EGUBERRI ONDOKO IGANDEA B
FAMILIA SAINDUA
Lehen irakurgaia
( Jainkoak Abrahami ondorea hitzemaiten )
Etorki liburutik 15, 1-6; 21, 1-3
15,1 Jaunaren hitza etorri zitzaion Abrahami ikuspen batean:
“ Ez beldur izan Abraham! Ni naiz zure erredola.
Biziki handia izanen da zure saria.”
2 Abrahamek ihardetsi zuen:
“Jauna, ene Jainkoa, zer emanen dautazu?
Banoa haurrik gabe…
3 Ez dautazu ondokorik eman,
eta nere etxeko mutil bat izanen dut ondoko.”
4 Orduan Jaunaren hitz hau etorri zitzaion Abrahami:
“Ez da hori izanen zure ondoko, bainan zure odoleko norbait.”
5 Gero, kanpora aterarazi eta erran zion:
“ Beha zerurat eta konda izarrak, ahal baduzu…”
Erran zion ere: “ Hoinbeste izanen dira zure ondokoak.”
6 Abrahamek sinetsi zuen Jaunaren baitan,
eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.
21,1 Sararen alde agertu zen Jauna, berak erran bezala;
Jaunak bere hitzaren arabera egin zuen Sararentzat.
2 Haur beharretan gertaturik,
Sarak seme bat eman zion Abrahami bere zaharrean,
Jainkoak erran denboran.
3 Eta Abrahamek izen bat eman zion Sarak sortu zion semeari:
Izaak deitu zuen.
Gure sinestearen erroen hastapenak zaizkigu hemen emanak, Abraham-en historia zaukularik aipatua.
Gizon hau egun Irak deitu erresuman sortua zen,1850 urte inguru Kristo aitzin.
Dena Hasierako 12. kapituluan hasten da, oraino Abram deitzen denari Jainkoak lehen dei bat egiten
diolarik : “Utzazu zure lurra, zure ahaideak eta zure Aitaren etxea eta zoazi nik erakutsiko dauzutan
lurralderat… biziki handia izanen da zure saria : ondokotzat zure odoleko norbait izanen duzu…Abrahamek
sinetsi zuen Jaunaren baitan, eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.“
Gizarteak Abrahamekin egin du nehoiz egin duen urratsik handiena. Gizon horrek hiru gauza aurkitu
ditu: Fedea, Elkargoa eta Zuzentasuna.
Fedea : „Abrahamek sinetsi zuen Jaunaren baitan.“ Horrek erran nahi du fedea oroz gainetik
harreman bat dela, norbaiten baitan emaiten den konfiantza, ez adimenduari esker arrazoimendu hutsez bildu
segurtamen bat. Fedea historia bat da, bakotxaren bizian finkatua eta geroari idekia. Abraham aitzin gizonak
jainkoen ondotik zabiltzan. Abraham ohartu da Jainkoa zabilala gizonaren ondotik, hunekin elkargo egin
nahiz.
Elkargoa. Jainkoak dio elkargoa (adiskidetzako hitzarmena) gizonari proposatzen eta ez bertzalderat
gizonak Jainkoari.“ Ez beldur izan Abraham! Ni naiz zure erredola (geriza).“ Abraham izena emanez, lehen
Abram deitzen zenari, Jainkoa hunen biziaren barne barnean sartu da. Abraham izenak jendetze handiaren
Aita erran nahi du.
Zuzentasuna. „ Eta Jaunak zuzentzat hartu zuen…“ Zuzena da Jainkoaren asmoarekin bat egiten
duena, behar bezalako erantzuna emaiten duena. Eta Jainkoak erantzun hori nahi du, ez ditu gauzak bakarrik
egin nahi, bainan gizonaren partaidetzarekin.
Abrahamen semea Isaak deitzen da. Izen horrek « Jainkoak irri egin » erran nahi du. Irri horrek
Jainkoaren zoriona du azaltzen, Jainkoaren zoriona da Abraham eta hunen emazteak, beren zaharrean, seme
bat ukan dezaten eta hunen ondokoak zeruko izarrak bezenbat izan diten…
Salmoa 104
Leloa: Jaun zerukoak ez du ahanzten batasuna
Jaunari kanta, gora kanta:
Haren izena zeru lurretan handi baita.
Herriak oro dei, bil-eta
Jaunak eginak aipatuz egin denek besta.
Bai kantu hari, soinu hari:
Erran zoin diren haren egintzak miragarri.
Haren izena boz-iturri
Jaunaren bila ibilki diren bihotzeri.
Gure Jainkoak zer ahala:
Haren zeruko begitartea denek bila.
Orroit zaitezte zor bezala
Miragarriak nasaiki egin dauzkigula.
Abraham seme garelako,
Jakobtar eta haren gizonak baigitzaizko.
Eztu ahanzten batasuna
Menderen mende betierekotz dirauena .
Abrahameri hitzemana
Izaakeri goraki dio zin egina.
Mila urte Kristo aitzin David erregeak Jerusaleme hautatu zuen hiriburutzat. Hor aldare bat
eraiki zuen eta elkargoaren kutxa leku egokian ezarri. Kutxa horren inguruan, Jainkoari doazkion
ospakizunak segurtatzeko, apezak eta levitak eman zituen.
Salmo hunek Jainkoak Izraelekin duen elkargoari atxikitzen dion leialtasuna kantatzen du.“
Jaunari kanta…Jaunak eginak aipatuz egin denek kanta…Orroit zaitezte zor bezala miragarriak
nasaiki egin dauzkigula…“
Miragarri horiek zer diren emana da gero : “Abrahamekin egin zuen elkargoa…Zuri dauzut
emanen Kanaan lurraldea, hura da zuen ondare-zatia…Jo zituen Egiptoko lehen seme guziak…Zilar
eta urrez beterik atera zituen Izraeldarrak ( Egiptotik)…Zeruko ogiz ase zituen…Harroka ideki eta
ura atera zen…Nazione arrotzen lurraldeak eman ziozkaten eta herrien ontasunez jabetu ziren, haren
arauak bete eta legeak bete zitzaten…“
Bainan Jainkoa orroitu bada Izraelez, hunek ere, ordainez, Jainkoaz orroitu behar du. Gogorat
heldu da Ama Birjinak Magnificat laudoriozko kantu ederrean dioena : “ Zein handi nitan Jainko
Jaun guziz indartsua, Haren izena zein Saindua! Urrikalmenduz betea dago mendez mende sineste
duten Jendeen alde…Behatu dio Izrael bere jendeari, lehen bezala urrikari. Erran baitzuen gintuela
gu lagunduko Izraeldarrak sekulako!“
Bigarren irakurgaia
( Mesiasen arbasoen fedea )
Hebrearreri epixtolatik 11, 8. 11-12. 17-19
8 Fedeari esker, Abrahamek Jainkoaren deiari obeditu zion:
ondoriotasunez ukan behar zuen lurralderat abiatu zen.
Abiatu zen norat zoan jakin gabe.
11 Fedeari esker, Sarak ere ukan zuen amatzeko ahala,
nahiz-eta adinean joana,
agintza egin ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.
12 Horra zergatik, gizon bakar batenganik,
hura ere ja hila zena, seme ainitz sortu zen,
zeruko izarrak bezainbat,
eta itsas bazterreko ezin kondatuzko legar pikor bezainbat.
17 Fedeari esker, Abrahamek,
frogatua izan zelarik, eskaini zuen Izaak.
Eta bere seme bakarra eskaintzen zuen,
agintzak ukanak zituelarik,
18 eta erran hau entzuna:
“ Izaaken bidez sortuko da zure izeneko ondoregoa. ”
19 Alabainan uste zuen hilak ere pitz ditzazkela Jainkoak ;
horrengatik, semea berreskuratu zuen, horren ezaugarri bezala.
“Fedeari esker” hiru aldiz bederen errepikatua da. Fedeari esker, Abrahamek Jainkoari
obeditu zion…Fedeari esker, Sarak ere ukan zuen amatzeko ahala…Fedeari esker, Abrahamek,
frogatua izan zelarik, eskaini zuen Isaak…
Zer da bada fedea ? Fedea da sinestea Jainkoak ez duela gure ongia baizik nahi, zorionerat
gaituela ereman nahi, eta dugun guzia Haren opari bat dela. Jainkoak diolarik “Zoaz” gure itzulpenek
dioten bezala, xuxenago litaike emaitea :” Zoaz zuretzat”, zeure ongiarentzat.
“Abiatu zen norat zoan jakin gabe…” Sinestea hori da ere, denak ez baitira argi abiatzen
girelarik, konfiantza egitea, Aitak( zerukoak) ez gaituela galtzerat utziko… konfiantza hori gabe
nolaz bikote bat engaia ditaike bizi guziko edo berdin norbeit apez edo seroratzeko bidean sar litaike
Haren eskuetan bere bizia eman gabe ? Alabainan sekulan baino gehiago geroa denentzat itsu da
gaur egun.
Abrahamen ondotik, zenbait menderen buruan, Mariak ere sinetsi zuen haur bat ukanen zuela.
Jainkoarentzat deus ez baita „ezin eginik“.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Benedikatua Jaunaren izenean datorrena!
Jainkoa da, Jauna, guri argi egin daukuna!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 22-40
22 Moisen legearen arabera
garbiketaren egiteko egunak bete zirenean,
burasoek Jerusalemerat ereman zuten Jesus, Jaunari eskaintzeko,
23 Jaunaren legean izkiriatua baita:
“ Lehen seme guziak Jaunari sagaratuko zaizkio.”
24 Jaunaren legeak erran oparia ere eskaini zuten:
uso-tortoil pare bat, edo bi uso ttipi.
25 Bazen Jerusalemen Zimeon izeneko gizon bat,
gizon zintzo eta jainkozalea,
Izraelen Kontsolamenduaren beha zagona.
Eta Izpiritu Saindua berekin zuen.
26 Izpirituak aditzera eman zion,
ez zela hilen, Jaunaren Mesias ikusi gabe.
27 Izpirituak eraginik, Tenplurat etorri zen.
Burasoek Legeak manatzen zuenaren betetzeko
Jesus haurra Tenplurat ekarri zutelarik,
28 Zimeonek haurra besoetan hartu zuen,
eta Jainkoa benedikatu, erranez:
29 “ Orai, Jauna, zure zerbitzaria joaitera utz dezakezu,
hitzeman duzun bezala, bakean.
30 Nere begiek ikusi baitute zure salbamendua,
31 herri guzien aitzinean zuk prestatua:
32 nazioneen argitzeko argia,
eta zure herri Izraelen ospea.”
33 Haurraren aitamak harriturik zauden haurraz erraiten zenaz.
34 Zimeonek benedikatu zituen,
eta haurraren ama Mariari erran zion:
“ Beha: haur hau Izraeldar ainitzen
erorbide edo altxabide izaiteko ezarria da.
Eztabada sortzen duen ezaugarri izanen da.
35 – Zuri ezpata batek aldean beste zilatuko dautzu arima.-
Horrela ainitzen asmo gordeak agerian geldituko dira.”
36 Bazen ere emazte profeta bat,
Ana, Fanuelen alaba, Azerren leinukoa.
37 Adin handikoa zen:
zazpi urtez senarrarekin bizi ondoan,
alargundua zen, eta lauetan hogoita lau urte zituen.
Ez zen Tenplutik urruntzen,
gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuela, barur eta otoitzean.
38 Ordu berean etorririk, Jainkoa goresten zuen,
eta haurraz mintzatzen hasi zitzaioten
Jerusalemen librantza igurikatzen zuten guzieri.
39 Jaunaren legeak manatu guzia bete zutenean,
Galilearat itzuli ziren, Nazaret beren herrirat.
40 Haurra handituz eta azkartuz zoan,
zuhurtziaz betetzen ari zela,
eta Jainkoaren grazia berekin zuen.
Ebanjelio hau irakurtzen duena ohartzen da Izrael populuaren historia Salbamenduaren historia dela.
“Legea” hitza aipatua da ainitzetan. Testamendu Zaharrekoa : “ Moisen legearen arabera…Jaunaren
legean izkiriatua baita…Jaunaren legeak erran oparia…Burasoek legeak manatzen zuenaren
betetzeko…Jaunaren legeak manatu guzia bete zutenean…“ Jesusen munduratzea Testamendu Zaharreko
legeen ingurumenean obratu da. Erran dezagun “Izpiritu” hitza ere hiruetan bederen ekarria dela.
Ebanjelio hunen erakaspen bat da ere Jesus juduen historian iragarria zela. Huna zer dioen Isaiasek: „
Huna nere zerbitzaria…Hunen gainean ezarri dut neure Izpiritua…Nazioneeri juztizia ekarriko
diote…Salbamenduaren ekartzeko deitu zaitut…nik moldatu zaitut, izan zaiten herriarentzat elkargo eta
nazioneentzat argi…“ Bainan hau ere iragarria zuen profeta horrek berak Jesusez : “Ainitzak behaztopatuko
dira; erori eta minartuko dute; saretan bilduak eta arrapatuak izanen dira.“(Is 8,15) . Nolaz ez pareka
profezia hori Simeonen solasekin : “ (Jesus) Erorbide eta altxabide izaiteko ezarria da…eztabada sortzen
duena izanen da.“