Ez ur ez ogi (Joan 4,5-42)
Garizumako 3. igandea A (2017-03-19)
Garizumako 3 A, 4 A eta 5 A igandeetako ebanjelioak San Joanen ebanjeliotik hartzen ditugu; iturburu (emakume samariarra), munduaren argi (jaiotzetiko itsua) eta bizi (Lazaro berpiztea) bezala aurkezten digute Jesus. Gure premia handienen (ura, argia eta bizia) sinbolo dira eta nola ase ditzakeen Jesusek.
Hiru urketari eta hiru ur-mota
Garizumako hirugarren igandeko irakurgaiak izen handiko hiru pertsonaiaz (Jakob, Moises, Jesus) mintzo zaizkigu, uraren dohainarekin erlazionatuz. Munduko alde handi batean, baso bat ur edatea ez da arazo izaten: aski izaten da iturria ireki edo pitxer batetik hartzea. Baina milioika jende da oraino egarriaren tragedia bizi duena, iturburu bat izatea zein dohain handia den dakiena.
Gaurko ebanjelioan, samariar emakumeak gogorazi du, Jakok patriarkak ur-putzu bikain bat erregalatu ziela, hainbat menderen ondoren ere ura ateratzeko aukera ematen diena. Lehen irakurgaian, Moisesek herriaren egarria ase du arrokari kolpeak emanez. Eta ebanjeliora itzuliz, betikotasun osoan iraungo duen iturburua hitzeman du Jesusek.
Itxuraz, arazo bera eta aterabide bera. Baina hiru ur oso desberdinak dira: Jakobenak mendeak iraungo du, baina ez du egarria asetzen; Moisesenak asetzen du egarria, apur batez, denbora jakin batez; Jesusenak beste egarri bat, oso desberdina, asetzen du; Jesus beragandik jaiotzen da eta iturburu bihurtzen da emakume samariarraren baitan. Mirari hau Moisesena baino mugagabeki handiagoa da: horregatik, emakume samariarra, Jesusekiko solasa bukatu orduko, ur-suila putzu ondoan utzi eta herrirantz doa. Ez du jada egunero putzutik igo beharrekoa den ur horren beharrik; barneko iturburua erregalatu dio Jesusek.
Interpretazio historiko eta elkartekoa
Kontaerak lehen asmoa, agian, Samarian lehen kristau-elkartea nola eratu zen azaltzea zuen. Eskualde hura mespretxatu egiten zuten juduek, hango kultu paganoen ugaritasunagatik usteldutzat ematen baitzuten. Izatez, K.a. VIII. mendean asiriarrek erbestetu egin zuten jende samariar asko eta beren jainkoak bertaratu zituzten bost herriz ordezkatu (2 Erregeak 17,30-31); samariar emakumeak lehenago izan zituen bost senarrak izango ziren bost herri haiek; seigarrena, («une honetan duena ez duzu senarra»). berriz, Zeus izango zen, beranduago greziarrek bertaratua. Halaz guztiz, juduek samariarrei gorrotoa eta mespretxua dieten bitartean, Jesus han agertu zaie beren eskualdean eta berak fundatu du han lehen elkartea. Samariarrek, azkenean, onartu egin dute bera eta titulu tipiko bat eman diote, Itun Berri osoan hemen bakarrik ageri dena: «munduaren Salbatzailea». Lehen elkarte samariar horretan bete da Jesusek ikasleei esana: «batek erein, bestek igitatu». Jesus bera izan zen ereilea, eta ondorengo misiolariek jaso zuten haren egintzaren fruitua. Alabaina, emakume batek burututako garrantzizko zeregina nabarmendu nahi du testuak: Jesusekin berarekin harremanetan ipini ditu emakume horrek bere herrikideak.
Interpretazio indibiduala
Badira bi xehetasun, irakurketa komunitarioa irakurketa pertsonalago batez osatzera behartzen gaituztenak. Lehena, emakume samariarraren ur-suilari egiten dion aipua da. Ura etxera eramateko ekarri du; azkenean, Jesusekin hitz egin ondoren, putzu ondoan utzi du. Ez du ur horren beharrik, beste bat desberdina eman dio Jesusek, beraren baitan iturburu bilakatu dena. Bigarren xehetasuna gertakari bi hauen erlazio estua da: batetik, ura emateko Jesusen promesa da, geroago Jerusalemgo jaietako gonbit bilakatuko dena: «egarri dena, datorrela nigana eta edan dezala» (Joan 7-37-38); bestetik, kalbarioaren gertatu dena da: lantzaz zeharkatu dute eta saihetsetik odola eta ura (Joan 19,34) jariatu ditu Jesusek. Gai nagusia orain ez da elkartea fundatzearena, baizik eta edozein fededunek Jesusekin duen erlazioa: bere egarri fisikoa asea du fededunak, nahiz eta ur bila joan behar duen, baina beste egarri bat, desberdina, sentitzen du, Jesusekin harreman zuzenekoa eta harekiko fedea izanik bakarrik asetzen den falta sentitzen duen egarria sentitzen da.
Ez ur ez ogi
Azken xehetasun bat, pasadizo honen egundoko aberastasun sinbolikoaz. Emakume samariarrari ahaztu egin zaio edatea. Jesusi ahaztu egin zaio jatea. Ikasleek hartara eragin dioten arren, beste jateko bat du berak, emakumeak beste ur bat duen bezala. Arrazoi egokia geure burua aztertzeko zertaz garen gose, zertaz egarri.
José Luis Sicre