Moises, emakume samariarra eta mozkor bat (Joan 4,5-42)
Garizumako 3. igandea A (2020-03-15)
Garizumako 3 A, 4 A eta 5 A igandeetako ebanjelioak San Joanen ebanjeliotik hartzen ditugu; iturburu (emakume samariarra), munduaren argi (jaiotzetiko itsua) eta bizi (Lazaro berpiztea) bezala aurkezten digute Jesus. Gure premia handienen (ura, argia eta bizia) sinbolo dira eta nola ase ditzakeen Jesusek.
Hiru urketari, hiru ur-mota eta mozkor bat
Garizumako hirugarren igande honetako irakurgaiak izen handiko hiru pertsonaiaz (Jakob, Moises, Jesus) mintzo zaizkigu, uraren dohainarekin erlazionatuak. Munduko alde handi batean, baso bat ur edatea ez da arazo izaten: aski izaten da iturria ireki edo pitxer batetik hartzea. Baina milioika jende da oraino egarriaren tragedia bizi duena, iturburu bat izatea zein dohain handia den dakiena.
Gaurko ebanjelioan, samariar emakumeak gogorazi du, Jakok patriarkak ur-putzu bikain bat erregalatu ziela, hainbat menderen ondoren ere ura ateratzeko aukera ematen diena. Lehen irakurgaian, Moisesek herriaren egarria ase du arrokari kolpeka. Eta ebanjeliora itzuliz, betikotasun osoan iraungo duen iturburua hitzeman du Jesusek.
Itxuraz, arazo bera eta aterabide bera. Baina hiru ur oso desberdinak dira: Jakobenak mendeak iraungo du, baina ez du egarria asetzen; Moisesenak asetzen du egarria, apur batez, denbora jakin batez; Jesusenak beste egarri bat, oso desberdina, asetzen du; Jesusengandik beragandik jaiotzen da eta iturburu bihurtzen da emakume samariarraren baitan. Mirari hau Moisesena baino mugagabeki handiagoa da: horregatik, emakume samariarra, Jesusekiko solasa bukatu orduko, ur-suila putzu ondoan utzi eta herrirantz doa. Ez du jada egunero putzutik igo beharrekoa den ur horren beharrik; barneko iturburua erregalatu dio Jesusek.
Eta mozkorra? Ez du aipatzen inongo testuk. Baina Pauloren Erromatarrei gutuna irakurriz suma dezakegu.
Interpretazio historikoa eta elkartekoa
Kontaerak lehen asmoa, agian, Samarian lehen kristau-elkartea nola eratu zen azaltzea zuen. Eskualde hura mespretxagarri zen juduentzat, hango kultu paganoen ugaritasunagatik usteldutzat ematen baitzuten. Izatez, K.a. VIII. mendean asiriarrek erbestetu egin zuten jende samariar asko eta beren jainkoak bertaratu zituzten bost herriz ordezkatu (2 Erregeak 17,30-31); samariar emakumeak lehenago izan zituen bost senar haiek izango ziren bost herri haien ordezkari; seigarrenak («une honetan duzuna ez duzu senarra»), berriz, Zeus ordezkatuko zuen, beranduago greziarrek bertaratua. Halaz guztiz, juduek samariarrei gorrotoa eta mespretxua dieten bitartean, Jesus han agertu zaie beren eskualdean eta berak fundatu du han lehen elkartea. Samariarrek, azkenean, onartu egin dute Jesus eta titulu tipiko bat eman diote, Itun Berri osoan hemen bakarrik ageri dena: «munduaren Salbatzailea». Lehen elkarte samariar horretan bete da Jesusek ikasleei esana: «batek erein, bestek igitatu». Jesus bera izan zen ereilea, eta ondorengo misiolariek jaso zuten haren egintzaren fruitua. Alabaina, emakume batek burututako garrantzizko zeregina nabarmendu nahi du testuak: Jesusekin berarekin harremanetan ipini ditu emakume horrek bere herrikideak.
Interpretazio pertsonala
Badira bi xehetasun, irakurketa komunitarioa irakurketa pertsonalago batez osatzera behartzen gaituztenak. Lehena, emakume samariarraren ur-suilari egiten dion aipua da. Ura etxera eramateko ekarri du suila; azkenean, Jesusekin hitz egin ondoren, putzu ondoan utzi du. Ez du ur horren beharrik, beste bat desberdina eman dio Jesusek, beraren baitan iturburu bilakatu dena.
Bigarren xehetasuna gertakari bi hauen arteko erlazio estua da: batetik, ura emateko Jesusen promesa da, geroago Jerusalemgo jaietako gonbit bilakatuko dena: «egarri dena, datorrela nigana eta edan dezala» (Joan 7,37-38); bestetik, kalbarioan gertatu dena da: lantzaz zeharkatu dute eta saihetsetik odola eta ura (Joan 19,34) jariatu ditu Jesusek. Gai nagusia oraingo honetan ez da elkartea fundatzearena, baizik eta edozein fededunek Jesusekin duen erlazioa: bere egarri fisikoa asea du fededunak, nahiz eta ur bila joan beharko duen egunero, baina beste egarri bat, desberdina, sentitzen du, Jesusekin zuzeneko harremana eta berarekiko fedea izanik bakarrik asetzen dena.
Beste ur bat eta beste ogi bat
Azken xehetasun bat, pasadizo honetako egundoko aberastasun sinbolikoaz. Emakume samariarrari ahaztu egin zaio edatea. Jesusi ahaztu egin zaio jatea. Ikasleek jatera eragin dioten arren, beste jateko bat du berak, emakumeak beste ur bat duen bezala. Hasieran judu soiltzat hartu du Jesus emakumeak. Gero profetatzat, ezkutuko gauza ezagutzen dituena. Geroago galdera egin dio bere buruari: ez ote da, gero, Mesias?, beraren begirune osoa merezi duena?, nahiz aurreko uste erlijiosoak desegin dizkion?, Jainkoarekiko harreman zuzenak zein diren agertu diona?
Itun Zaharrean batzuetan egarriaren eta uraren metafora erabili ohi da Jainkoaz izaten dugun gogoa adierazteko: «Basahuntza irrikaz errekara bezala, halaxe ni zuregana, ene Jainko» (Sal 42). Jainkoaren eta Jesusen ezagutza berri hori da samariarrak berekin eraman duen ura, ur-suil zaharraren beharrik ez duena, Jakoben putzuaren ondoan geldi baitaiteke.
Hiru polizia hil dira mozkor bat salbatzeko (Bigarren irakurgaia: Erromatarrei 5,1-2.5-8)
A Coruñan gertatu zen 2012ko urtarrilaren 27ko egunsentian. Unibertsitario eslovakiar bat, behar baino gehiago zurrut egina, hondartzan bainatzen saiatu zen, itsasoaren egoerak besterik aholkatzen bazuen ere. Itotzen ari zela, hiru poliziak jo zuten urera hura ateratzeko. Hirurak ito ziren, baita eslovakiarra ere. Sutan jartzen nau jende arduragabe honek, beste jende errugabe bat, norbera baino hobea, arriskuan ipintzen duen honek, alegia.
Baina gertakari honek Pauloren hitzak dakarzkit gogora: «Nekez hilko litzateke norbait pertsona zuzen baten alde; halere, gerta daiteke norbait pertsona on baten alde hiltzeko prest egotea. Baina Kristo, gu artean bekatari ginela hil zen gure alde: honela erakusten du Jainkoak guri digun maitasuna». Gu unibertsitario mozkorraren antzeko gara; geure bizia zoro-zoro arriskatzen badugu, inork ez du berea zertan galdu gu salbatzeko. Halaz guztiz, horixe da Jesusek egin zuena eta hurrengo Pazko jaian ospatuko duguna. Inoiz ere ezin eskertuko duguna era egokian.
José Luis Sicre