Eguberri zortziurreneko igandea
Familia Santua 2020-12-27
Esan ohi da familia krisian dagoela. Elizaz egindako ezkontzak, baita herri-ezkontzak ere, nabarmenki ari dira gutxitzen; dibortzioak eta apartatzeak ugaltzen ari dira. Familia Santuaren Jai honetan, espero dugu irakurgaiek geure familia-bizitza bizitzera animatuko gaituztela. Eta hala gertatzen da lehen bi irakurgaiekin; ebanjelioak, ordea, ezusteko bat dakarkigu.
Seme-alaba helduak eta guraso adin handikoak (Eklesiastiko 3,3-7.14-17a)
Kurioski, lehen irakurgaia ez doakie gurasoei, baizik eta seme-alabei. Baina ez seme-alaba gaztetxoei, baizik eta helduei, ezkonduei, adin handiko gurasoekin bizi direnei (sarritako gauza K.a. II. mendean). Jesus Ben Sirak-en testuak (Eklesiastiko liburuaren idazleak) jakindakotzat ematen du seme-alaba horiek aski baliabide ekonomiko dutela eta baita bizipen erlijiosoa ere. Otoitz egiten duten pertsona dira eta Jainkoari beren bekatuengatik barkazioa eskatzen diotenak. Baina arrakasta, maila guztietan, Ben Siraken arabera, adineko beren gurasoei ematen dieten tratuaren baitan dagoke. Segurtasun Sozialik ez zen garai hartan, «aita eta ama ondratzeak» gurasoei laguntza ekonomikoa ere eskaintzea eskatzen zuen. Baina ez hori bakarrik. Aitari eta amari eskainitako begirune eta txera-jarrera da otoitza entzuna izateko bermea eta bekatuak «antzigarra eguzkiaren beropean bezala desegitearena».
Senarrak, emazteak, seme-alabak eta gurasoak (Kolosarrei 3,12-21)
Kolosarrei gutunaren testua kristau-elkarte ororentzat balio duen aholku-sail batekin hasten da, biok nabarmentzen direlarik: elkarrekiko maitasuna eta Jainkoarekiko esker ona. Baina emazteei, senarrei, seme-alabei eta gurasoei emandako azken aholku laburrengatik hautatu da gaurko jai honetarako.
Gaur egungo kulturan, aholku horietan problematikoena emazteei dagokiena da: «bizi zaitezte zeuen senarren agintepean». Baina erromatar inperioaren egoeran, lehen mendean, batez ere klase altuko emazteek independentziaz harrotzen eta beren bizitza senarragandik aparte antolatzen zutenean, ez zen harritzekoa gutunaren idazleak kristau emazteari beste portaera bat eskatu izana. Senarrei emandako aholkuak, emazteak maitatzekoak, alegia, eta beraiekin zakar ez izatekoak balio osoa du genero-indarkeria ugari den gure garai honetan. Gurasoei eta seme-alabei emandako aholkuak bien arteko harremanen ideala iradokitzen dute: gustura obeditzen duen semea edo alaba, bere aginpidea garrasika eta irainka ezartzen ez duen aita.
Ebanjelio atipiko bat (Lukas 2,22-40)
San Lukasek jakin balu, mendeak geroago, Familia Santuaren Jaia eratuko zutela, luzatu egingo zuen agian gaurko bere ebanjelioko azken esaldia: «Haurra haziz zihoan eta sendotuz, eta jakinduriaz betetzen ari zen, eta berekin zuen Jainkoaren onginahia». Baina ez zuen idatziko eszena tipikoa zeinetan Jose zerraz lan ari baita eta Maria, eserita, josten ari baita, haurrak aitari laguntzen diolarik. Lukasek ez ditu gustuko eszena erromantikoak, aho gozo uztera mugatzen direnak.
Ez baitzuen idatzi balizko eszena hori, liturgiak aski bitxia den ebanjelioa aukeratu behar izan du. Izan ere, Familia Santuaren Jai honetan, pertsonaia garrantzizkoenak bi ezezagun dira: Simeon eta Ana. Jose ez da aipatzen ere, izenaz behintzat (soilik «Jesusen gurasoez» mintzo da, eta geroago «beraren aitaz eta amaz»). Haurrak berrogei egin bakarrik ditu, eta ez du ezer esaten, ez egiten, ezta negar ere. Soilik Maria nabarmentzen da era berezian Simeonek esan dizkion hitzez.
Halaz guztiz, familiaz dugun datu-eskasia eta guzti, bada xehetasun bat Lukasek asetzeraino azpimarratu duena: lau bider errepikatu du Jaunaren Legean agindua betetzeaz kezkatua dagoen ezkontza-bikotea dela Joserena eta Mariarena. Egundoko garrantzia du datu honek. Jesus, askok judu gaizto eta Moisesen Legearen etsai izateaz salatuko dutena, familia otoizlari eta eredugarrian jaio eta hazi zen. Itun Zaharra eta Itun Berria, biak bateratzen dira etxe horretan, haurra hazten eta indartzen doan horretan.
Zeregin bera betetzen dute Simeonen eta Anaren irudiek. Biak dira israeldar peto-peto, jainkozaletasun tradizional eta benetakoaren eredu. Eta biek ikusi dituzte beterik Jesusengan beren esperantzarik handienak.
Azken ezustekoa
Gaurko irakurgaiak gai erdigunekotzat familiaren gaia hartuz hasi dira; bukaeran, ordea, Jesusi eskaini diote arreta.Oinarrizko bi xehetasunez:
1.-Jesus da garrantzia duena. Simeonen eszenak Mesias bezala aurkeztu du, salbatzaile, nazioen argi, Israelen aintza bezala. Anak Jesusengan jarri du esperantza, Jerusalem liberatuko duela. Jose eta Maria garrantzizkoak dira, baina bigarren mailako.
2.-Jesus nahasmendu eta larritasun-eragile da. Simeonek hartaz esan duenak nahastarazi eta miretsarazi egin ditu Jose eta Maria. Baina azken honi iragarri dio gauzarik latzena. Ama orok nahi izaten du beraren semea maitatua eta errespetatua izatea, berarentzat poz-iturri izatea. Aitzitik, Jesus pertsonaia eztabaidatua izango, batzuek onartua, beste batzuek ukatua, eta berari, Mariari, ezpata batek zeharkatuko dio bihotza. Lukas aurreratzen ari da zer izango den Mariaren bizitza, ez soilik gurutzearen oinean, baizik eta beraren bizitza osoa.
Jose Luis Sicre