Jesusen garaipena aurreratu (Markos 9,2-10)
Garizumako 2. igandea B (2018-02-25)
Garizumako 1. igandeak Jesusen tentazioak ekarri ohi dizkigu beti; 2. igandeak, berriz, Jesusen Antzaldatzea. Ulertzeko erraza da horren arrazoia: Garizuma Pazkorako prestaketa-arazoa da; ez soilik Aste Santurakoa, Jesusen heriotzaren oroitzapentzat bakarrik harturik, baizik eta Piztueraren oroitzapentzat ere bai. Pasadizo honek, Jesusen azken garaipena aurreratzen duelarik, aste hauek egoki fokatzen lagunduko digu.
Testuingurua
Jesusek iragarri du asko sufritu beharko duela, uko egingo diotela, hilko dutela, baina piztu egingo dela. Pedrok ez du entzun nahi Jesusen sufrimen eta heriotza-konturik, eta aparte hartu du Jesus eta errietan egin dio, Jesusen erantzun haserrekorra probokatuz: «Alde nigandik, Satanas». Ondoren, ikasleekin batean jende guztiari egin dio dei, eta zerbait are gogorragoa esan die: sufritu eta hil beharra ez du berak bakarrik izango; jarraitu nahi diotenek ere uko egingo beharko diote beren buruari eta gurutzea lepoan hartu beharra izango dute. Baina beren saria izango dute, bera garaile itzuliko denean. Eta gehitu du: «Hemen direnetako batzuk ez dira hilko Jainkoaren erreinua ahalmenez etortzen ikusi aurretik». Beteko ote da promes arraro hori? Kasu egin behar ote zaio, berari jarraitzeko, halako baldintza gogorrak ipintzen dituen bati?
Betetzea: Antzaldatzea
Sei egun geroago gertatu da pasadizo arraro hau. Hiru zatitan bana genezake kontakizuna: mendira igotzea, ikuskizuna, jaitsiera. Ikuspegi literariotik teofania bat da, Jainkoaren agerpen bat, eta halakoak deskribatzeko Itun Zaharreko idazleek erabili ohi zituzten osagai berak erabili ditu Markosek.
Mendira igotzea (1. txatala)
Esanguratsua da, Jesusek hiru ikasle bakarrik hautatu izana: Pedro, Santiago eta Joan. Ez da pribilejio-kontua; ideia nagusia da, zerbait inportantea gertatuko dela, guztiek ezin ikusi dutena. Bestetik, esaten da «mendi garai batera igo zirela». Markosek sarritan erabili ohi den mendiaren sinbolismoa erabili du, Jainkoaren egoitza edo agerpen-leku den aldetik. Antzinako kanaandarren artean, Safon mendia jainkoen panteoiaren egoitza zen. Grekoentzat, berriz, Olinpo zen jainkoen egoitza. Israeldarrentzat, Sinai zen mendi sakratua. Karmelo mendiak ere izen berezia izan zuen azken hauen artean, Jerusalemgo Sion mendiak bezala.
Ikuskizuna
Ikuskizunean lau osagai ageri dira, betetasunera daramatelarik.
1) Jesusen jantzien eraldatzea; «zuri distiratsu bihurtu dira, munduan inork jar ditzakeen baino zuriago». Iruditzen zait, beraren jantzia eraldatzen duen eta Jesusi barnetik darion argi distiratsua iradoki nahi duela. Jesusen aintza sinbolizatzen du argi horrek, ikasleek artean hain modu harrigarrian sumatu ez zuten aintza.
2) Elias eta Moises. Era bitxian, lehen planoa Eliasek hartzen du, judaismoan Mesiasen aitzindaritzat hartua zenak (Ben Sirak 48,10); bigarren mailakoa Moisesi dagokio, argitzeko gauza zaila; izan ere, Moises da Jainkoaren eta beronen herriaren arteko bitartekoa, Jainkoarekin bekoz beko hitz egiten zuen profeta. Moises gabe, giza moduan hitz eginez, ez zen existituko Israel herria, ezta beronen erlijioa ere. Erlijio hori bere krisialdirik handienean salbatu duen profeta da Elias, K.a. IX. mende inguruan; kanaandar erlijioaren eraginez galtzeko zorian dagoenean. Elias gabe, lur joko zuen Moisesen lan guztiak. Horregatik aitortzen zieten israeldarrek garrantzi berezia bi pertsonaia hauei. Orain ikasleei (ez Jesusi) biak agertu izana, jarraitzen dioten pertsonaiaren (Jesusen) garrantzia baiesteko modu bat izan da. Ez da hereje bat, ez da zoro bat, ez da ari Jesus aurreko mendeetako lan erlijiosoa hankaz gora jartzen, baizik eta antzinako profeten ildoan jarri da, haien egintza bere betera eramateko.
3) Testuinguru honetan, hiru kanpadenda eraikitze aldera, Pedrok jaulki dituen hitzek zorakeria huts dirudite. Markosek zuritu egin nahi izan du Pedro, izuturik zeudela esanez eta ez zekiela zer ari zen. Eskuarki hiru kanpadendei erreparatzen diegu. Baina hori aurrekoaren ondorioa besterik ez da: «bai ondo gaudela hemen!» Pedrok ez du nahi Jesusek sufri dezan. Beraz, hobe mendian gelditu Jesus, Moises eta Eliasekin, gurutzearekin jarraitu behar izan baino.
4) Hodeia eta ahotsa. Sinai mendian bezala, Jainkoa hodeian agertu da eta hartatik hitz egin du. Hemen esandako lehen hitzek Jesusen bataiokoan entzundakoa bera errepikatu dute, Jainkoak Jesus bere zerbitzari bezala aurkeztu zuenean. Baina oraingo honetan, agindu bat gehitu du: «Entzuiozue!» Agindu honek zerikusia du Jesusen aurreko hitzekin, Pedroren eskandalua eragin dutenekin, eta ikasleei planteatu dien bizitzaren eta heriotzarekin arteko hautabidearekin. Mezu hori ezin ahaztu da, ezta arin hartu ere. «Entzuiozue!»
Pasadizo hau esperientzia baikor bezala kontatu da, bai apostoluentzat, bai guretzat. Jesusi heriotzaz eta piztueraz, bere jarraitzaileei ezartzen dizkien baldintza gogorrez hitz egiten entzun ondoren, hiru esperientzia osagarri bizi izan dituzte: 1) Jesus aintzatsu antzaldaturik ikusi dute; 2) Moises eta Elias agertu zaizkie; 3) zerutiko ahotsa entzun dute.
Horrek irakaspen hazkorra du berekin: 1) Jesusen jantziak eraldaturik ikustearekin, esperientzia hau bizi izan dute: haren azken zoria ez dela izango porrota, baizik eta aintza; 2) Moises eta Elias ikustearekin, baietsirik ikusi dute Jesusengan Israelen historia erlijiosoaren eta Jainkoaren agerpenaren gailurra; 3) zerutiko ahotsa entzutearekin, badakite Jesusi jarraitzea ez dela zorakeria bat, baizik eta Jainkoaren egitasmoarekin konformeena den jokabidea.
Menditik jaistea (9-13 txatalak)
Jesusen agindua, bera piztu arte ikuskizun horretaz ez hitz egitekoa (9. tx.), bera Mesias dela ez esateko debekuaren ildokoa da (16,20). Ez da orain ahalmenaz eta aintzaz hitz egiteko ordua; ideia eta esperantza faltsuak eragingo lituzke horrek. Piztueraren ondoren, Kristogan sinesteko nekaldiaren eta gurutzearen eskandalua onartu beharra izango denean: orduan hitz egin ahalko da askatasun osoaz beraren aintzaz ere.
Bi aita, bi seme, eta auzi-mahai bat
Hasiera liburuko kontakizunak, Isaak opari egiteari buruzkoak, eta Paulok Erromatarrei egindako gutunekoak kontraste interesgarri bat dakarkigute. Abraham prest dago bere seme propioa opari egiteko; baina Jainkoak ez dio onartu, eta bedeinkatu egin du azkenean. Aitzitik, Jainko Aitak bere Seme propioa eman du heriotzara gugatik. Hau, porrotik handiena eta krudeltasunik handiena ematen duen hau, bedeinkazio-iturri bihurtu da guretzat.
Paulok auzi-mahai bat imajinatu du, zeinetan gure azken zoria erabakitzen baita. Baina fiskala, Jainko Aita, geure alde dugu, eta bere Semea eman digu. Epaileak, Jesusek, gu kondenatu ordez, bere bizia eman du eta gure alde ari da erregutzen. Ezin irudikatu auzi-mahai alderdikoiagorik. Fiskal horrekiko eta epaile horrekiko eskerroneko izateko erarik hoberena, ebanjelioan utzi dizkigun beraren hitzei leial izatea dugu: «Hau da ene Seme maitea, entzuiozue!»
José Luis Sicre