Tentazioak tentaziorik gabe eta lehen jarduera (Markos 1,12-15)
Garizumako 1 ig B 2018-02-18
Garizumako lehen igandeak, hiru urteetako edozeinetan, Jesusen tentazioak ekarri ohi dizkigu beti. Horrek esan nahi du, ospatu ditugun aurreko igandeei dagokienez, atzera egin behar dugula: alegia, ahaztu ikasleekin Galilean barna egiten ari zen bidaiaz eta hasi berriro. Bataiatu berria da Jesus, misio bat hartu du Jainkoagandik. Baina jendaurreko jarduerari ekin aurretik, espirituak basamortura eragin dio. Kontakizun honekin –oso sinbolikoa da eta ez du aukerarik ematen konklusio eraspentsuetarako− Jesusen beraren misterioa planteatu nahi digu Markosek hasieratik beretik.
Kontakizun bat tentaziorik gabe
Jesusen tentazioez kristauei inkesta bat egingo balitzaie (emanik, Jesusez eta tentazioez hitz egiten entzun dutela), batzuek harri bat ogi bihurtzearena aipatuko lukete; beste batzuek, Satanasek aintza eta aberastasuna eskaini zizkiola bera gurtzen bazuen; aztienak tenpluaren hegaletik bere burua botatzeaz ere gogoratuko lirateke. Horrenbestez, azalduko lukete ezagunak dituztela Mateok eta Lukasek dakartzaten tentazioen kontakizunak. Markosek, ordea, ez dakar horrelako ezer. Laburpen harrigarri batean, soilik dio, Espirituak Jesusi basamortura eragin diola, Satanasek tentatu duela, piztien artean bizi izan dela eta aingeruak zerbitzari izan dituela. Kontakizun bat baino gehiago, gidoi bat dela ematen du, katekistak garatu beharko dituen sei datuz hornitua.
Espiritua. Tradizio biblikoan, Espiritua izan da Epaileei eta profetei eragin diena, Jainkoak gomendatu dien misioa gauzatzera: herria beronen arerioengandik salbatu edota bere hitza eskualdatu. Gaurko kasu honetan, alde nabarmen batekin, Espirituak eragin dio Jesusi basamortura.
Basamortua. Probaren lekua da; halaxe izan zen Israel herriarentzat Egiptotik irten zenean, Hitzemandako Lurraldera joateko. Basamortuan tentatua izan zen, ea leialak ziren ikusteko. Gehien-gehienak amore eman zuten probaldian, bihotz gogor eta elkorreko zirela azalduz. Jesusek, ordea, garaitu egin du tentazioa basamortuan.
Berrogei egunak. Tradizio biblikoaren arabera, israeldarrek basamortuan egin zituzten berrogei urteren pareko dira. Bete izana adierazten duen zenbakia da, denbora biribila adierazten du (ekarri gogora uholdeko berrogei egunak, Jesusen Piztueraren eta Igokundearen arteko berrogei egunak, etab.).
Satanas. Guk pertsonaia hori osagai askoz apaindu dugu (adarrak eta buztana barne); beraz, Markosek nola ikusten duen argitu beharrean gara. Ebanjelari honek bost unetan aipatu du Satanas (1,13; 3,23.26; 4,15; 8,33), eta ebanjelioaren bigarren zatian (9−16 kap.) ez da ageri; gauza bitxia: Satanas aipatzen den azken kasuan ez da ari deabruaz, baizik eta Pedro apostoluaz, honek Jesusi nekaldia eta gurutzea alde batera utzarazi nahi izan dionean. Ondorioz, Jainkoaren egitasmoaren kontra jartzearen sinbolo da Satanas. Jesus apartarazi egin nahi du Satanasek Jainkoak bataiokoan zirriborratu dion bidetik: ahaztu dadila pobreez eta atsekabetuez, ahaztu dadila jende tristea kontsolatzeaz, ez dezala hots egin berri ona. Edota, aurrerago Pedrok egingo duenez, bete dezala bere misioa, baina gurutzea eta sufrimenduak alde batera utziz.
Piztiak eta aingeruak. Aipamen bitxi hau sinbolismoz betea dago. Basamortuko animaliak ez dira edozein landa-galilearrek bere inguruan ikusten dituenak: mando, behi, ardi. Arrabio edo eskorpioiak dira, lupuak, etab. Eta honek Sal 91 [90],11-13koa dakarkigu gogora, aingeruekin batean aipatzen baitira han animalia horiek:
Bere aingeruei aginduko die zu nonahi ere zaintzeko.
Besoetan eramango zaituzte,
harriekin estropezu egin ez dezazun.
Suge pozoitsuen gainean ibiliko zara,
basapiztiak oinazpian hartuko.
Jesusek basamortuan, Satanasen tentazioa jasan du. Baina ondoan du Jainkoa, aingeruen bidez babestu du, eta arrisku guztietatik garaile irteteko ahamena eman dio.
Osagai hauek (tentazioa, animalien artean bizitzea, aingeruak zerbitzari izatea) Adamen paradisuko kontakizuna dakarte gogora, rabinoen tradizioetan kontatzen zenez. Horrenbestez, Adam berri bezala aurkeztu digu Markosek Jesus; hau, lehenengoa ez bezala, ez da erori tentazioan, baizik eta gainditu egin du.
Jesusen lehen jarduera eta beraren predikuaren sintesia
Markosengan tentazioen kontakizuna hain laburra da, non liturgiak segidako esaldiak gehitu baititu. Oso gai desberdin batez (Jesusen lehen jardueraz) ari diren eta Urteko 3. igandean entzunak ditugun arren, oso ondo ahokatzen dira Garizumaren hasierarekin. Gogora dezagun orduan komentatua.
Markosek hiru datu dakartza: 1) Jesusek jarduera hasi duen unea; 2) jardueraren lekua; 3) predikuaren edukia.
Unea. Joan Bataiatzailea atxilotu duten unea. Gertaera horrek kontzientzia esnatu balio bezala, Joanen lanari jarraipena eman behar diola. Gu ohituak gaude Jesus era jainkozkoegian hartzen, une bakoitzean zer egin argiro jakin izan balu bezala. Baina segur aski, Jainko Aitak guri bezala hitz egin zion, gertaeren bidez. Kasu honetan, Joan Bataiatzailea ezkutatzeaz eta haren hutsunea bete beharraz.
Jarduera-lekua. Joan Bataiatzailea ez bezala, Jesus ez da jarri leku jakin batean, jendea bertara bila etor dakion zain. Ardi galduaren bila joan ohi den artzaina bezala, Galileako herrixketan eta herrietan barna ibiltzeari eman dio; Flavio Joseforen arabera 204 ziren jende-leku horiek. Galilea 70 km luze zen eta 40 km zabal; 300 metrotik 1200 bitarteko desnibeleko lurraldea. Jesusen garaian zona aberatsa zen, garrantzizkoa eta izen handikoa, Flavio Josefok Juduen Gerratea liburuan dakarrenez (BJ III, 41-43), aberastasuna gaizki banatua bazuen ere, Erromatar Inperio osoan bezala.
Judako eta Jerusalemgo juduek ez zieten estimu handik galilearrei: «Norbaitek aberastu nahi badu, doala iparraldera; jakinduria lortu nahi badu, datorrela hegoaldera», komentatu ohi zuen rabino harro batek. Eta Joanen ebanjelioak antzeko ideia bat jaso du, apaiz nagusiek eta fariseuek Nikodemori esan dioten hartan: «Azter ezazu eta ikusiko duzu Galileatik ez dela irten profetarik» (Joan 7,52).
Mezua. Zer diotso Jesusek jende behartsu horri, mendiko landa-jende eta aintzirako arrantzale den horri? Jesusen mezua iragarpen batean («Bete da epea, hurbil da Jainkoaren erregetza») eta gonbit batean («bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona») laburbildu du Markosek.
Iragarkia ondo ahokatzen da burubide apokaliptikoan; hau aski zabaldua zegoen garai hartan zenbait judu-talde erlijiosotan. Munduan gertatzen diren ezbeharren aurrean, ez baitiote beste irtenbiderik aurkitzen, mundu berri bat espero dute, miresgarria: Jainkoaren erreinua. Autore hauentzat oinarrizkoa zen, bai unea kalkulatzea, zeinetan oldartuko baitzen Jainkoaren erreinua, bai hondamendia iragarriko zuten seinaleak jakitea. Jesus ez da erori tranpa horretan: ez da mintzo, ez une jakin batez, ez seinaleez. «Hurbil da» esatera mugatu da.
Baina beste hau da alderik inportanteena: bihotz-berritzeko eta berri ona sinesteko gonbitarekin uztartu duela iragarpen hori.
Bihotz-berritze horrek bi gauza ditu berekin: Jainkoagana itzuli eta jokabidez aldatu. Hori hobekienik adierazten duen irudia seme hondatzailearena da: aitaren etxea utzi du eta bere ondasunak xahutu ditu; aitagana itzuli beharrean da eta bizieraz aldatu beharrean. Bihotz-berritzeko dei hau profetengan tipikoa da, eta ez zaio gertatu arrotz Jesusen entzuleetako inori (lehen irakurgaiak, Jonasen liburukoak, gai horixe du erdigune).
Baina Jesusek, gainera, Jainkoaren erregetzaren «berri ona sinestera» gonbidatzen du, erromatarrek mota guztietako zergak kobratuko badizkiete, egoera ekonomikoa eta politikoa oso latza badute ere, marjinaturik eta mespretxaturik sentitzen badira ere. Berri on hori laster zehaztuko du Jesusek; batetik, gaixoak sendatuz, osasun fisikoa itzuliz, eta, bestetik, bekatuen barkazioa emanez, barneko bakea eta poza itzuliz.
Bataioaren oroitzapena (lehen bi irakurgaiak)
Antzinatik, Pazkoaren ospakizuna Larunbat Santuan ospatu ohi zen katekumenoen bataioarekin loturik egon zen; horrek bere eragina izan du Garizumako irakurgaiak aukeratzeko orduan: bataioaren prestaketan zeregin sinboliko handia izan zuten pasadizoak ekarri nahi dituzte gogora. Pedroren gutunak (horrela deitua bada ere, ez da Pedrorena) bataioaren sinbolismoa dakusa uholdean: Noe eta beraren semeak uholdeko urak gurutzatuz salbatu ziren; kristaua bataio-urean murgilduz salbatzen da. Ez da hain argia Hasiera liburuko irakurgaiaren eta bataioaren arteko zerikusia: irakurgai honek, Noez ari den arren, muina Jainkoaren promesa du, ez duela berriro lurra suntsituko. Irakurgai hau aukeratu bada, gizakia eta animaliak elkarrekin bizi direla esaten duelako izan da, agian: ebanjelioak Jesusez esaten duena, piztien artean bizi zela, gogoratzen duelako.
Jesus eta gure bataioa
Jesus Adam berritzat aurkezteak erlazio berezia du kristauaren bizitza berriarekin, bataioan hasten denarekin. Unerik hobena da Garizuma sakramentu honetan sakontzeko; kasurik gehienetan, konturatu gabe hartua baitugu.
José Luis Sicre