GARIZUMAKO 1. IGANDEA A 2020-03-01
SARRERA
Senideok, hasia dugu Garizuma, joan den asteazkenetik, hausterre-egunetik. Ez da triste bizitzeko aldia. Ez da jendearen aurrean triste agertzeko aldia. Kontrako zerbait esan digu Jesusek ebanjelioan: barau egiten baduzu, ez agertu jendeari barau egiten ari zarela; limosna egiten baduzu, ez dezala jakin zure ezker eskuak eskuin eskuak egin duen limosnaren berri; otoitz egiten baduzu, ez otoitz egin jendeak ikusiko zaituen lekuan.
Senideok, aldi berezia da Garizuma. Gogoeta egiteko aldia da: zein da nire / gure azken helburua?, zein da nire / gure azken jomuga? Modu berezian, Pazkorako bidea bizitzeko aldia da. Aurrera egiteko aldia da, geure bihotza jasotzeko aldia.
Senideok, gure Garizuma zer den, ondo agertzen da israeldar talde batek bizi izan zuen gertaera harrigarri batean: Egipton esklabo zeuden, ihes egitea lortu zuten, basamortura jo zuten ihesi, Jainkoak hitzeman zien lurraldera joateko. Jakina, basamortuan ezusteko asko izan zuten, tentazio asko. Baina begiak beti hitzemandako lurralde aberats eta zoragarri hartan zituzten
Horra zer den gure Garizuma: basamortura jotzea, hau da, eguneroko bizitza era biziagoan bizitzea, baina geure burua hitzemandako lurraldean dugula, Pazkoan dugula, geure burua Jesusen eta geure Piztueran dugula, sor daitezkeen gorabeherak gaindituz. Horixe egin zuen Jesusek bizitzan izan zituen tentazioak gaindituz.
LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (2,7-9; 3,1-7)
Hasiera liburuko pasarte bat entzungo dugu. Kristau-historian, askotan oker hartu izan den testua da.
Autoreak gizakiaren hasieraz hitz egin nahi digu, eta munduan den gaitzaren jatorriaz. Nondik datoz gizona eta emakumea? Nondik dator munduan den gaitza, okerra, gaixotasuna, heriotza? Eta ipuin batez baliatu da, erantzuna emateko. Hau dio: gizona eta emakumea Jainkoak sortu ditu. Baina mugatuak dira biak, ez dira Jainko; ezin izan dira Jainko. Mugatuak direlako, gizonak eta emakumeak arriskua eta joera dute bi gauza hauek nahasteko: benetako den ongia eta itxura hutsekoa den ongia. Horretatik dator gaitza: itxura hutseko ongia aukeratzetik, benetako ongia aukeratu ordez.
Hasiera liburuko pasarte honek ez du esaten zehazki zer gertatu zen pertsona jakin batengan; ez zaio ardura historia; hau argitu nahi izan du: zer garen, geure izaera sakonenean zer garen. Geure burua jainkotzat hartu nahi izan dugula, Jainkoaren kontra jaikiz. Halere, gure bekatua eta guzti, Jainkoak maite gaitu; ez gaitu utzi bekatuan usteltzen: profetak bidali ditu, bere Semea bidali digu, guztiok bide zuzenera gidatzeko. Esker beroenak zor dizkiogu Jainkoari. Nola ez?
BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (5,12-19)
Orain entzungo dugun pasartea oso zaila da ulertzeko. Halere, baditu ideia argi batzuk.
Adamek, hau da, gizakiak bekatu egin du; bekatua dela medio, heriotza espirituala merezi izan du. Beraz, Adam esatean, gizakia oro har ulertu behar dugu.
Baina Kristok gainditu egin du bekatua eta suntsitu egin du heriotza espirituala. Gizon-emakume guztien bekatuaren eta heriotza espiritualaren kontra, Kristok guztion bizi espirituala irabazi du.
Paulok, beraz, bekatuak eragindako heriotza espiritualari Kristok irabazitako bizitza espirituala kontrajarri dio. Jainkoaren onginahia, Jainkoaren grazia, bekatu guztien indarra baino mila bider handiagoa da.
Senideok, mirestekoa da Jainkoaren onginahia, zoratzeko modukoa, alaitzeko eta pozteko modukoa: Jainkoak maite gaitu!.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (4,1-11)
Ebanjelioak agertu nahi du, Jesus gure arteko bat dela: guk bezala, tentazioa jasan duela. Guk bezala, Jesusek ere bere tentazioak izan ditu. Egiptotik ihes egin eta basamortura jo zuen israeldar talde hark bezala, Jesusek bere tentazioak izan ditu. Hau da aldea: Jesusek gainditu egin duela tentazioa: beti Aitaren borondatea izan du amets.
Labur esateko, batetik, gorputzeko atseginen zirikaldia sentitu zuen: egizu harri hauek ogi bihur daitezen; bigarren, harrokeriaren zirikaldia sentitu zuen: bota ezazu zeure burua tenpluko teilatuko hegaletik behera; hirugarren, boterea izatearen zirikaldia sentitu zuen: ikusten duzun honen guztiaren nagusitza emango dizut.
Beste tentazio asko izan zuen Jesusek; ebanjelioetan datoz. Ikaragarriena, ordea, Ostegun Santukoa eta gurutzekoa izan zuen: zeruko Aitak eskutik utzi zuela sentitu zuen; «Aita, zergatik utzi nauzu?»
Baina Jesus gai izan zen tentazioa gainditzeko: «Aita, zure eskuetan uzten dut neure bizia».
HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduan gerran bizi diren edo gerra harrotzeko arriskuan diren herrien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Mundu guztian, joan den aste honetan, etxean pertsona maite baten hutsunea izan duten guztien alde. Jesus bezala, izan daitezela hau esateko gai: zure eskuetan uzten dut neure bizia. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Herriaren bizkar aberasteko tentazioa sentitzen duten guztien alde. Beren buruari hau esateko gai izan daitezen: gizakia ez da ogitik bakarrik bizi. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garen guztien alde: bizi dezagula Garizuma hau, hitzemandako Lurraldea, Pazkoa alegia, buruan dugula. Eska diezaiogun Jaunari.