GARIZUMAKO LEHEN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Gizonaren kreatzea eta lehen bekatua )
Hasiera liburutik 2, 7-9. 3, 1-7
7 Jainko Jaunak moldatu zuen gizona lurreko buztinetik,
sudurrerat ufatu zion biziaren hatsa, eta gizona bizidun izan zen.
8 Jainkoak baratze bat landatu zuen Edenen, iguzki aldean,
eta hartan ezarri bere eskuz moldatu gizona.
9 Jainko Jaunak lurretik sortarazi zituen mota guzitako zuhaitzak,
begientzat eder eta ahoarentzat gozo,
eta baratzearen erdian biziaren arbola,
eta ongi-gaizkien jakitate-zuhaitza.
1 Sugea zen Jainko Jaunak egin animaletan maltzurrena.
Erran zion emazteari:
“Beraz, Jainkoak erran dautzuela:
Ez jan baratzeko fruitu guzietarik?”
2 Emazteak sugeari:
“Baratzeko zuhaitzen fruituetarik jaten dugu.
3 Bainan baratzearen erdian den zuhaitzaren fruituaz,
Jainkoak erran dauku:
Hortarik ez jan eta ez hunki, ez zaitezten hil.”
4 Sugeak erran zion emazteari:
“ Ez zirezte hilen, ez.
5 Badaki alabainan Jainkoak, zuek hortarik jan orduko,
zuen begiak idekiko direla,
eta Jaungoikoa bezainbat izanen zireztela,
ongiaz eta gaizkiaz jakintsun.”
6 Orduan emazteak ikusi zuen zuhaitzak jateko gozoa zuela,
begientzat ederra eta ezagutzaren ardiesteko ona.
Haren fruituetarik hartu zuen eta jan.
Eman zion senarrari, eta hunek jan.
7 Orduan ideki zitzaizkien begiak,
eta biluz-gorri zirela ohartu ziren.
Hamar mende Jesu Kristo aintzin, Salomon erregearen denboran, populuak ainitz galdera
egin zion teologo bati : Zendako gaizkia ? Zendako herioa ? Zendako ezin bizia gizonen artean ?
Zendako lana hoin dorpea?
Nola ihardets galdera horier? Entzuleen fedeari konfiantza eginez. Hamar mende Jesu Kristo
aintzin, 250 urte pasatuak ziren populua Egiptotik ateraz geroztik eta beraz bazuen 250 urteren
esperientzia Jainkoarekin. Esperientziarik handiena izan zen Egiptotik ateratzea, eta erraiteko
maneran gertakari hortarik hasi da dena.
Jainkoak nahi du bere populua libro izan dadin eta Izraelendako libertate hori ez da sineste bat,
bainan esperientzia bat. Libertatea ez da nahi denaren egitea. Libertatearekin Jainkoak bere
populuari legea eman dio, legeak emaiten baitu libertatearen erabilera. Eta populuak berrogoi urte
Zinaiko basamortuan Moisekin pasaturik, ikas urteak izan ziren. Delako hamargarren mendeko
teologoak bazakien zenbat herstura ukan zuen Izraelek, nola ainitz aldiz dudatu zuen Jainkoaz.
Korropiloa hortan da : baginaki Jainkoaren xede bakarra gure zoriona dela eta gure
libertatea, orduan gogotik jarraik gintazke haren legeari. Aldiz pentsa dezakegugu Jainkoak ez duela
gure ongia nahi. Hori da tentamendua deitzen.
Hamargarren mendeko teologoak erraiten du pentsamendu horrek denak makurtu dituela eta
guri ulertarazteko tentamendu hori zer den, ixtorio bat kondatzen dauku : Baratze bat bazen ederra,
Jainkoak pentsatua, harek egina, eta gizadia, moldatua eltze egileak buztina bere eskuetan erabiltzen
duen bezala. Baratze hartan ainitz zuhaitz mota bazen fruitu gozoekin. Baziren bi zuhaitz, bereziak :
« bizia zuhaitza, eta ongiaren eta gaizkiaren jakiteko zuhaitza ». Bizi zuhaitza baratzearen erdian
zen. Ixtorioak ez dauku erraiten bertzea nun zen.
Jainkoak gizonari gomendatu zion baratzea zaintzeko eta lurra lantzeko. Erran zion : « Jaten
ahalko duzu fruitu guzietarik bainan ez duzu jaten ahalko bien jakitateko zuhaitzetik bestenez hilen
baitzirezte. » Huna nun sugea agertzen den, faltsuki emazteari erranez : « Jainkoak erran dautzue :
baratzeko fruituetarik ez jateko? » Emazteak errepostu : « Baratzeko zuhaitzen fruituetarik jaten
dugu, bainan baratzearen erdian den zuhaitzaren fruituaz, Jainkoak erran dauku : hortarik ez jan,
ez hunki, ez zaitezten hil. »Tentatzailea entzun duelakotz, ez da gehiago mintzo baratzearen erdiko
zuhaitzaz baizik « baratzearen erdian den zuhaitza », ez du gehiago aipu bizi zuhaitzik. Soa
makurtu dio sugeak. Orduan suge abilak segitzen du hasi lana : « Ez zirezte hilen, ez. Badaki
alabainan Jainkoak, zuek hortarik jan orduko zuen begiak idekiko direla eta Jaungoikoa bezenbat
izanen zireztela ongiaz eta gaizkiaz jakintsun . »
Ele eder horiek entzuten ditu emazteak eta testoak erraiten dauku haren soa gero eta
makurrago doala : « Orduan emazteak ikusi zuen zuhaitzak jateko gozoa zuela, begientzat ederra
eta ezagutzaren ardiesteko ona . » Sugeak irabazi du, emazteak hartu du fruitua eman senarrari eta
hunek jan. Ixtorioak segitzen du : « Orduan ideki zitzaizkien begiak bieri eta buluz-gorri zirela
ohartu ziren. »
Sugeak erran zioten : « zuen begiak idekiko dira ». Emazteak uste ukan zuen sugea haren
onetan mintzo zela eta agertzen zituela Jainkoaren xede tzarrak. Gezurra zen. Egia da soa kanbiatu
dela bainan makurtuz. Jainkoaren alderako soa sugearen itxuran agertzen bada hemen, ez da
ustegabez, zeren basamortuan ainitz suge pozointsu jasan zuen Izraelek. Salomonen gortean bizi
zen teologoak bazakien bazela pozoin bat sugearena baino gaixtoagoa, Jainkoari emaiten zaion
itxura, harek pozoindatzen baititu gure biziak.
Ongi-gaizkien jakitateko zuhaitza Jainkoarena dela erraitea da, Jainkoak bakarrik dakiela zer
diren gure zoriona eta zorigaitza. Haren nahi bakarra gure bizia da, gure libertatea da. Zer erran
ginezake bere ofizioa maite duen eltzegileak egin baleza pegar bat gero hausteko plazerrarendako?
Salmoa 50
Jauna, barkatu,
Egin baitugu denek bekatu
Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hain duzu eta neurrigabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Nere gaizkien berri dakit
Hobenak oro beti begitan badagozkit.
Zuri dut zuri egin kalte,
Gaizki zaitzuna zure begitan dut nik bete.
Bihotz garbia ezar nitan:
Barnetikako xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez, Izpiritu Saindua kenduz, huts bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza;
Zerurateko gogo zabalak bete neza.
Jauna, ezpainak zabal neri,
Nere ahoak goraipa zaitzan herriz herri.
Salmo hunen bidez Jainkoari barkamendu eskatzen zaio. Bidezko da lehenik Jainkoari
eskerrak bihurtzea harek emaiten dituen dohainendako. Lehenik Jainkoa jauretsi, eta ikusirik zein
giren desleial, bekatorosak garela aitortu. Jainkoarekin baketzearen erritoak hastapenean erraiten du
: « aitortzen ditugu betan Jainkoaren amodioa eta gure bekatuak. »
Maiz Izraelek ikusi du Jainkoa zinez dela urrikalkorra, leiala, zintzoa. Aitorpen hori Izraelek
Jainkoari beti erreberritu dio, bere burua bekatorosa zaukalakotz. Ez ditu aitortzen bere nahigabeen
xehetasunak bainan otoitzek erraiten dute: « urrikal zaite nitaz, Jauna, hain duzu bihotz
neurrigabeko, nere bekatua ken errotik… » Jainkoa urrikalkorra da eta beha dago gure ahuleziaren
ondorioak aitor ditzagun; eskale gira Jainkoaren aintzinean.
Nola ez pentsa seme joanaren parabolari ? Aitaren etxerat itzultzen delarik gose delakotz,
urrikizko hitzak ditu : « zure kontra bakarrik egin dut bekatu ». Hitz horiek lotzen dute semeak
aitarekin hautsi zituen lokarriak.
Bigarren irakurgaia
( Bekatua baino nasaiago grazia )
Jondoni Paulok Erromanoeri 5. 12-19
Haurrideak,
12 gizon bakar baten bidez, Adam, sartu da bekatua mundurat,
eta bekatuaren bidez herioa;
Horrela, herioa gizaki guzienganat zabaldu da,
denek bekatu egin baitute.
13 Egia da, Moisen legea baino lehen bazela bekatua munduan,
bainan legerik ez denean,bekaturik ez daiteke nehoren gain eman.
14 Halere, Adamenganik Moiseraino, herioa nagusi izan da,
Adamen bekatuaren parekorik egin ez zutenen gainean ere.
Eta Adam, etortzekoa zenaren itxura zen.
15 Bainan Jainkoaren dohainarekin,
ez da bekatuarekin bezala gertatzen.
Alabainan, gizon bakar baten bekatuaz guziak hil badira,
askoz nasaiago zabaldu dira guzietarat
Jainkoaren grazia eta dohaina,
beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker.
16 Eta ondorioeri behatuz, Jainkoak eman daukun dohainarekin
ez da gizon bakarraren bekatuarekin bezala gertatzen.
Alabainan, bekatu bakar harek kondenamendua ekarri du;
dohainak, aldiz, bekatuak ainitz izanik ere, zuzentasuna ekarri du.
17 Alabainan, bakar batek bekatu eginik,
gizon bakar batengatik nagusi izan bada herioa,
zenbatez gehiago, ez ote dira, bakar batengatik, Jesu Kristogatik,
nagusi izanen betiko bizitzean
zuzen egiten dituen graziaren dohain betea ukan dutenak.
18 Beraz, baten bekatuak gizaki guzieri
kondenamendua ekarri zioten bezala,
berdin baten zuzentasunak gizaki guzieri
ekartzen diote bizirako zuzentasuna.
19 Alabainan, baten desobedientziarengatik
guziak bekatoros gertatu ziren bezala,
berdin baten obedientziarengatik, guziak zuzen gertatuko dira.
Jondoni Paulok izkiriatzen diotelarik Erromanoeri, jakinarazten diote Jesu Kristo agertuz
geroz gizadia aldatu dela : denak Adamen eta Jesu Kristoren anaiak girela. Adameri gira josiak
gure bihotza pozoinaz funditua delarik, eta ber gisan Jesu Kristori, Jainkoari konfiantza osoa egiten
diogularik. Herioaren menpean gira dudak pozoindatzen gaituelarik. Jesu Kristorekin jada piztuak
gira, konfiantza osoa egiten diogularik.
Bi erresumek elgarri buru egiten dute, batean Adamenean bekatua errege dago, bertzean,
Jesu Kristorenean, bizia, grazia, amodioa errege dira. Denak bi erresuma horietan zatituak gira.
Paulok berak erraiten dauku : « Nahi ez dutan gaizkia egiten dut, eta nahi dutan ongia ez egiten ».
Adam (erran nahi baita gizadia) errege izaiteko kreatua izan da : « Lur gaina harrazue eta zuen
menpean ezar », du erraiten Liburu Sainduko lehen irakurgaiak. Gizakiak nahi luke errege izan,
bere indarrekin, bainan erregetasun hori, Jainkoak bakarrik dio emanen. Beraz gizadiak mozten
badu Jainkoarekin duen lotura hori, ez du gehiago ukanen iturria. Jesu kristok aldiz ez du galdegin «
erregetasuna », eman zaio.
Jainkoarekin denak grazia dira eta denak kitorik emanak. Paulo, hemen, tematzen da
erraiteko graziaren nasaitasuna neurririk gabekoa dela. : « Jainkoaren dohainak eta gure bekatuek
ez dute izari bera…askoz nasaiago zabaldu da denen gainerat Jainkoaren grazia, dohain hori
emana zauku gizon bati esker, Jesu Kristo. » Osoki oparia da. Paulo mintzatzen delarik
desobeditzeaz, hitz hori ordaintzen ahal dugu beldurtzeaz eta obeditzea konfiantzaz. Adamen
haurrak gira sortzez eta bataioaz Jesu Kristorenak.
Ebanjelioa
Jesu Kristo, guri mintza, argi gure bihotza !
Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
Bainan Jainkoaren ahotik jalitzen den hitz oroz.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 4, 1-11
Jesus, bataioaren ondotik,
1 Izpirituak basamorturat ereman zuen, debruak tenta zezan.
2 Berrogoi egun eta berrogoi gauez barur egin ondoan, gosetu zen.
3 Tentatzailea hurbildu zitzaion eta erran zion:
“ Jainkoaren Seme balinbazira,
errazu harri horiek ogi bilaka daitezen.”
4 Bainan Jesusek ihardetsi:
“ Izkiriatu duk: Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
bainan Jainkoaren ahotik ateratzen den hitz oroz.”
5 Orduan eremaiten du debruak hiri saindurat:
ezartzen du Tenplo kaskoan, eta erraiten dio:
6 “ Jainkoaren Seme balinbazira, bota zure burua gain behera.
Ezen izkiriatua da: Bere aingerueri zutaz manu eman diote,
eta eskuetan eremanen zaituzte,
zure zangoa ez dadin harrian behaztopa.”
7 Jesusek erran zion:
“Izkiriatua duk ere: Ez tenta Jauna, zure Jainkoa.”
8 Eremaiten du oraino debruak mendi gora baten gainerat.
Erakusten diozka munduko erresumak oro beren ederrean,
eta erraiten dio:
9 “ Horiek oro emanen dauzkitzut, ahuspez adoratzen banauzu.”
10 Orduan Jesusek erran zion:
“ Habil hemendik, Satan! Izkiriatua baita:
Jauna, zure Jainkoa duzu adoratuko,
eta hura bakarrik zerbitzatuko.”
11 Orduan debruak utzi zuen,
eta aingeruak hurbildu zitzaizkion zerbitzatzera.
Urte guziz, garizuma hasten da basamortuko tentazionenetaz. Segur testo premiatsua da!
Aurten irakurtuko dugu San Matiurena.
« Jesus, bataioaren ondotik, Izpirituak basamorturat ereman zuen, debruak tenta zezan. »
Jesusek tentatzailearekin buruz-buru egin behar du. Zonbait mende lehenago bere populua bezala,
basamorturat doa; bere populuak bezala badaki zer den gosea; bere populuak bezala Jainkoaren
nahia aurkitu behar du; bere populuak bezala, behar du hautatu noren aintzinean ahuspez behar den
jarri. « Jainkoaren semea bazira », erraiten dio tentatzaileak. Hori da korropiloa! Jesusek buru egin
behar izan dio korropilo horri ez bakarrik hiru aldiz, bainan lurreko bizi osoan. Zer da Mesias
izaitea? Mirakuiluen egitea, argitzeko problema guziak, Kanako ezteietan bezala? Bere burua gain
behera Tenplotik botatzea, 91.salmoak hitzemaiten duen bezala. Jainkoak lagunduko duelakotz
Mesias? Mundu guziaren jabe izaitea edozoin preziotan.
Gehiago dena, tentatzailearen agintzak Jainkoarenak dira, Jainkoak berak eginak zituen
Mesiasi. Bainan Jainkoaren agintzak amodiozkoak dira, opariak dira; amodioak ez du deus
galdegiten, amodioa ez da aztaparka biltzen, bainan umiltasunean egiten den otoitzarekin. Funtsean,
gauza bera izan zen lehenbiziko baratzean. Adamek badaki errege kreatua dela, libre,
kreazionearen nausi izaiteko; bainan dohain horien errezebitzeko partez dohain bezala, eskerrak
emanez, Jainkoaren izariko jartzen da. Adamek ez du gehiago amodiorik eta beraz gelditzen da
behartsu eta buluz-gorri.
Jesusek ez du hautu bera egiten: « habil hemendik Satan, ! » Petriri erran zuen bezala : hire
gogoetak Adamenak bezalakoak dituk, ez dituk Jainkoarenak bainan gizonenak. Matiuk deitzen du
tentatzaikea « debrua », erran nahi baita « berexlea ». Satanek nahi gaitu Adamek egin zuen bezala,
baztertu Jainkoaren ganik. Dena behakoan dago, Adamena faltsua da. Behako hori garbi txikitzeko,
Jainkoaren hitzari behatu behar zaio. Tentatzaileari eginak diren errepostu horiek irakurtzen ditugu
Deuteronomia Liburu Sainduan, Izraeleko populua basamortuan tentatua izan zelarik.
Orduan, dio Matiuk, debruak utzi zuen Jesus, ez baitzuen aldatu ahal izan Semearen bihotza.
Beraz Jesus prest zen Jainkoaren dohainen errezebitzeko: « Aingeruak hurbildu zitzaizkon
zerbitzatzerat. »