BADA ELIZAN ONDO EZ DOAN ZERBAIT
Garizumako 2. igandea A 2020-03-15
Joanen ebanjelioak birsortu du eszena, baina Jesus nolako zen ezagutzeko aukera demaigu. Profeta bat, bakarrik eta adiskideki emakume samariar batekin hitz egiteko gai dena, herri likits eta juduek gorroto duten herri batekoarekin. Gizon bat, giza bihotzeko egarriari entzuteko eta pertsonaren bizitza eraberritzeko gai dena.
Sikar-eko putzu ondoan, biziaz mintzo dira biak. Senar ez duen gizon batekin bizi da emakumea. Jesus badaki, baina ez da haserretu, ez dio aurpegiratu. Jainkoaz mintzo zaio eta «erregalu» bat dela argitu dio: «Jainkoaren dohaina ezagutuko bazenu, dena aldatuko litzateke, zure bizi-egarri aseezina bera ere». Emakumeari bihotzean galdera bat itzarri zaio: «Ez ote da hau Mesias?».
Bada gure Elizan ondo ez doan zerbait, bakardaderik eta traturik txarrena jasaten duen jendeak biziki sentitzen baitu: Jesusi jarraitzen diogula diogunok ez diegula berari ez entzuten, ez harrerarik egiten. Nola txertatuko dugu munduan Jesusen ebanjelioa, eseri gabe jendearen sufrimena, etsipena edo bakardadea entzutera?
Bada gure Elizan ondo ez doan zerbait, jendeak ia beti legearen eta moralaren ordezkari ikusten bagaitu eta ez Jainkoaren errukiaren profeta. Nolatan «atzemango» eta sumatuko dute gugan Aitaren gogorantz jendea erakartzen zuen Jesus hura, bere errukizko maitasuna agertuz?
Bada gure Elizan ondo ez doan zerbait, jendeak, fede-krisialdi ilunean galdurik, Jainkoaz galdera egin eta guk jaiotza-kontrolaz, dibortzioaz edo preserbatiboez hitz egiten badiogu. Zertaz hitz egingo ote luke gaur egungo jendearekin samariar emakumearekin elkarrizketa bizia izan zuen hark, bere zoriontasun-egarria asetzeko biderik hobena azaltzen saiatu zenean?
Bada gure Elizan ondo ez doan zerbait, jendeak sentitzen badu eliztar garenok ez dugula maite. San Agustinek zioen: «Pertsona bat ezagutu nahi baduzu, ez galdetu zer pentsatzen duen, galdetu zer maite duen». Askotan entzuten dugu esaten zein den Elizaren pentsaera; beste hau da sufritzen ari direnen galdera: zer maite du Elizak?, nor maite du?, eta nola maite ditu? Zer erantzungo genieke geure kristau-elkartetik?
Jose Antonio Pagola