuko zaio bere baitan.”
15 Emazteak erran zion:
“ Jauna, emadazu ur hori, berriz egarri ez nadin,
eta hunat urketa etortzerik izan ez dezadan!”
16 Jesusek erraiten dio:
“Zoazi, dei egiozu senarrari eta zato berriz hunarat.”
17 Emazteak ihardetsi: “Ez dut senarrik.”
Jesusek berriz:
“Ongi erran duzu ez duzula senarrik,
18 Ezen bost izan dituzu, eta oraikoa ez da zure senarra.
Bai hortan egia diozu.”
19 Emazteak erran zion:
“ Jauna, ikusten dut profeta zirela.
20 Gure arbasoek mendi huntan adoratu zuten Jainkoa;
zuek, juduek, aldiz, Jerusalemen adoratu behar dela diozue.”
21 Jesusek erran zion:
“ Emaztea, sinets nezazu: heldu da tenorea,
ez baituzue Aita ez mendi huntan, ez Jerusalemen adoratuko.
22 Zuek ez dakizue zer adoratzen duzuen;
guk badakigu zer adoratzen dugun,
salbamendua Juduenganik heldu baita.
23 Bainan badator ordua, eta orai da, egiazko adoratzaileek
Aita izpirituz eta egiaz adoratuko baitute.
Holako adoratzaileak nahi ditu Aitak.
24 Izpiritu da Jainkoa, eta hura adoratzen dutenek
izpirituz eta egiaz adoratu behar dute.”
25 Emazteak erran zion:
“ Badakit Mesias, erran nahi baita Kristo,etortzekoa dela.
Etorriko delarik, berak erakutsiko dauzkigu gauza guziak.”
26 Jesusek erran zion:
“ Ni naiz Mesias, zuri mintzo nitzaizun hau.
27 Ordu berean etorri ziren dizipuluak,
eta harritu ziren emazte batekin solasean ari zelakotz.
Halere nehork etzion erran:
Zer galdatzen diozu, edo, zergatik mintzo zira emazte horrekin?
28 Emazteak, pegarra han utzi, hirirat joan eta jendeari erran zion:
29 “ Zatozte,
nik egin dutan guzia erran dautan gizon baten ikustera.
Ez ote da hori Mesias?”
30 Jendea hiritik atera zen, eta Jesusenganat zoan.
31 Anartean, dizipuluak otoizka ari zitzaizkion:
“Irakasle jauna, jan zazu.”
32 Bainan Jesusek erran zioten:
“Nik janari bat badut jateko, zuek ez dakizuena.”
33 Dizipuluak elkarri galdezka hasi ziren:
“Norbaitek jatera ekarri ote dio?
34 Jesusek erran zioten:
“ Nere janaria, igorri nauenaren nahia egitea da,
eta haren (salbamen) egintza bururatzea.
35 Ez ote duzue erraiten zuek:
Lau hilabeteren buruan uzta dugu?
Bainan nik diozuet:
Altxa begiak eta ikus alorrak, uztarako horituak.
36 Jadanik uzta egilea bere sariaren hartzen ari da,
eta betiko bizirako fruituaren altxatzen,
ereilea eta uzta egilea, biak batean bozkaria daitezen.
37 Erran zaharrak egia dio: Batek erein, besteak uzta bil.
38 Nik igorri zaituztet landu ez duzuenaren biltzera;
beste batzuek lan egin,
eta zuek heien lanaren ondorioak altxa.”
39 Hiri hartako Zamariar ainitzek Jesusen baitan sinetsi zuten,
emazteak egin aitormenarengatik:
Egin dutan guzia erran daut.
40 Beraz,Zamariarrek, Jesusenganat etorri zirenean,
heiekin egoiteko eskatu zioten,
eta bi egun egon zen han.
41 Ainitz gehiagok sinetsi zuten haren baitan,
beraren erranarengatik,
eta emazteari erraiten zioten:
42 “ Orai ez dugu zuk erranarengatik bakarrik sinesten.
Guhaurek entzun dugu, eta badakigu
Hau dela egiazki munduaren Salbatzailea.”
Herriko iturririk ez da gehiago ikusten. Zenbat harreman Biblian, zenbat ezkontza
bideraturik iturriaren inguruan. Abrahamen mutilak iturri baten ondoan aurkitu zuen Rebeka,
Isaaken emaztea izanen zena; iturri baten ondoan maitatu zuen Jakobek Raxel. Iturri baten ondoan
hasi zuen Jesusek Jondoni Joaniren Ebanjelioko elkarrizketetarik famatuena, Zamariako emazte
batekin.
Jesus Zamarian barna zoan, Galilearateko bidean. Judeatik urrun doa, han farisauek begitan
hartzen ari baitute. Eguerdi iria da. Zergatik emaiten du Joanik xehetasun hori? Urketa joaiteko
tenorea zelakotz, ala argi betearen tenorea delakotz: eta horra, hain xuxen, munduaren argia
ateratzen dela Zamariaren gainerat, Mesias agertzearekin.
Farisauen ustetan, Zamariak bazuen bihozberritzearen beharra. Judatarren eta Zamariarren
arteko samurgoa aspaldikoa zen. Alabainan, Zamaria hiri nagusia Asiriarrek hartu zuten 721ean
Jesu Kristo aitzin. Irabazlearen politika da lekuko jendearen desterratzea eta haren lekuan jende
arrotza ezartzea. Erregeen bigarren liburuak dio : “ Asiriako erregeak Babilon, Kut, Aba, Hamat eta
Sefarbaim hirietako jendea hartu eta Zamariako hirietan kokarazi zuen, Izraeldarren tokian. Jende
hura, Zamariaz jabeturik, hango hirietan bizi izan zen.” Juduen begietan jende desterratu hori
paganoa da, beren erlisione eta Jainkoekin jina. Hortik mespretxu eta aihergo handia heretiko horien
alderat. Konpreni dezakegu gaurko Ebanjelioko Zamariar emaztea zergatik harritzen den Judu
batek, Jesusek, zerbait galdegin dezon.
Jesusek egiazko dohaina eskaintzen dio :”Bazinaki Jainkoaren dohainaren berri, eta nor
den erran dauzuna : emadazu edatera.” Jainkoaren dohaina Jesus bera da, hura ezagutzea. Jesusek
berriz erraiten du gauza bera, bere azken otoitzean: “Betiereko bizia huntan da : ezagut zaitzaten
zu… eta zuk igorri duzun Jesus Mesias” (Jn 17,3). Jerusalemeko farisauen ustez heretikoak
izanagatik, Zamaritarreak ere Mesiasen beha daude. Zamaritar emazteak hala dio Jesusi : “Badakit
Kristo deitu Mesias etortzekoa dela. Etorriko delarik, berak erakutsiko dauzkigu denak.” Borondate
ona erakutsi duelakotz, galdegin duelakotz zer egin behar den Jainkoari atsegin emaiteko, Mesias
ezagut dezakete : “Ni naiz, zuri mintzo nitzaizuna.”
Kondaira huntan guzian Joanik konprenitzera emaiten dauku Mesiasen etortzearekin
munduaren aurpegia aldatua dela : galdera guziek beren errepostua ukan dute, beteak dira epeak.
Hemendik harat kultua ez da leku bati eratxikia, tenplo ala mendi. Ur bizia fededun ororen
bihotzean jauzten da : “Nik eman uretik edaten duena ez da sekulan egarrituko. Bainan nik emanen
diotan ura bilakatuko zaio betiereko biziraino darion iturri bat.” Jesusek “emaitea” aipu du behin
eta berriz : amodiozko Jainkoarekin dena dohain eta barkamendu da. Eta Jesusek « betiereko
biziraino darion iturri bat » aipu duenean, beharbada erran nahi du fededunen bihotzetik darion
urak beste batzuren egarria ere hil dezakela. Nola nahi ere Zamaritar emazteak hori bizi du, hirian
oihukatzera baitoa : « Mesias aurkitu dut. »