Adam, Eva eta Jesus tentazioaren aurrean
Garizuma 1 ig A (2020-03-01)
Garizuma, Pazkoa ospatzeko konbertsio eta prestaera-aldia, hastean, bi jarrera oso desberdin ekarri ohi dizkigu gogora Elizak, tentazioaren aurrean: Adamena eta Evarena, zeinetan geure burua ikus baitezakegu islaturik, eta Jesusena. Lehenengo kasuan, ahuldadea da nagusi, bat-batean erortzea; bigarrenean, aldiz, indarra, probaldiari eutsi ahal izateko gaitasuna. Kontrakotasun honek ez gaitu, ez etsipenera eraman nahi, ez salatu nahi zein ahul eta gaizto garen. Aitzitik, bigarren irakurgaian San Paulok dioen hau adierazi nahi digu: «baten erruz denak hil baziren, are gehiago egin zuen gainez guztiengan Jainkoaren onginahiak eta dohainak gizon bakar baten, Jesu Kristoren, bidez».
Evaren eta Adamen ahuldadea (1. irakurgaia: Hasiera 2,7-9; 3,1-7)
Bekatura eramaten gaituen prozesua deskribatu digu kontaerak. Ez da baliatu hizkuntza intelektualaz, baizik eta elkarrizketa bizi batez. Horretarako, sugea tartekatu du, Mesopotamiako Gilgamesch poeman jada zeregin funtsezkoa jokatzen zuena gizakiaren etsai gisa, zeini biziaren eta hilezkortasunaren landarea lapurtu baitzion. Baina gure kontaerako idazleak era oso desberdin batean, sakonagoan, fokatu du gaia. Sugeak ez du lapurtu biziaren landarea, baizik eta suntsitu egin du gizakia barnetik.
Tentazioa gezur batekin hasi da, Jainkoaren debekua puztu egin du eta faltsutu. (Konparatu beraren hitzak 2,16-17an). Anker eta krudel bezala aurkeztu du Jauna, gizakiari gauza ikaragarri bat ezartzen dion Jauntzat. Beraren hitzak hain trauskil dira, hasieran ukaerraz baitira. Baina tentazioa errepikakor da. Ukatu egiten du arriskuaren existentzia. Eta horrela sortzen da debekatua den hura erakargarri eta gutiziagarri. Ematen du, ordu arte ez ziotela erreparatu ere arbolari Adamek eta Evak. Hiltzeko beldur hutsak atzerarazi egin ditu hari begira jartzetik. Orain, ordea, besterik da: «emakumea konturatu zen arbolak zirikatu egin zuela jangura, gozamen zela begientzat eta desiragarri ezagutza lortzeko» (3,6). Horrez gero, galdua da Eva, baita senarra ere.
Bat-batean, sortu ditu bekatuak bere fruituak. Sugeak promes egin zien begiak irekiko zitzaizkiela (3,5). Hain zuzen, ireki zaizkie eta ezagutza berri bat lortu dute (3,7). Baina ikasi dutena, biluzik daudela da, eta honek batak bestearekiko lotsa eragin die, eta lotsa eta beldurra Jainkoaren aurrean. Orobat sortu da erruduntasun-sentimendua ere, eta erantzukizuna besteari leporatzeko gogoa. Bere burua zuritu nahiz, gizonak emakumeari bota dio errua; horrenbestez, hautsi egin da bikotearen arteko solidaritatea. Emakumeak, beste aukerarik gabe, sugeari egotzi dio kulpa. (Azken zati hau ez da irakurtzen liturgian).
Sugea hauekin identifikatu izan da: 1) Satanasekin; 2) irudi sinboliko batekin: giza grinarekin, jakin-min intelektualarekin; 3) irudi mitologiko batekin. Oinarrizkoa da Yahvek kreatua delako ideia. Gaitzaren izaera misteriotsua iradokitzen du.
2.- Jesusen adorea (Ebanjelioa: Mateo 4,1-11)
Evarekiko eta Adamekiko kontrasterik handiena tentazioen aldian irudikatu du Jesusek. Kontaerarik zaharrena, Markosena, oso laburra da eta misteriotsua. Mateok eta Lukasek denok ezagutzen ditugun hiru tentazioekin osatu dute lehenengo hura; bataioko pasadizoarekin lotu dute, zeinetan zerutiko ahotsak aldarrikatu baitu: «Zu zara nire seme maitea, zugan dut nik atsegin». Nola ulertzen du Jesusen bera Jainkoaren Seme izatea? Segurtasun-agiri bezala, ondo bizitzeko eta garaile irteteko? Guztiz alderantziz. Bataiatu eta berehala basamortura joan da, eta han garbi geldituko da nola ulertzen duen bere semetasuna.
Lehen tentazioa: lehen premien irtenbidea
Berrogei eguneko baraualdiaren ondoko gose normaletik abiatuz, honetan datza lehen tentazioa: boterea bere probetxurako erabili nahi izatea. Premia gorrikoen tentazioa da, Israel herriak behin eta berriz jasan zuena basamortuan egindako berrogei urteetan. Azkenean, Moisesek, jasandako neke latzak herriari gogoratzearekin batean, Jaunak jarrera hori zergatik hartu zuen argitu zion: «(Jainkoak) gosea pasaraziz atsekabetu zintuen, eta ondoren mana eman zizun jateko, adierazteko, gizakia ez dela bizi ogiz bakarrik, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den gauza guztiez» (Dt 8,3).
Israel herriaren esperientzian bata bestearen kontrako egoerak gertatu izan dira: premiarena (gosea) eta premia gainditzearena (mana). Hartatik bi gauza ikasi behar izango zituen. Lehenik, Jainkoaren Arduran konfiantza izaten. Bigarren, bizitzea gauza askoz zabalagoa eta sakonagoa dela lehen premiak asetze soila baino. Biziaren kontzeptu aberatsago honetan izaten du bere zeregina Jainkoaren hitzak: janari bizi-emaile izatearena, alegia. Izatez, herriak ez zuen ikasi irakaspena. Biziaz zuen ikusmoldeak hertsi eta mugatu izaten jarraitu zuen. Lehen premiak aserik ez zituen bitartean, Jainkoaren hitzak ez zuen zentzurik Israel herriarentzat.
Jesusen kasuan, fintasunak alde batera utzi eta gauza zehatz honetara jo du tentatzaileak: «Jainkoaren Semea baldin bazara, esazu harri hauek harri bihurtzeko». Tentatzailearen arabera, Jesusek ez du zertan kexatu goseak izateaz, ezta zertan marmar egin ere Israel herriak bezala, ezta zertan jo ere Moisesengana. Jainkoaren semea da. Beraz, bere-berez konpon dezake arazoa. Jesusek, ordea, ikasia du hasieratik irakaspena, herriak urtetan beretu ez duena: «Idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den gauza guztiez».
Jesusen irakaspena lehen tentazio honetan hain aberatsa da non ezin baita mugatu ideia bakar batera. Hor dator bistako puntu hau: boterea norberaren probetxurako ez erabiltzekoa. Hor dator Jainkoaganako konfiantzaren ideia ere. Agian, ordea, alderdirik garrantzizkoena, era kasik subliminalean adierazia, beste hau da: biziaren ikuspegi zabal eta sakona, lehen premiarena baino harago doana, Jainkoaren hitzaz elikatua.
Bigarren tentazioa: Jainkoari probak eskatzea
Bigarren tentazioak ere (tenpluko teilatu-hegaletik behera salto egitea) hainbat interpretaziorako bide ematen du. Hartzen ahal genuke sentsazionalismoaren tentazio gisa; adibidez, jokabide bitxietara jotzea, jarduera apostolikoan arrakasta izateko. Eman dezagun: tenpluaren inguruan bildurik den jendetzak miraria ikusi eta onartu duela Jesus Jainkoaren Semea dela. Baina interpretazio hau garrantzizko xehetasun batez ahaztu da. Tentatzaileak ez du aipatu ezertan ere balizko jendetza hori. Proposatu duena, Jesusen eta Jainkoaren aingeruen artean bakarrik gertatuko litzateke. Horregatik, zehatzagoa dela ematen du tentazioa beste honetan datzala esatea: Jainkoari probak eskatzean, Jesusi gomendatutako misioa baietsiko luketenak. Gu ez gaude honetara jarriak, baina Itun Zaharrean gauza tipikoa da hori, segidako adibide hauek adierazten dutenez: Moises (Ir 4,1-7), Gedeon (Ep 6,36-40), Saul (1 Sm 10,2-5) eta Akaz (Is 7,10-14). Eginkizun zail baten aurreko beldurraren eta ziurtasun-ezaren erantzun bezala, Jainkoak mirarizko seinale bat ematen dio hautatuari, gomendatu zaion misioaren baiesle. Seinaleak desberdinak izan daitezke: makila magiko bat (Moises), gaueko harrigarrizko bi ihintz (Gedeon), askotariko seinaleren multzoa (Saul), edota mirari handi bat zeru goian edo lur hondoan (Akaz). Inporta duena, seinale bat eskatzeko eskubidea da, eginkizuna betetzeko lasaitasuna emango duena eta betetzera animatuko.
Jesusek, bere misioa hasteko puntuan, eta tentatzailearen arabera, eskubidea du antzeko seinale bat eskatzeko. Sal 91,11-12aren promesean oinarrituz («aingeruei agindua die zeure bideetan gorde zaitzaten; airean eramango zaituzte zure oinak harrian estropezu egin ez dezan»), tentatzaileak proba ikusgarri eta zehatz bat proposatu dio Jesusi: bere burua tenpluko hegaletik behera botatzea. Horrela argi gertatuko da Jainkoaren Semea den ala ez. Jesusek, jakina, ez du onartu jarrera hau, eta uko egin dio tentazioari Deuteronomioko testu honekin: «Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa» (Dt 6,16). Deuteronomio 6,16 hori, ordea, esplizituagoa da: «Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa, probatuz, Masa-n (Tentazioa) egin zenuten bezala». Zenbakiak liburuko 17,1-17ko pasadizoari egiten dio aipu. Itxuraz, han auzitan dagoen arazoa egarriarena da; baina azkenean garbi ageri da, benetako tentazioa Jainkoaren presentzia eta babesa dudan jartzean datzala: «Gurekin dago ala ez Jauna?» (7. txatala). Hondo-hondoan, edozein seinale- eta mirari-eskarik duda bat izaten du ezkutuan Jainkoaren babesaz. Jesus ez da horrelakoa. Honen jarrerak askoz gainditzen du Moisesena bera ere.
Hirugarren tentazioa: garaitu nahia
Hirugarren tentazioa −zirt edo zart egin du tentatzaileak− boterea eta aintza bilatzean datza, berekin duen arren idolatria-egintza bat ere. Ez da presako premiak edo beldurrak eragindako tentazioa, baizik eta garaitu nahi izateak. Jesusek, Dt 6,13 aipatuz, uko egin dio Satanasek ezarritako baldintzari.
***
Mateorentzat, basamortuko Jesus basamortuko Israelen alderantzizkoa da. Basamortuko aldi hartan, herria aise erori zen ibilaldiak berekin zituen saihestezineko probetan: gosea, egarria, etsaien erasoak. Dudan ipini zuen Jainkoaren laguntza, kexu agertu zen zailtasunetan. Jesusek, Israel berriak, tentazio latzagoen menpe izanik ere, garaitu egin ditu. Eta gainditu, ez teoria berrietara edo esperientzia pertsonaletara joz, baizik eta Israelen fedearen oinarrizko baieztapenak bere egin eta aintzat hartuz, Moisesek Deuteronomio liburuan proposatu zituenez. Ondorioz, Mateoren eta honen elkartearen judu garaikideek ez dute eskubiderik beraien fundatzailea, Jesus, ez zaiola atxiki benetako espirituari esanez akusatzeko. Jesus da Jainkoaren benetako Semea, bakarra Jainkoari une guztietan atxiki izan zaiona.
Historikotasunaren problema
Mateoren kontaerak, gertaera historikoez ala fikzioez ari den galdetu beharra dakarkigu. Izan ere, tentatzailearekin izandako elkarrizketak, hiri santura egindako bidaiak eta mendi garai batera egindakoak ez dute ematen ezer historiko diren.
Merezi du kontuan hartzea, laugarren ebanjelioak ez dakarrela tentazio hauen pasadizorik; halere, Jesusen bizitza guztian aipatzen ditu tentazioak. Bortitzena boterearena da, galilearrek Jesus errege izendatu nahi izan duten hartan. Eta edukiz, ez formaz, antzeko tentazioak Jesusen bizitzako azkenean errepikatzen dira, gurutzean: «Jainkoaren Semea bahaiz, salba hadi eta jaitsi gurutzetik» (Mt 27,40). Azken tentazio hauek interes handiko beste datu bat iradokitzen digute: tentatzaileak gizakiak dira, eta ez Satanas.
Azken laburpena
Tentazioa gauza erreala izan da Jesusen bizitzan. Benetako gizakia izateagatik.
Mateok gai hau garatu nahi izan du, hasieratik garbi uzteko, nola ulertu duen Jesusek Jainkoaren Seme izatea: ez pribilegio bezala, baizik zerbitzu bezala.
Hondoan, hiru tentazioak bakar batean biltzen dira: Jainkoaren aurretik jarri nahi izatean, norberaren premiak, beldurrak eta gustuak Jauna baldintzarik gabe zerbitzatzearen gainetik ipini nahi izatean, haren laguntzaz mesfidatuz edo hura alde batera utzi nahiz.
Tentazioek badute beste balio bat ere gutako bakoitzarentzat eta kristau-elkarte osoarentzat. Geure premien, beldurren eta gurarien aurrean dugun jarrera eta Jainkoarekiko dugun zaletasun-maila aztertzeko balio digute.
José Luis Sicre