GARIZUMAKO 2. IGANDEA C 2019-03-17

SARRERA

Senideok, Garizumako 2. igandea ospatzen dugu gaur. Jesus nor eta zein den bila ibiltzeko aldia da Garizuma. Gizakia eta unibertsoa zer diren bilatzeari utzi gabe.
Lehenengo irakurgaiak esango digu Jainkoak berak hitz egin diola Abrahami. Bi gauza agindu edo hitzemateko: batetik, ondorengo handia emango diola, eta, bestetik, lurralde berezia emango diola. Ondorengo handi horrek salbatuko den jende-talde handia adierazten du. Lurralde horrek, berriz, ez du adierazten zerua, zoriona, betiko atsedena bakarrik, baita mundu honetako zoriona ere. Jakina, horretarako, gizakiaren erantzuna behar.
Ebanjelioan are argiago agertu zaie Jesus hiru ikasleei. Aurpegia dirdaitsu eta antzinako bi pertsonaia handi haiekin, Moisesekin eta Eliasekin, hizketan agertu zaie.
Gutxiena uste duenean, nornahiri agertzen zaio Jesus. Horretarako, bigarren irakurgaian Paulok esaten digun bezala, beti lurreko gauzei eta pertsonei bakarrik loturik egon gabe, burua eta bihotza pertsonak dituen sakon-sakoneko arazoei eta galderei ere adi egon beharra dugu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (Has 15,5-12.17-18)

Jainkoak Moisesekin egingo duen itunean, biak ageri dira parte hartzen: Jainkoa eta Moises. Abrahamekin egindako itunean, berriz, Jainkoa bakarrik ageri da parte hartzaile bezala, esateko, lurraldea eta lurraldea emango dizkiola. Baina Abrahamek ere izan du bere partea, eta ez txikia: sinetsi egin dio Jainkoari, eta bere onerako hartu dio sinesmen eta konfiantza hori Jainkoak.
Paulo santuak Abrahamen testu honetara joko du fedea zer den adierazteko. Paulok esango du: santu izatea fedea izatetik edo ukaitetik dator, eta ez legea betetzetik. Jainkoa ez da Abrahamen egintzei begira egon zerbait eskaintzeko, baizik eta haren fedeari erreparatu dio. Jainkoa ez da egon Abrahamek zer egingo zain; Jainkoak berak hartu dio aurrea.
Jakina, fedea egintzarik gabe ez da ezer. Baina, era berean, egintzak federik gabe askoz gutxiago. Hau esan nahi da: salbamena, zoriona, atsedena Jainkoagandik datoz, Jainkoagan sinestetik, bide bat agertu digun Jainkoagan sinestetik.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (3,17−4,1)

Hau da Filipoarrei egindako gutun honen muina: imita dezatela Paulo, eta ez haren kontra ari direnak.
Ondoren esan die, imita dezatela bera bezala bizi den jendea ere. Halere, gogoan izan behar dute, eredua eta prototipoa, beti, Kristo bera dela. Beraz, Pauloren gainetik, santuen gainetik, Kristo.
Bi biziera kontrajarri ditu Paulok: batetik, beren baitan hesiturik bizi direnen biziera; bestetik, Jainkoaren grazia lagun dutela, fedez munduari irekirik bizi direnen biziera. Guk zer, egoismoa ala buru-eskaintza? Lehenengoek lurreko gauzak dituzte amets. Gu, berriz, dio Paulok, zeruko herritar gara; Salbatzailea espero dugu, Jesu Kristo gure Jauna espero dugu.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,28b-36)

Lukasen pasarte honen arabera, Jesus antzaldatu egin da hiru ikasleen begi-aurrean. Lukasen arabera, Jesusek bere nekaldia, heriotza eta piztuera iragarri ondoren gertatu da antzaldatze hau. Beraz, gertakizun harrigarri honek hau du helburua: Jesus zigortua eta hila izango dela jakiteak triste utzi dituen ikasleei adorea ematea, bihotz ematea. Azkena ez da heriotza, baizik eta betiko bizia.
Mendira igo da Jesus hiru ikasleekin, eta, otoitzean ari dela, aurpegia aldatu zaio Jesusi. Erabat eraldatu da Jesusen itxura. Jainkoaren Semea gizon egina zelarik, Jesusen nortasuna ezkutuan zegoen; ez zen ageri Jainko bezala; orain, ordea, une batez, den bezala ikusteko moduan agertu zaie Jesus Pedrori, Santiagori eta Joani. Eta zerutik ahots hau entzun ahal izan dute: «Hau da ene Semea, hautatua, entzuiozue».
Entzuiozu, alegia, ez orain bakarrik, baita gurutzera bidean ere..

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Eliza osoaren alde, hau da, mundu osoan zabaldurik dagoen kristau-elkartearen alde: testigu zintzo, egiazko eta esperantza-emaile izan dadin: Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure elizbarrutietako misioen alde: benetan lan horretan guztiok inplikaturik senti eta bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Lanik gabe gelditu direnen alde: beren aldetik, eginahalak egin ditzaten lan bila; besteen aldetik, politikoen eta ugazaben solidaritatea nabari dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Gerra bizian ari diren herrien alde; ez bakarrik komunikabideek aipatzen dituztenen alde; baita komunikabideek eta beste botereek isildu nahi dituztenen alde ere. Eska diezaiogun Jaunari.