Familia Santuaren Jaia C (2015-12-27)
HOMILIA

Anai-arrebok!

«Ni ikusten nauenak Aita ikusten du» esango digu Eguberrialdian ospatzen dugun jaioberriak, Jesusek.

Tentazioa izan ohi da, Familia Santuaren Jaia ospatzean, gure familiez hau eta bestea esanez jarduteko. Are zoritxarragoa izango litzateke egun honetaz baliatzea, sortzen ari diren familia edo elkarte berrien kontra Olinpo menditik trumoi-tximistaka jardutea.

Ez da hori gaurko jai honen izaera eta zentzua. Eguberrialdiko jaia da. Eguberriko misterioaren alderdietako bat bizitzeko aukera da. Hain zuzen, Eguberrialdia esatean, Jainkoa gizon egin izanak duen askotariko izaera aztarrikatzea, hausnartzea, ospatzea, bizitzea esan nahi dugu.

Eguberri jai honek oso berandu hartu zuen gaurko forma. Laugarren mendean hasi ziren kristauak Eguberri jaia ospatzen; batetik, erromatarrek ospatu ohi zuten Natalis solis invicti (Garaitu ezineko Eguzkiaren Sorrera) ordezkatu nahian; bestetik, garaiko Kristori buruko arazo teologikoak zirela eta. Gerora, Asisko Frantziskok berotasun handiagoa eman zion jaiari, Greccion Jaiotza eta Sehaska eratuz.

Nolanahi ere, Eguberri bezperako mezatik Epifania eguneko mezara bitarteko liturgiak oso aberats agertzen digu Jesusen Jaiotzaren misterio hau. Testuinguru horretan ospatu eta bizi beharko genuke gaurko jai hau ere: Familia Santuaren Jaia.

Jainkoa armarik gabe, botererik gabe, dirutzarik gabe etorri da mundu honetara. Amaren eta aitaren beharra izan du. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Horrenbestez, hiru protagonista ospatzen ditugu jai honetan: Andre Maria, dena prest haurraren zerbitzari izateko; San Jose, dena prest haurraren zerbitzuan amari laguntzeko; Jesus haurra, dena prest amaren eta aitaren zerbitzua apal-apal onartzeko.

Eta guri dagokigularik, zer? Asisko Frantzisko aipatu dudanez, zilegi bekit berari beste aipamen bat egitea. Greccioko Jaiotzan Frantziskok idia eta astoa gehitu zituen. Santuaren apeta edo kapritxo huts bat? Itun Berrian, Jesus Haurraren kontakizunetan ez dira aipatzen animalia horiek. Alabaina, gutako askok baino hobekiago zekiten, nonbait, Frantziskoren garaian, Itun Zaharraren eta Berriaren lotura egiten. Hona zer datorren Isaias profetaren 1,3an: «Ezagutzen du idiak nagusia, baita astoak ere nagusiaren aska; Israel herriak, ordea, ez du ezagutzen, nire herriak ez du aditzen».

Frantziskok, nonbait, Isaiasen lantu horri egin nahi dio erreferentzia. Eta liturgiak gaur, Familia Santua ospatzean, hau adierazi nahi digu: Jainkoaren Semea gizon egitean Jainkoak agertu digun maitasun miresgarri hori geure familian bizitzen saiatu beharko genukeela, gure familiako maitasunak Jainkoaren maitasunaren isla edo errainua izan beharko lukeela. Gai izan beharko genukeela geure egilea ezagutzeko, Isaiasen garaiko Israel herri zaharrak ez bezala.

Hitz batean esateko, gizon egin den Jainkoaren Semea ezagutu, ispilutzat hartu, ondratu, eta etsenplutzat hartzen gai izan beharko genukeela. «Ni ikusten nauenak Aita ikusten du» esango digu, geroago, Eguberrialdian ospatzen dugun jaioberriak, Jesusek.

DIONISIO AMUNDARAIN